Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/10/09

EAJ-PNV Oñatik alokairua, zerbitzu publiko eskuragarriak eta jasangarritasuna sustatzen dituen zerga-politika proposatu du

Zerga eta tasa gehienak igoerarik gabe mantentzearen alde agertu dira jeltzaleak, OHZn hobari espezifikoak proposatuz etxebizitza hutsen alokairua bultzatzeko eta mugikortasun elektrikorako trantsizioa babesteko.
EAJ-PNV Oñatik alokairua, zerbitzu publiko eskuragarriak eta jasangarritasuna sustatzen dituen zerga-politika proposatu du

EAJ-PNVk 2025eko Ordenantza Fiskaletarako proposamenak aurkeztu ditu, etxebizitza hutsen alokairua eta jasangarritasuna bultzatzen dituen zerga politika bat aplikatzearen garrantzia azpimarratuz, aldi berean zerga karga beharrezko minimoetan mantenduz. Udal taldeak udal zergak eta tasak izoztea proposatzen du, hondakinen tasa izan ezik, hori %33,6ko igoerarekin araudiari egokitu beharko baita. EAJ-PNVren arabera, legezko betebehar horrek zerga eta tasa guztietan %3ko igoera dakar, beraz, gainontzeko zergek ez lukete igoerarik behar.

Oñatiko alderdi jeltzaleak, bigarren urtez jarraian, hainbat ekimen aurkeztu ditu etxebizitzen alokairua sustatzeko eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko. Proposamen hauek eragin positiboa sortu nahi dute bai alokairurako eskuragarri dauden etxebizitzen eskaintzan, bai energia garbien erabileran aurrera egiteko. Aurkeztutako neurrien artean nabarmentzen dira:

          • Etxebizitza hutsei %100eko IBI gainkarga kentzea, orain arte jabeak zigortzen zituena. Gainkarga hau hasiera batean alokairu eskaintza handitzeko pentsatua zen, baina eraginkorra ez dela erakutsi du. Neurri honen ondorioz, etxebizitza asko hutsik jarraitzen dutela da errealitatea.

          • Ez ohiko bizilekua izan arren, norbanakoen bidez alokatzen diren etxebizitzentzat %50eko IBI hobaria. Bizigune eta Alokabide bitartez alokatutako etxebizitzei parekatuta egongo lirateke. Proposamen honen helburua etxebizitza hutsak alokairuan jartzea sustatzea da, hobari sistema baten bidez, zigortzen jarraitu beharrean.

Proposamenak udal-politika espezifikoa behar du hura garatzeko. Alokabidek eta Bizigunek alokatzeko ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzak daudenez, Udal Gobernuari eskatzen diogu foru programetatik edo Eusko Jaurlaritzatik kanpo geratzen diren etxebizitzen alokairua sustatuko duen tokiko politika sortzeko.

          • Homologatutako ibilgailu elektrikoentzako karga puntu bat duten garajeentzako %50eko IBI hobaria. Neurri honek deskarbonizazioa bultzatu eta mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egitea bilatzen du, eraikinetan karga puntu elektrikoak gaitzearen garrantzia aitortuz.

IBIari lotutako proposamenez gain, alokairua sustatzeko lerroan, nazionalistek eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergan (ICIO) doikuntzak proposatzen dituzte:

          • Alokairurako etxebizitzak egokitzeko helburua duten obretan %90eko ICIO hobaria. Behin alokairuan jarrita, etxebizitza hauek murrizketa fiskal handi honen onura izango lukete.

Gainera, bigarren urtez jarraian, Zubikoa kiroldegiko tarifetan aldaketak proposatzen dituzte:

          • Kiroldegiko tarifa murriztuak jasotzeko adin muga handitzea, egungo 22 urtetatik 25 urtera arte luzatuz.

EAJ-PNVk herriko garapen jasangarri eta sozialarekin konprometitzen diren pertsonak saritzen dituen zerga politika baten alde egiten du, etxebizitzen alokairua eta mugikortasun elektrikorako azpiegiturak ezartzea bultzatzen duten pizgarriak eskainiz. Jeltzaleek, hondakinen tasaren igoera saihestezina dela eta, ezinbestekoa dela familiei eta oñatiarrei laguntzea hobariekin, bizi kalitatea hobetzea eta jasangarritasuna sustatzea azpimarratzen dute.

Gainera, Udalak herritarren eta tokiko eragileen lankidetza bilatzea funtsezkoa dela uste dute, herriaren benetako beharrei erantzungo dien zerga markoa garatzeko, Oñati jasangarriagoa eta sozialki arduratsuagoa bermatzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube