Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/07/22

Donostiak egoera zaurgarrian zeuden 17.806 familia artatu zituen 2023an

Udala buru-belarri ari da arreta integrala eta hurbilekoa ematen egoera zaurgarrian dauden pertsona guztiei
Donostiak egoera zaurgarrian zeuden 17.806 familia artatu zituen 2023an

Donostiako Udalak 32.560.906 euro bideratu zituen iaz gizarte-politiketara, 17.806 familiari arreta emateko, 22.196 baliabide kudeatuz. Datu horiek, besteak beste, aurkeztu ditu Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak bere sailaren 2023ko urteko memoriaren aurrerapen batean. Memoria laster argitaratuko da.

Idoetak azpimarratu duenez, Gizarte Ekintza Zuzendaritzak, aurreko urteetan bezala, "Donostiako gizarte-kohesioa hobetzeko eta gizarte-zerbitzuen euskal sistemako udal zerbitzuak eta prestazioak gauzatzeko helburu bikoitzarekin lan egin du, herritarrei zerbitzu horiek eskuratzeko aukera erraztuz".

Hori guztia 126 laguneko talde propio batekin kudeatu eta gauzatu da. Pertsona horiek hurbileko eta banakako zerbitzua eman zuten hiriko auzoetan banatutako 8 Gizarte Zerbitzuguneen bitartez.

Hala, Donostian Gizarte Ekintzara bideratutako 32.560.906 euroetatik, nabarmendu behar da, 2023an, sailak batzuk bere egitura-gastua indartzeko erabili dituela, 118.723 euro gehiago dedikatuz horretara, azken urteetako kopururik handiena izanik.

Baliabide ekonomiko horiei esker, 17.806 familiari arreta eman zitzaien guztira, eta horietatik, %25i, lehen aldiz. "Kopuru horrek adierazten du Donostiako 5 familiatik 1ek iaz jaso zuela udalen gizarte-zerbitzuen arreta", azaldu du zinegotziak.

Parametro horietatik ondorioztatzen da, 2023an, Donostian biztanle bakoitzeko gizarte-zerbitzuetan gastatutako batez besteko baliabide ekonomikoak 172,19€ izan direla:

     • Adinekoak: 287,49 euro, 65 urtetik gorako donostiar bakoitzeko.

     • Adingabeak:  135,40 euro, 18 urtetik beherako donostiar bakoitzeko.

     • Gizarteratzea: 309,26 euro, bazterketa egoeran edo bazterketa arriskuan dagoen donostiar bakoitzeko.

Gainera, eskainitako baliabideak (zerbitzuak/prestazioak) 22.196 izan ziren guztira, eta horietatik %65 adinekoentzat edo desgaitasuna duten pertsonentzat erabili ziren; ondoren, gizarteratzeko baliabideak datoz.

Adineko pertsonentzako arreta

Donostiako Udalak baliabide gehien bideratzen dituen zerbitzuetako bat adinekoen edo mendekoen arreta da. Gure Udala erreferentzia da zaintzaren arloan, bai arretari dagokionez, bai prebentzioari dagokionez.

Ildo horretatik Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua da oraindik gehien eskatzen den zerbitzuetako bat, batez ere adinekoei dagokienez, zerbitzu hori ematen zaien kolektiboen %87,66 baitira adineko pertsonak. Urteko 365 egunetan eskaintzen den laguntza eta prebentzio zerbitzua da.

2023an, 10.631.452€ bideratu ziren zerbitzu horretara; guztira, 393.609 ordu eman ziren 2.010 etxebizitzatan, eta 2.656 pertsonak baliatu zuten zerbitzu hori. Gastu horren erdia baino gehiago Udalak ordaintzen du zuzenean (%54), eta gainerakoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpenaren bidez (%22,5) eta erabiltzaileen ekarpenen bidez (%23,5) pagatzen da. Erabiltzaileek, gehienez, 14€ ordaintzen dituzte orduko, beren ahalmen ekonomikoaren arabera (benetako kostua 29 €/ordu da astegunetan, eta 35 €/ordu asteburuetan).

Adinekoentzako udal-ostatuko zerbitzuei dagokienez, 2023an, 36 plaza gehiago sortu ziren Arrasate 51ean, guztira, 273 udal plaza izanik.

Prebentzio-lanari ere eutsi zaio, bakarrik erroldatuta dauden eta azken 5 urteetan Gizarte Zerbitzuekin harremanik izan ez duten 85 urtetik gorako pertsonekin harremanetan jarrita. Lan honek isolamenduko eta hauskortasun handiko egoerak goiz identifikatzeko aukera ematen du. Kasu horretan, 2023an, 145 prebentzio-bisita egin ziren, eta, horietan, gizarte-zerbitzuei buruzko informazioa eman zen.

Gainera, eremu komunitarioan adineko pertsona hauskorrei eguneko arreta emateko Goizaldiak programan, 78 pertsonak parte hartu dute auzoetan banatutako 8 taldeetan (gehienak erretiratuen elkarteen lokaletan), berriz ere hurbileko zerbitzua sustatuz.

Eta adinekoen parte-hartze aktiboa sustatzeko, 2023an jarduera asko eta asko gauzatu dira, orain arte bezala, erretiratuen 24 elkarteen bidez (laguntza jaso zuten: 19 lokal laga zitzaizkien, 723.200€-ko dirulaguntzak jaso zituzten eta kudeaketarako laguntza teknikoa ere eman zitzaien) eta +55 programaren bidez (horren barruan, 771 jarduera egin ziren, guztira 14.686 parte-hartzailerekin).

Gizarteratzeko baliabideak

2023an gehien eskatu den bigarren baliabidea gizarteratzea izan da. 4,5 milioi euro bideratu ziren horretara, honela banatuta: Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (3.530.902€), Lan Partekatua sustatzeko Laguntzak (793.397€) eta Laguntza Fiskalak (229.743€).

Ildo horretatik, Gizarte Ekintzako zinegotziak gogorarazi duenez, "mota horretako laguntzak eskatzen dituzten eta onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten pertsona edo familien %100ek laguntzak jasotzen ditu. Gainera, Udalaren aurrekontuko kontu-sail bat da, beharretara egokitzen dena eta, egoerak hala eskatzen badu, handitu egiten dena ".

Genero-indarkeriaren biktimentzako eta adingabekoentzako arreta

Udalak adingabekoen babesgabetasun-kasuak garaiz detektatzeko eta esku hartzeko lan prebentiboa egiten jarraitzen du, 91 lanbide-unitatetako profesionalak gaituz horretarako (ikastetxeak, haurreskolak, kiroldegiak, osasun-zentroak...).

2023. urtean, 2.211 pertsonari eman zitzaion prestakuntza 265 prestakuntza-saioren bidez, eta 2022-2023 ikasturtean, guztira, 1.258 esku-hartze goiztiar egin ziren adingabeekin. Gainera, 2023an, 877 esku-hartze egin ziren babesgabetasun-egoeran zeuden adingabeekin.

Genero-indarkeriaren biktimei emandako arretari dagokionez, urte berean 534 pertsonari arreta eman zitzaien: 252 berriak ziren, eta 282, aurreko urteetan arreta jasotzen hasiak. Idoetak azpimarratu duenez, "2024ari begira, zerbitzu zehatz hori indartu egin da, kasu horiei arreta emateko guneak hobetzeko obrekin eta indarkeria-mota horren biktima ere badiren adingabeei zuzendutako ikuspegi batekin lan egiten duen psikologo berri baten laguntzaz".

Gizarte-harrerako baliabideak

2023an, etxerik gabeko pertsonei arreta emateko  3.316.355 € bideratu ziren (aurrekontu orokorraren % 10). Gizarte-harreraren arloan, Udalaren helburua hiriko larrialdi zerbitzu edo baliabideetara jotzen duen kasu bakoitzari modu integralean eta pertsonalizatuan heltzea da. Horretarako, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua du, urte osoan irekita dagoena. 2023an, zerbitzu hori arduratu zen 1.492 bizikidetza-unitateri gizarte-arreta emateaz.

Etxerik gabeko pertsonentzako zerbitzuen artean, Hestia Eguneko Zentroak espazio bat eskaintzen du etxerik gabeko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko aldaketa-prozesuak lantzeko. 2023an, 1.213 pertsonari arreta eman zitzaion lokalean egindako jarduketetan, 55 pertsona kaleko jarduketetan eta 221 pertsona esparru komunitarioetan.

Etxerik gabeko pertsonentzako urgentziazko ostatu-baliabideei dagokienez, Udalak 199 plaza eskaini zituen egunean, eta laguntza ekonomikoak eman zizkien beste 48 pertsonari bizitoki-irtenbideak ahalbidetzeko.

Abegi Etxea harrerako udal zentroak 1.023 pertsona hartu zituen iaz (horietako 56 Eranskinean jasotako 19 familia barruan daude) baliabideak dituen 56 plazatan, eta 13.363 ostatu-gau eskaini zituen guztira. Baliabide horretan, ostatua emateaz gain, gosariak, bazkariak eta afariak ere eman zitzaizkien.

Bestalde, Gaueko Aterpeak 22 plaza ditu etxerik gabeko pertsonak gauez hartzeko, eta, 2023an, 119 pertsonak 7.382 gau eman zituzten bertan, eta gosariak eta bazkariak jaso zituzten. Gainera, Udalak 32 harrera-pisu ditu 2023an.

Ate Irekien Zerbitzua edo Neguko Aterpea ere aktibatu zen urteko 21 gauetan, eta 320 pertsona hartu zituen guztira 1.927 gautan.

Eta ostatu-zerbitzuez gain, etxerik gabeko pertsonentzako Otorduak elikadura-programarekin jarraitu zen. Programa horretan, 164 pertsonari bazkaria eta afaria eman zitzaizkien 2023an, hiriko 13 jatetxetan.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube