Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/07/31

Populismoen aurrean “ongizate estatua eta euskal nortasuna” defendatzeko konpromisoa aldarrikatu du EAJk

Mutrikuko urteroko mitinean, “demokrazia, herri izaera, justizia soziala eta ekonomia lehiakorra” ezinbestekotzat jo ditu Markel Olano legebiltzarkideak, erakundeen eta gizartearen arteko “elkarlana” oinarri hartuta, Euskadik XXI. mendeko desafioei aurre egin ahal izateko
Populismoen aurrean “ongizate estatua eta euskal nortasuna” defendatzeko konpromisoa aldarrikatu du EAJk

“Ongizate Estatuaren defentsan eta euskal nortasuna indartzeko lanean” Eusko Alderdi Jeltzalearen “konpromiso eta determinazio irmoa” berretsi du gaur Markel Olano eusko legebiltzarkideak, Mutrikun EAJ-PNVk San Inazio egunez antolatu ohi duen urteroko mitinean. Hain zuzen ere, Europako ongizate estatua “etsai komun” gisa duten eskuin nahiz ezker muturreko populismoen aurrean, “demokrazia, herri izaera, justizia soziala eta ekonomia lehiakorra” babestearen garrantzia nabarmendu du eta ahalegin horretan EAJ-PNVren proiektuaren “oinarriak eta haien gaurkotasun erabatekoa” aldarrikatu ditu.

“Herri gisa esperantza izan behar dugu. Ideiak garbi edukita eta eguneroko lanarekin, gure helburua lortuko dugu, Euskadi aske eta justu bat”, adierazi du Olanok, Leizaola lehendakaria gogora ekarriz, Mutrikuko Beheko plazan egindako topaketan. Horretarako, gainera, lankidetzaren alde mintzatu da, “erakundeen eta gizarte antolatuaren arteko aliantzak” sustatzearen alde, alegia. Ekitaldi politikoan nahiz aurretik egindako ikurrinaren igoeran izan dira bailarako alkate eta zinegotziak, nahiz EAJ-PNVren hainbat ordezkari eta militante.

Eusko legebiltzarkideak, Eusko Alderdi Jeltzalearen 129. urteurrenean, XXI. mendeko desafioei aurre egiteko ezinbestekotzat jo du “gure herria maitatzea, gure hizkuntzaren biziberritzean aurrera egitea, gure izaera indartzea”. “Maite dugu gaur egungo gure herria, ez iragan idealizatu bat. Harrotasunez esan dezakegu azken hamarkadetan herri honen ongizatearen eta autogobernuaren oinarriak jarri ditugula. Oinarri sendo horietatik abiatuz, aurrera begiratu behar dugu. EAJ-PNV da herri honek aurrera egin dezan indar eragilea, aurrerakoiak gara”, gehitu du eta, horretarako, “belaunaldi berriei abertzaletasuna transmititzea” jarri du Eusko Alderdi Jeltzalearen lehentasun nagusien artean.

Demokrazian, herri izaeran eta ongizatean aurrera egin nahi duen Euskadiren kontrako norantzan kokatu ditu Olanok ezker eta eskuin muturreko populismoak, zeinak elikatzen diren erakunde demokratikoen eta gizartearen arteko “konfidantzaren hausturatik”. “Krisi ekonomiko eta sozialak sortzen direnean, gizartearen zati handi batek ez du sinesten erakunde demokratikoek gaitasunik dutenik horiei aurre egiteko. Alternatiba autoritarioak eta populistak sinesgarriagotzat jotzen dituzte”, gogoeta egin du. Pandemiaren ondoren “muturreko populismoak gizartearen egonezina sustatu eta probestu” izana salatu du, horren lekuko.

Bere esanetan, ezker nahiz eskuineko populismoek “etsai komun bat daukate: Europako Ongizate Estatua. Eta honek hiru ezaugarri ditu: demokrazia, gizarte ongizatea eta ekonomia lehiakorra”. Horregatik, Olanoren iritziz, Euskadik testuinguru berri horretan “bi erronka nagusiri” aurre egin behar die: “ongizate estatua defendatzea eta gure nortasuna indartzea” eta norabide horretan EAJ-PNVren proiektuak egiten duen eta aurrera begira egingo duen ekarpena azpimarratu du. 

“Baina ezin diegu herri honen erronkei erakundeen bitartez bakarrik aurre egin, dela nortasunaren alorrean, dela ongizatearenean. Horregatik, funtsezkoa da erakundeen eta gizarte antolatuaren arteko aliantzak sustatzea. Politika egiteko modua aldatzea, zeinetan lankidetza den kontzeptu nagusia, auzolana”, gaineratu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube