Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Ortuzarrek alderdikideak deitu ditu Alderdi Egunean izatera eta Forondan irekiko den prozesuan parte hartzera: “Hemen zuek erabakitzen duzue”
Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak hasiera eman dio gaur EAJ-PNVren kurtso politiko berriari, talde jeltzaleak Zarauzko Malekoian urtero egin ohi duen ekitaldian; Ortuzarrekin batera hitza hartu du Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba EgibarrekArgazkiak...
Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak "euskal agenda politikoa herri ikuspegiarekin martxan jartzeko beharra" azpimarratu du. Ildo horretan, EAJk bete izan duen lidergo papera aldarrikatu du: “Herri honen legamia izan da alderdia eta hala izaten jarraitu behar dugu Euskadiren etorkizuna bermatzeko".
Egibarrek gogoratu du EAJk batzar orokorra martxan duela eta bertan indartu behar dela alderdiaren proiektu politikoa, eta diskurtso eta praktika abertzalearen eskutik burutu behar dela prozesua. "Euskal nazioa eraikitzea da gure izateko arrazoia. Ez gara beste nazio bat eraikitzeko jaio, euskal nazioa eraikitzeko baizik", azpimarratu du. “Herria eta aberria defendatu, herritar guztiak eta euren giza eskubideak, ezbairik gabe, errespetatuz. Hori da gure altxorra”, erantsi du.
Nazio eraikuntzarekin eta giza eskubideen defentsarekin batera, Egibarrek "eraikuntza soziala, eredu sozio-ekonomikoa eta euskararen indartzea" ezarri ditu jeltzaleen proiektuaren lehentasun gisa.
Estatu ereduari buruzko eztabaidari dagokionez, burukideak azpimarratu du "irtenbidea euskal nazioaren eta nazio katalanaren izaera aitortzea dela, eta gure erabakiguneak errespetatzea". "Kontua ez da Euskadi eta Katalunia Estatuan nola egokitu; harreman politiko berri bat nahi dugu, berdintasunean eta errespetuan oinarrituta", laburbildu du. Puntu honetan, Euskal Herria existitzen dela eta erabakitzeko eskubidea duela defendatzen dugunon artean gutxieneko akordio batera iristeko beharraz mintzatu da.
Joseba Egibarrek balio komunitarioen garrantzia nabarmendu du eta, horretarako, Koldo Mitxelenaren esaldia ekarri du gogora: "Ez nik nahi dudana, guk behar duguna baizik".
EAJ-PNV sendoa behar da
“EAJ sendoa behar da, erakunde biziberritu eta eguneratu batekin, gure helburu abertzaleak berretsi eta helburu horiek lortzeko ibilbide orria ezarriko duen proiektu politikoarekin. EAJ-PNVk, beti egin duen moduan, bere proposamenak eguneratzen jakin beharko du, euskal gizarteak haiekin bat egin dezan. Hurrengo Alderdi Egunean jarriko dugu martxan hurrengo Batzar Nagusia. Proiektua, erakundea eta pertsonak, hurrenkera horretan. Euzkadi Buru Batzarrean nor izango den erabakitzea, prozesu honen azken fasea izango da, eta funtsezko bi aldagaien ondorio izan beharko du: proiektua eta erakundea. Datozen garaietarako izango dugun proiektu politikoa finkatu behar da, proiektu politiko horrek zer nolako erakundea beharko duen ikusi beharko da eta, ondoren, proiektu hori garatzeko pertsonarik egokienak aukeratu beharko dira. Hurrenkera horretan. Ahaztu gabe, gainera, EAJren gauzarik garrantzitsuena bere baseak direla, alderdikideak, eta koadro alderdia ez dela. Hemen, zuek erabakitzen duzue. Proposatzeko gaitasuna, erabakitzeko gaitasuna, aukeratzeko gaitasuna, batzokietan izango da. Batzarrak dira agintzen eta erabakitzen dutenak. Eta, hori dena, irailaren 29an hasiko da Forondan. Alderdi Egun berezia izango da. Han elkartuko gara denok, Forondan. Alderdia gara! Jeltzaleak gara! Abertzaleak gara!”.
Horixe izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren buruak gaur Zarautzen urtero egin ohi duen ekitaldian alderdikide jeltzale guztiei helarazi nahi izan dien mezu nagusia. Zarautzen eman dio hasiera EAJ-PNVk kurtso politiko berriari, bertan elkartu direla inguruko alderdikide ugari. Malekoian egindako mitinean, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak ere parte hartu du, eta bertan izan dira, besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko eta Napar Buru Batzarreko presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, María Ubarretxena, Nerea Melgosa, Amaia Barredo, Begoña Pedrosa, Bingen Zupiria, Mikel Jauregi, Alberto Martínez, Noël d 'Anjou eta Mikel Irujo kontseilariak; EBBko idazkari Mireia Zarate; Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Itxaso Atutxa; Araba Buru Batzarreko lehendakari José Antonio Suso; Ipar Buru Batzarreko lehendakari Peio Etxeleku; EBBko burukide María Eugenia Arrizabalaga eta Ana Esther Furundarena; eta EBBko burukide Xabier Barandiaran eta Mikel Burzako.
Alderdiari dagozkion gaiez gain, Ortuzarrek gaurkotasun politikoko gaiak jorratu nahi izan ditu gaur. Lehenik eta behin, Partido Popularretik azken egunotan EAJ-PNVren kontra egin nahi izan den eraso zakarra, jeltzaleek Venezuelaren egoeraren inguruan defendatzen duten posizioa gorabehera. Erasoa argi geratu da baina ez da aitortu nahi izan hauteskundeak egin eta hurrengo egunean EBBk adierazpen ofiziala plazaratu zuela boto zenbaketaren balioa auzitan jarriz eta “egiaztatzerik ez dagoen emaitzarik aitortuko ez zela” aldarrikatuz , gaur arte gertatu ez den zerbait. “Aste honetan bertan argi eta garbi ikusi dugu politikari zakarra zer den: Partido Popularreko bozeramaile Miguel Tellado zabarkeriaz, bidegabekeriaz eta zakarkeriaz iraindu du guk Venezuelako egoeraren aurrean defendatzen dugun posizioa”, txarretsi du Ortuzarrek. “Eta gero, Aitorrek merezitako zaplaztekoa eman dionean, biktimarena egin du besteak. Mingaina askatzeko orduan edozerk balio omen du, baina erantzuna ematen zaienean, orduan eraso jasanezina da. Jakin dezala Partido Popularrak: politika zakarraren aurrean, EAJ-PNVk urrats sendo eta irmoak emango ditu. Ez gara kikilduko!”, ziurtatu du jeltzaleen buruak. Eta Venezuelako gaiari helduz, Ortuzarrek ondorengo mezua luzatu nahi izan du. “Otegik Bilduri kopiatu diogula esanez egin dituen adierazpenen harira –nik uste nuen alderantziz gertatzen ari zela, baina bere esanetan gu gara kopiatzaileak–, gauza bat dago Bilduri sekula kopiatuko ez dioguna: guk sekula ez dugu ospatuko diktadore baten garaipena, sekula ere ez dugu txalotuko hauteskundeak lapurtzen dituena, oposizioa sarraskitu eta herria erreprimitzen duena. Sekula ere ez!”. Buru abertzaleak ildo beretik gogoratu du Bilduren ordezkaritzak Caracasen Maduro txalotzen zuen bitartean, EAJ-PNV Chicagorako bidean zihoala AEBko Alderdi Demokrataren Konbentzioan parte hartzera (Estatuko alderdi bakarra izan da bertan), Kamala Harris Etxe Zurirako hautagai izendatzeko ekitaldian izateko. “Bildurengandik bereizten gaituen bigarren gauza: EAJk sekula ere ez du Trump zorionduko, Bilduk 2016an egin zuen bezala. Guk ez Trump ez Maduro bezalako iruzurtirik ere. Gu Kamala Harrisen itxaropenarekin, esperantzarekin, ilusioarekin eta indar berriarekin eta AEBko mugimendu demokratarekin. Demokraziaren defentsa, Trump eta Maduro bezalako autoritarioen aurrean, denon ardura delako. Demokrazia defendatu behar da Munduan bizimodu duina eta bakea bermatzeko sistemarik onena delako. Eta hor izango da beti EAJ-PNV. Demokraziaren alde beti!”.
Ortuzarrek deitoratu duenez, Euskadin ere praktikatzen da “gauza bat esan eta beste bat egitearen dualitatea; non diskurtso politikoetan ontasuna erakutsi nahi duten, egintzek erakusten dute gauza ez dela bat ere aldatu, jazarri eta erasotzen jarraitu nahi dutela EAJrekin zerikusia duen edozer. Niri ere ilusioa eman zidan Peio Otxandianori entzuteak Osakidetza debate politikotik atera behar zela eta Lehendakariak proposatu zuen mahaira eraman behar zela Herri akordio bat lortzen saiatzeko. Otegik ere ideia berbera azpimarratu zuen aurreko astean. Pradales Lehendakaria eta bere gobernua norabide onean zihoazela ere esan zuen, Bilduk proposatutako zenbait gauza zuzendu eta kopiatu zituztelako. Baina aste honetan txankleta paseatzera atera dute Legebiltzarrean 225 ekimen planteatu dituzte, horietako asko Osakidetzari buruzkoak, tonu zakarrean, Laudiokoa bezalako egoerak arduragabeki manipulatuz, demagogia merkea eginez. Tira: adierazpen on bat, 225 ekintza oldarkor. Gauza bat esan eta kontrakoa egin. Zoritxarrez, ematen du betikoak direla. Diskurtsoa aldatu bai, itxurak aldatu bai, baina matraka berberarekin jarraitzen dute. Asmo bakarra, erakundeak desgastatzea, Euzko Alderdi Jeltzalea desgastatzea… kosta ahala kosta. Hori da beren bidea. Gurea ez. Baina zuek lasai, argi izan hauek eta besteek, PPkoek, ez dutela beren helburua lortuko. Desgastatzeko estrategia horretan bat egin arren… Horiek ere ez dute lortuko”, esan du buru abertzaleak, eta Pradales Lehendakaria eta bere Gobernua animatu ditu “Herri Akordioen bidetik” jarraitzera “adostasunaren bidetik erronka eta desafio guztiei aurre egiteko, beste eragile politikoen eskutik eta gure inguruko eragile ekonomiko eta sozialen eskutik. Horixe da bidea: akordioa, solaskidetza eta elkarlana, besteek ekarri nahi diguten zarata, zalaparta eta gatazkaren aurrean”.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31