Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/07/18

EAJ-PNVk adierazi du Ponentzian lortutako adostasunak politika eraikitzailea indartzen duela

Ianko Ganboa bozeramaileak hiru helburu nabarmendu ditu erreforma fiskala gauzatzeko: erronka demografikoa, etxebizitza eta euskara
EAJ-PNVk adierazi du Ponentzian lortutako adostasunak politika eraikitzailea indartzen duela

EAJ-PNVk aurrerapauso positibotzat jo du erreforma fiskala gauzatzeko Ponentziaren ondorioen txostenaren onespena, taldeen arteko adostasunak politika eraikitzailearen aldeko apustua berresten duelarik. Txostenak lehen helburu orokor gisa ezartzen du zerga sistema justua, progresiboa, bidezkoa eta solidario bermatzea, oinarrizkoa baita zerbitzu publikoak egonkortzeko. Sistema berriak progresibitate fiskala areagotu behar du eta balio erantsi handiko enpleguak sortu, soldata egokiekin. Era berean, fiskalitateak errenta handien, ertainen eta txikien zerga ordainketa ekitatiboa bermatu behar du.

Helburu horiek atxikitzeko, funtsezkoa da jarduera ekonomikoa mantendu eta kalitatezko enplegua sustatzea. Horrela, EAJ-PNVk konpromisoa hartzen du erreforma fiskalak Lurraldeko jarduera ekonomikoa bultzatzea eta iruzur fiskalari aurre egitea, gizartearen beharrei erantzuteko beharrezkoak diren baliabide publikoak sortzea ahalbidetzeko.

Ianko Ganboak, EAJ-PNVko bozeramaileak, hiru desafio garrantzitsu azpimarratu ditu: erronka demografikoa, etxebizitza eta euskara. “Biztanleriaren zahartzeari, emantzipatzeko zailtasunei eta talentua erakartzeari aurre egiteko ahalegin fiskal handia egin behar da”. Ildo horretan, “zaintza-politikei eta politika fiskalei buruz sakon hausnartu beharko da”, ongizate-estatuaren iraunkortasuna bermatzeko eta “baliabide ekonomiko gehiago bideratzeko gizarte politiketara”, iragarri du Ganboak.

Bozeramailearen hitzetan, lehentasuna da gipuzkoar guztiek etxebizitza duina izango dutela bermatzea, “kolektibo zaurgarri eta gazteei arreta berezia eskainiko diena”. EAJ-PNVk konpromisoa hartu du helburu hori lortzeko behar diren ahaleginak egitea.

Bestalde, Gipuzkoako egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, jeltzaleek funtsezkoa ikusten dute euskal kulturari ahalik eta gehien laguntzea, baita fiskalitatearen arloan ere.

EAJ-PNVk alderdien arteko topaguneak bilatzen jarraituko du, gipuzkoarren alde. Horrenbestez, ondorioen txostena onartzea urrats garrantzitsua da zerga-sistema bidezkoagoa eta eraginkorragoa lortzeko, euskal gizarteak eskatzen dituen beharrekin lerrokatuta.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube