Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/06/28

Oñatiko EAJ-PNVk Kalezaharreko eta Musika Eskolako proiektuak lehenesteko eskatu dio Udal Gobernuari

Elkarlanaren aldeko apustua berretsi du EAJk, Oñati eta oñatiarren ongizatea hobetuko duten proposamenak elkarrekin lantzeko
Oñatiko EAJ-PNVk Kalezaharreko eta Musika Eskolako proiektuak lehenesteko eskatu dio Udal Gobernuari

EAJ-PNVren Oñatiko Udal Taldeak 2023-2027 legegintzaldi berriaren lehen urtearen balorazioa egin du. Era berean, 2024. urtearen erdia igarota, aurrekontuetan jasotako eta oraindik hasi ez diren hainbat proiekturi lehentasuna emateko eskatu diote EH Bilduren udal gobernuari.

Kalezaharra eta Musika Eskola, lehentasunezko proiektuak

Irisgarritasuna, etxebizitza-politikak, azpiegituren hobekuntza eta tokiko ekonomia bultzatzea dira EAJ-PNVren udal-taldearen jardunaren lehentasunezko ardatzak. Ildo horretan, lehen urte honetan, jeltzaleek proposamen ugari egin dituzte gai horien inguruan, betiere errespetutik eta herritarren beharrei erantzute asmoz.

EAJ-PNVk 8 proposamen aurkeztu zituen 2024. urteko aurrekontu-proiektua hobetzeko. Horien artean honako hauek:  Kalezaharrako azken zatiaren berurbanizazioa, Aldakiñoko bidean segurtasuna hobetzea, Herribuseko 3. linea ezartzea, Musika Eskolaren kokapenen azterketa egitea, Bizikidetza batzorde bat sortzea, Arantzazuko komunak hobetzea, hiru informazio pantaila digital jartzea eta Kanpantxoko iturriaren egoera aztertzea. 2024ko aurrekontu-proiektua aberasteko proposamenez gain, EAJ-PNVren udal taldeak  proposatu zuen etxebizitza alokairuan jartzen duten pertsonei hobariak ematea udalerrian hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzeko eta, hala,  Oñatin alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzeko. Bestalde, behin baino gehiagotan eskatu da, baita ere,  pankartak, kartelak eta pintadak kentzea, udalerriko ondare historikoa nabarmen hondatzen dutelako.

Jeltzaleen proposamenei entzungor

Proposamen horietatik, EH Bilduren gobernu taldeak bakarra onartu du, Aldakiñokoa. EH Bilduren arabera, Kalezaharraren berrurbanizazioa Kalezaharrako Irisgarritasun Planaren barruan aurreikusita dago. “Irisgarritasun Plan hori, baina, oso zabala da eta jarduera ugari aurreikusten ditu, guk EH Bilduren udal-gobernuari eskatzen diogu hirigune historikotik gertuen dagoen zatiari lehentasuna ematea eta aurten Kalezaharraren azken zatiaren beurbanizazioari ekitea” azpimarratu dute jeltzaleek. Era berean, Musika Eskola berriak izan ditzakeen kokapenen azterketa konparatiboa egitea ere  eskatu dute jeltzaleek, proiektuaren baitan urratsak egiteko, gaur egun, gobernuak kaxoiean gordeta duelako proiektua.

Oposizioa ikusezin bihurtzeko estrategia

Jeltzaleek adierazi dute udal-gobernu taldeak, orain artean, ez duela inolako borondaterik agertu  akordioetara iristeko, ezta oposizioarekin elkarlanean aritzeko ere. "Ez dituzte gure proposamenak kontuan hartzen, aurrekontu itxiak aurkezten dizkigute; hainbat eta hainbat batzorde egiten baditugu ere, proiektu askoren berri prentsaren bidez izaten dugu eta hainbat proiektu ere komunikabideen aurrean aurkezten dituzte batzordeetara eraman ordez edo eraman baino lehen” salatu dute jeltzaleek. "Bakarrik egongo balira bezala gobernatzen dute, korporazio osoa gonbidatuta gauden herriko ekitaldi eta jardueren gonbidapenik ere ez dugu jasotzen eta EAJ-PNVk Udalean duen bulegoa ia ezkutatuta dago eta ez da irisgarria”,  gaineratu dute. Aipatutako guztia, jeltzaleen aburuz, EAJ-PNVren udal taldearen lana ikusezin bihurtu eta udal talde jeltzalearen lana oztopatzeko estrategia bati erantzuten dio.

Edonola ere, jeltzaleek elkarlanaren aldeko apustua berretsi dute, "oñatiarren alde lan egiteko eta herrigintza herritarrekin egiteko gaude politikan, EH Bilduren udal-gobernu kideak bezalaxe,  herritarrak ordezkatzen ditugulako,  eta, horregatik, beti defendatuko dugu lankidetza, eta Oñatiren eta oñatiarren alde lanean jarraituko dugu, orain arte bezala”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube