Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/09/25

Donostiak zientzia eta ezagutzaren hiri gisa duen posizionamendua berretsi du

Eneko Goia alkateak beste hiri batzuetako alkateekin egindako mahai-inguruan parte hartu du Malagan, GreenCities & S-Moving kongresuaren barruan
Donostiak zientzia eta ezagutzaren hiri gisa duen posizionamendua berretsi du

Donostiako Udalak zientzia eta ezagutzaren hiri gisa duen posizionamendua berretsi du Eneko Goia alkateak parte hartu duen mahai-inguru batean, gaur eta bihar artean Malagan egingo den GreenCities & S-Moving kongresuaren barruan. 

Goiak aukera izan du hiriak egiten ari den apustua partekatzeko eta defendatzeko, maila globalean I+Gn liderrak diren enpresak erakartzeari dagokionez. Izan ere, Donostian azken hamarkadan enplegu gehien sortu duen adar teknologikoa I+Gri dagokiona da, hain zuzen ere, eta hori ez da ikusten gainerako lurraldeetan, non hazkundea programazioari eta aholkularitzari zor baitzaio.

Horrela, Berrikuntza hirietan: neurtu aurrera egiteko izenburupean, Eneko Goiak mahai-inguru bat partekatu du Francisco de la Torre Malagako alkatearekin eta María José Catalá Valentziako alkatearekin, berrikuntzarako Cotec Fundazioko presidente Cristina Garmendiak moderatutako saio batean. Foro horretan, smart cities arloan dituzten jarduera-ildoak partekatu ahal izan dituzte, eta udalerrien etorkizunari buruz eztabaidatu dute.

"Donostia liderra izan da I+Gn enplegua sortzen, erakundeen arteko apustuari esker, lankidetza publiko-pribatuko ereduekin, azken 25 urteetan, ezagutzan, zientzian eta berrikuntzan oinarritutako gure hiria garatzeko. Dena bere Plangintza Estrategikoaren barruan, horrelako azpiegituretarako lurzoruaren garapena babestuz eta jarduera-ildo hori 2024-2027 Gobernu Planaren barruan Hiri Proiektuetako bat bezala kokatuz", nabarmendu du Goiak.

Gainera, bere hitzaldian, bilakaera horren elementu eragile eta garapen horretarako apustu gisa nabarmendu ditu honako hauek: ekintzaile zientifikoen presentzia hirian, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza, lehendik zegoen enpresa- eta teknologia-sarea, hezkuntzaren aldeko apustua eta horren ondoriozko prestakuntza-maila, eta lankidetza publiko-pribatua.

"Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, ekosistema horren garapena babestu eta sustatu du, denboran zehar apustu iraunkorra eginez, baliabide propioekin lan eginez eta funtsezko osagaiak elkartuz, hala nola talentua erakartzea eta garatzea, enpresa-proiektu berritzaileak indartzea eta haztea, eta tokiko ekosistemaren konexioak eta garapena sustatzea, ikuspegi globalarekin", azpimarratu du Goiak.

Cotec txostena

Datu horiek Berrikuntzarako Cotec Fundazioaren aurtengo otsaileko Enplegu Teknologikoaren Mapari buruzko azken txostenetako batek berresten ditu. Bertan, Donostia estatuko probintziako hiriburu gisa nabarmentzen da, I+Gn enplegu-intentsitate handienarekin, eta hiriak Estatu mailan ikerketan eta garapenean duen erreferentziazko posizioa berresten du.

Zehazki, hiriko afiliatu guztien % 2,34k I+Gn lan egiten du, eta Gipuzkoan, berriz, % 1,6k. Hiriaren zifrak, gainera, bikoiztu egiten du Euskadiko ehunekoa ( % 1,05) eta laukoiztu egiten du estatu osokoa ( % 0,57).

2016an, ehuneko hori % 1,57koa zen, eta horrek erakusten du azken urteotan arlo horretan aurrera egiteko egin den ahalegina, zientziaren eta ezagutzaren arloa hiriaren garapen ekonomikoaren apustu irmoa eta hiriaren lehiakortasunaren funtsezko bektorea izanik. Horren erakusgarri da hiriaren inbertsioa % 23 inguruko erritmoan hazi dela azken bost urteetan; hazkunde hori bizkortu egin da 2020 – 2021 bitartean, eta inbertsioak % 10 egin du gora ekitaldi bakar batean.

Donostia erreferente bihurtu da teknologia- eta ikerketa-diziplina ezberdinetan, eta erakargarritasun eta balio erantsi eztabaidaezina sortu du sektoreko entitate handientzat, hala nola Viralgen, VIVEBiotech, Mubil, Cidectec, Multiverse Computing, Basque Culinary Center, Donostia International Physics Center eta IBMren superordenagailu kuantikoa hartuko duen Basque Quantum-entzat, edo Miramongo Parke Teknologikoan, Eskusaitzetan edo udalerriko beste toki batzuetan bere espazioa aurkitu duten beste hainbatentzat.

Talentu gaztea

Donostiako alkateak mahai-inguruan izan duen hitzaldiaren beste gai bat Udalak Talentu Gazteari eta Hiriari buruzko lantalde bat sortzeko egin duen proposamena izan da. Donostia Sustapena izango da lantande horren buru eta helburua hiriei eta beren eragileei gaur egun gazteek dituzten erronkei eta horiek lurralde bakoitzeko eremu sozioekonomikoetan duten eraginari buruzko hausnarketa bateratua proposatzea da.

Goiak mahai gainean jarri duenez, "gaur egun, gazteek hainbat oztopo edo erronka konplexuri egin behar diete aurre, hala nola, bizitza-kostu handiari, etxebizitza eskuratzeari, lan-merkatuko lehia handiari, garapen profesionalean aurrera egiteko zailtasunei, aisialdi-espaziorik ezari edo lana eta familia bateragarria egiteari, besteak beste. Horregatik, hiriek banakako eta laneko garapena bateratuko duen erantzun integrala emateko duten gaitasuna funtsezkoa da gizarte inklusiboagoak eta oparoagoak sustatzeko, aukera-agertoki berriak eskainiz".

Ildo horretan datozen hilabeteetan egingo den lanaren ondoren, “Hirietan eta erakundeetan Gazte Talentua sustatzeko lankidetza-gida” egingo da. Gida horrek lan-esparru bat ezartzeko balioko du, "gazteen garapen integralerako ingurune aproposak sortzeko, eta arreta berezia jarriko da funtsezko hiru alderditan: prestakuntzan, enpleguan eta etxebizitzan, eta, horrez gain, jarraibide eta jardunbide egokiak jasoko dira, gazteen ikuspegia erakundeen eta eragileen politiketan txertatzeko".

GreenCities & S-Moving

Eneko Goiak mahai-inguru honetan parte hartu du GreenCities & S-Moving Foroaren esparruan. Foro hori Espainian egiten den topaketa nagusia da, eta eragile publiko eta pribatuak lotzen ditu hiri-eraldaketa eta mugikortasun adimenduna bultzatzeko, herritarrak eta iraunkortasuna ardatz hartuta.

Agenda instituzionala

Foro honetan parte hartzeaz gain, Goiak, Donostiako Sustapenaren bitartez,  agenda zabala du aurreikusita egun horietarako, bai beste erakunde batzuetako ordezkariekin, bai Malagako I+G sektoreko enpresekin.

Horrela, gaur arratsaldean hogeita hamar bat alkaterekin egingo den topaketa batean parte hartuko du (New York hiriko gerentea ere bertan izango da,) Cotec, RECI (Hiri Adimendunen Sarea) eta INNpulso (Zientziaren eta Berrikuntzaren Hirien Sarea) elkarteek antolatuta. Ondoren, alkateak Malagako Eduki Digitalen Poloa bisitatuko du, Alicia Izquierdo hiriko Berrikuntzako zinegotziarekin batera. Horretaz gain, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioko Planifikazio, Koordinazio eta Ezagutza Zuzendari den Elisa Riverarekin izan da.

Biharko jardunaldian, Iñigo Olaizola Donostiako Sustapeneko zuzendari gerenteak parte hartuko duen Hiriak hiri-laborategi gisa ponentziara bertaratzeaz gain, alkatea Andaluziako Parke Teknologikora joango da, eta bertan IKTen sektoreko hainbat enpresa bisitatuko ditu egunean zehar.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube