Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/10/24

Arrasateko EAJ-PNVk mugikortasun plan berriari buruzko herri kontsulta autobus geltokiaren kokagunera soilik ez mugatzeko eskatu du

EAJ-PNVk zalantzan jartzen du zergatik den herritarren kontsulta autobus geltokira soilik mugatzen den, eta ez diren sartzen EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasateren Mugikortasun Planak jasotzen dituen oinarrizko erabakiak, hala nola, oinezkoentzako kaleak edo kaleen noranzkoak.
Arrasateko EAJ-PNVk mugikortasun plan berriari buruzko herri kontsulta autobus geltokiaren kokagunera soilik ez mugatzeko eskatu du

Arrasateko EAJ-PNVk zalantzan jarri du EH Bilduren Udal Gobernuak eta Elkarrekin Podemosek mugikortasun plan berriari buruzko herri kontsulta autobus geltokiaren kokapenera soilik mugatzeko hartutako erabakia. Jeltzaleek uste dute gai hau ezin dela modu isolatuan tratatu, eta horregatik proposatu dio Udal Gobernuari herritarrei hitza ematea garrantzitsuak diren beste alderdi batzuetan, hala nola, hainbat kale noranzko bakarreko bide bihurtzeko erabakian, oinezkoentzako eremuetan edota 276 aparkaleku baino gehiago galtzeko erabakian.

"Ulergaitza iruditzen zaigu herri kontsulta bat autobus geltokiaren kokalekuan bakarrik zentratzea, bizilagunen eguneroko bizitzan zuzenean eragiten duten gainerako aldaketak herriak iritzia emateko jartzen ez diren bitartean", esan du Ander Garay EAJko bozeramaileak. "Ez dugu ulertzen zergatik ez den galdera kaleen nondik norakoak edo oinezkoentzako bideratzeaz ere egiten. Zein arrazoi ditu Udal Gobernuak gai hauen inguruan aldebakarreko erabakiak hartzeko eta erabaki horiek herri kontsultan ez sartzeko? Ez ditugu ulertzen Gobernu taldeak jarduteko modu honetan dituen interesak”.

Talde jeltzaleak defendatzen du Arrasateko mugikortasuna gai konplexua dela, ikuspegi globala eta bizilagunen parte-hartze aktiboa eskatzen dituen fase guztietan. Ez da kontsulta egin behar autobus geltokia gaur egun dagoen tokian geratu edo Garibaira eraman behar den jakiteko soilik, baizik eta baita udalerriko mugikortasunean, oinezkoen segurtasunean eta aparkalekuen erabilgarritasunean eragina izango duten neurriei buruz.

Autobus geltokiari dagokionez, EAJ-PNVk Zalduspen mantentzearen aldeko apustua egin du, non gaur egun egunean 500 autobus baino gehiago iristen diren bertara, eta horietatik erdiak ez du udalerriko erdigunea zeharkatzen. Garayk ohartarazi du “geltokia Garibaira eramanez gero, egunean 500 autobus baino gehiagok Arrasateko erdigunea zeharkatuko lukete, horrek dakarren arriskuarekin, bereziki eremu sentikorretan, musika eskolan, Kulturola eta Zaldibarko parkea. Horrek erdiguneko trafikoa areagotuko luke eta beharrezkoak ez diren arrisku egoerak sortuko lirateke. Ez dugu ulertzen zergatik gehitu nahi dion Udal Gobernuak zama hori herriaren erdiguneari irtenbide seguruagoak daudenean”, adierazi du Garayk.

EAJ-PNVk Zalduspeko geltokia mantentzea eta hiri-autobusen zerbitzua hobetzea proposatzen du, azkarragoa eta zuzenagoa izanaz, eta baita udalerriko eremu guztietan bizikleta eta patineteentzako bidegorri seguruak sortzea. “Mugikortasun eredu jasangarri bat nahi dugu, baina herritar guztientzat segurua eta eskuragarria ere izango dena”.

Gainera, Garayk nabarmendu du, oinezkoentzako 276 aparkaleku baino gehiago galtzen direla ikusita, ezinbestekoa dela Udal Gobernuak irtenbide zehatzak eskaintzea. “Aparkaleku guneen murrizketa ezin da inposatu alternatiba argiak eskaini gabe. EAJ-PNVtik Monterron parke aurrean egoilarrentzako lurpeko aparkalekua egitea proposatzen dugu, galera konpentsatu eta udalerriko irisgarritasuna hobetuko lukeen irtenbidea, eta hori herri kontsultan sartzea eskatu diogu gobernu taldeari", adierazi du.

Jeltzaleen iritziz, kontsulta ezin da autobus geltokira bakarrik mugatu. “Herritarrek eskubidea dute euren udalerriaren etorkizunean eragina izango duten alderdi guztien inguruan iritzia emateko. Kontsulta gai bakar batera mugatzea ez da nahikoa. Prozesu gardenagoa eta demokratikoagoa beharrezkoa da, herritarrek Mugikortasun Planaren funtsezko erabaki guztietan parte har dezaten”, amaitu du Garayk.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube