Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/10/30

Fiskalitate sustatzaile, justu eta berde baterako akordioa lortu dute jeltzaleek udal gobernuarekin

EAJ-PNVk 2025erako ordenantza fiskalak babestuko ditu gaurko osoko udal batzarrean
Fiskalitate sustatzaile, justu eta berde baterako akordioa lortu dute jeltzaleek udal gobernuarekin

Alderdi jeltzaleak egindako proposamenek “tokiko ekonomia sustatzea, trantsizio ekologikoan aurrera egitea eta Udalaren finantza-nahikotasuna hobetzea” ahalbidetuko dute. Gobernu-taldearen proposamenean jasotzen den % 3ko igoera orokorra “egoki” ikusten duela azaldu du Iker Laka bozeramaileak; izan ere, iaz onartu zuten % 1,9ko igoerarekin “motz” gelditu zirela egiaztatu ahal izan dute urte honetan zehar. “Guretzat aurrekontu-orekak garrantzia handia dauka, eta hori lortzeko tresnetako bat zerga politika da. Igoera-proposamen hau onartuta, besteak beste, Udalaren gaitasun ekonomikoa etorkizuneko apustuak egiteko prestatzen hasi gura dugu”, esan du. Horrekin lotuta, gogoratu du datorren urterako aurreikuspenen arabera Elgetak 1,2 milioi euro jasoko dituela Foru Funtsetik (UFFF), hau da, iaz baino % 28 gehiago.

Lakak, euren ekarpenei buruzko xehetasunak ematen hasi aurretik, bi talde politikoek hasiera-hasieratik eduki duten negoziaziorako jarrera eta akordiorako borondatea azpimarratu nahi izan ditu. Zergen atalean, iaz adostutako egutegi fiskalaren informazioa osatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute; ordainketarako borondatezko epealdiaz gain, hobariak eskatzeko epeak eta erabilera handiena duten udal zerbitzuen tasak jaso ditzan. OHZri dagokionez, jeltzaleek zerga hau igoera orokorretik salbuesteko eskatu zioten EH Bilduri eta, azkenean, % 1,5 bakarrik igotzea adostu dute. Ibilgailuen zergan (TMIZ), 30 urteko edo gehiagoko antzinatasuna duten ibilgailuei % 100eko hobaria kentzea lortu du EAJ-PNVk. “Edozelan ere, Trafiko Zuzendaritzan antzinatasun-baldintza hau behar bezala egiaztatuta duten ibilgailuei hobaria bere horretan mantenduko zaie”, argitu du Lakak. Eskatu duten beste neurrietako bat da Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ) % 50eko hobaria aplikatzea ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak jartzeko obretan. Azkenik, talde jeltzaleak “jarduera ekonomikoa erakarri eta enplegu berriak sortzeko asmoz”, honakoa adostu du EH Bildurekin Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ): Elgetan ezartzen diren enpresa berriei % 50eko hobaria aplikatzea jardueraren lehen urtean eta % 25ekoa bigarrenean, “betiere, lanpostu kopurua mantentzen edo handitzen badute”.

Tasa eta prezio publikoen atalean, iaz bi talde politikoek adostu zituzten bi aspektutan “aurrerapausoak” eman direla baieztatu dute jeltzaleek. Batetik, berauek eguneratzeko eta errealitatera egokitzeko lanketa egin da eta, bestetik, espazioen erabilera eta jarduerari buruzko ordenantza-zirriborroa prestatzen hasi da udal gobernua; etorkizunean lagungarri izango delako kirolari eta kulturari lotutako tasak horren arabera zehazteko. Bestalde, Lakaren arabera negozio txikiak “funtsezkoak” dira “herrigune bizi baterako, tokiko ekonomia dinamizatzeko eta elgetarrei zerbitzu hobeak eskaintzeko.” Horregatik, establezimenduak irekitzeagatiko edo lehen erabileragatiko tasa ezabatuko da merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzu profesionalen kasuan. “Gure apustua jarduera hauei ahalik eta erraztasun gehien ematea da, iaz EH Bilduk horretarako erreparoa adierazi bazigun ere”.

Zaborraren tasak eta beste proposamen batzuk

Hondakinen kudeaketari dagokionez, bozeramaile jeltzaleak azaldu du Europar Batasuneko zuzentarau baten ondorioz, zerbitzu honek defizitario izateari laga behar diola. Hau da, herritarrei kobratzen zaizkien tasekin osorik ordaindu behar dela zaborra bildu eta tratatzearen kostua. “Gogorra da herritarrei esatea % 35,57ko igoera onartzera goazela, baina guk ez dugu populismorik egingo gai honekin. Lege-eskakizun bat da eta, betiko moduan, erantzukizunez jokatuko dugu. Hala ere, erabaki zail honek beste aukera batzuk zabaltzen dizkigula sinesten dugu. Udalak ez duenez zerbitzuaren defizita estaltzeko beharrik edukiko, aurreztutakoa birziklatze-tasa igotzeko hobari eta kanpainetara bideratu ahalko dugu”. Beste proposamen batzuei dagokienez, EAJk eta EH Bilduk bat egin dute agintaldia amaitu baino lehen herriko enpresei ikuskaritza fiskal bat egitearekin. Azkena egin zenetik “denbora asko” pasa dela, eta udal tributuak kalkulatzeko erabiltzen diren zerga-elementuak “erregularizatzeko eta eguneratzeko beharra” dagoela nabarmendu dute jeltzaleek.

Azken puntu bezala, akordiotik kanpo geratu diren neurriak eman ditu aditzera Lakak. “Ibilgailuen zergan motore hibrido eta elektrikoen kasuistika ikusita, hobari-tarte ezberdinak garatzen dituen proposamena egin genuen. Udal gobernuak teknikoki zaila ikusten duela erantzun digu, iaz horretarako konpromisoa hartu bazuen ere”. OHZren errekarguari dagokionez ere ez da posible izan elkar ulertzerik lortzea: “EH Bilduk badaki neurri diru-biltzailea dela bakarrik, bistakoa baita ez dituela etxebizitza hutsak merkatura atera eta, gainera, diru hori ez da bideratzen etxebizitza politika aktiboak martxan jartzera. Guk errekargua bere horretan ez dugu ondo ikusten eta gaiari buruzko hausnarketa serio bat eskatzen dugu”. Amaitzeko, eta aurreko eskaerarekin lotuta, EAJ-PNVk denbora gehiago eskatzen dio alkateari gai inportanteak eta estrategikoak lantzeko: “ordenantza fiskalek, aurrekontuek eta epe ertain eta luzerako proiektuek hausnarketarako tartea eta elkarlan asko behar dute. Ezin gara korrika eta presaka ibili, gauzak patxadaz aztertu behar direlako; erabakiekin asmatu nahi badugu, behintzat”.        

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube