Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Donostiak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio hiria Bizitegi Merkatu Tentsionatutako Eremu izendatzeko
Indarrean sartu aurretik, Eusko Jaurlaritzak eskaera onartu beharko du eta Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioak Foru Ogasunak eman beharreko informazioarekin Erreferentzia Prezioen Indizea ezarri beharko duTokiko Gobernu Batzarrak onartu du Eusko Jaurlaritzari eskatzea hiria bere osotasunean Bizitegi Merkatu Tentsionatutako Eremu izendatzeko. Donostiako alkate Eneko Goiak eta Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotzi Nekane Arzallusek agerraldia egin dute azaltzeko eskaera egiteko prozesua, hiria bere osotasunean Bizitegi Merkatu Tentsionatutako Eremu izendatzeko arrazoiak eta izendapenak hiriko etxebizitza parkean izango dituen ondorioak.
Eneko Goiak esan du, aurkeztutako dokumentuak azken hilabeteetan prestatu direla urgentziazko prozeduraren bitartez, Udalbatzarrak hala onartuta. Eta dokumentu horiek jasotzen dute Donostiak bere osotasunean betetzen duela Etxebizitza Legeak ezartzen duen irizpidea tentsionatutako eremu izendatzeko. Eta irizpidea honakoa da: "Alokairuaren kostuak aurrekontu pertsonalean edo bizikidetza-unitatearen aurrekontuan dituen batez besteko kargak, gehi oinarrizko gastu eta hornigaiek, familien batez besteko diru-sarreren edo batez besteko errentaren %30 gainditzea”. Horren harian, alkateak azpimarratu du, Donostia osorako adierazle hori %31,6 dela.
Donostiako Udalak bidali duen dokumentuak hiru zati ditu: justifikazio-memoria, hiriko etxebizitzaren diagnostikoa eta ezarri beharreko neurrien plan berezia. Donostiako Etxegintzak egin du diagnostikoa eta udal talde guztiekin, higiezinen sektorearen profesional eta elkarteekin eta hainbat gizarte-eragilerekin partekatu du. Bertan, berresten du hiria Bizitegi Merkatu Tentsionatutako Eremu izendatzeko beharra, izan ere, “udalerrian bizi diren biztanleentzat prezio eskuragarrian etxebizitza nahikoa ez izateko eta familia berriak sortzeko arrisku berezia dago”.
Hortaz, Donostiako alkateak honakoa adierazi du: “Justifikazio-memoriak eta diagnostikoak ondorioztatzen dute zailtasun handia dagoela hirian prezio eskuragarrian etxebizitza lortzeko, bereziki egoera zaurgarrian dauden kolektiboentzat. Horregatik, Donostiak eskatu du bere osotasunean Bizitegi Merkatu Tentsionatutako Eremu izendatua izateko, legeak aurreikusten dituen neurriak ezartzeko eta aurkeztutako neurrien plan berezia onartzeko, hiru urtetan – hasierako epea – desoreka horiek zuzentzeko”.
Ondorioak
Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotzi Nekane Arzallusek azaldu ditu Bizitegi Merkatu Tentsionatutako Eremu izendatzeak izango dituen ondorioak, behin Eusko Jaurlaritzak eskaera onartuta: “Lehen ondorioa izango du, ohiko etxebizitzarako alokairuaren prezioen arautzean, igoerak ekiditeko”.
Horiek horrela, jabe txikien, hain zuzen ere bost etxebizitza baino gutxiagoren jabe direnen, eta jabe handien, hau da, bost etxebizitza edo gehiagoren jabe direnen arteko ezberdintasuna egin du: “Lehen kasuan, dagoeneko alokairuan dauden etxebizitzetarako egiten diren kontratu berriak azken kontratuaren errentari mugatuak egongo dira, eta bakarrik %10eko igoera baimenduta egongo da 10 urte baino gehiago duten kontratuetarako edo baldin eta etxebizitzan birgaitzeak, energia eraginkorrean edota irisgarritasunean hobekuntzak egin badira. Aldiz, azkeneko bost urtetan alokatuta egon ez diren etxebizitzetarako egiten diren kontratuetan Erreferentzia Prezioen Indizeak ezarriko du alokairuaren prezioa, betiere etxebizitzaren kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuta”.
Jabe handien kasuan, Arzallusek honakoa nabarmendu du: “Etxebizitza aurretik alokatu izan ala ez, Erreferentzia Prezioen Indizeak ezarriko du alokairuaren zenbatekoa”. Horren harian, azaldu behar da, Donostian 94.973 etxebizitza daudela, eta horietatik %3,1 (3.017) 311 jabe handien esku daudela, eta jabe horiek gehienbat pertsona fisikoak direla (%62).
Indarrean dauden kontratuei buruz, jabea txikia ala handia izan, maizterrek urtebeteko hiru luzapen eskatu ahal izango dute baldintza beretan.
Etxebizitza plana
Amaitzeko, Nekane Arzallusek azaldu du, Eusko Jaurlaritzari aurkeztutako dokumentazioak etxebizitza-plana duela, eta plan horren helburua honakoa da: “Hiriko etxebizitza-parkeak baldintza egokiak izatea bizigarritasunari, segurtasunari, irisgarritasunari, efizientzia energetikoari, malgutasunari eta aniztasunari dagokienez, eremu horiek herritar guztien beharrei erantzuteko gai izan daitezen eta etxebizitzaren ordainketa bizikidetza-unitateen diru-sarreren % 30 baino txikiagoa izan dadin.”
Horretarako, Planak lau ardatz estrategiko proposatzen ditu: alokairu eskuragarri sustatzea; eraikitako parkearen eta hiri-berroneratzearen gaineko jarduketak egitea; alokairurako prestazioen eta dirulaguntzen sistema ezartzea; eta gobernantza-sistemak eta erakundeen arteko koordinazioa indartzea”. Horrenbestez, Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotziak honakoa gaineratu du: “Gobernu Programak jasotzen dituen lau ardatz dira hauek, hain zuzen ere, dagoeneko lantzen ari garen lau ardatz donostiarrei gehien kezkatzen dituen gaiari erantzunak emateko”.
Ildo beretik, Nekane Arzallusek azpimarratu du, 2027 arte 1.900 etxebizitza berri egitea aurreikusita dagoela, eta horietatik %50 baino gehiago babes publiko mailaren bat izango dutela.
Nabarmenak...
Berria
2024/11/11
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Andoain
2024/10/16
EBB
2024/09/29
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31