Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Hondartza denboraldia Santiagon eta Itzurunen gabezia larriekin hasi da
Ekainaren 15ean hondartza denboraldiari hasiera eman zitzaion Zumaian. Aurten, gabezia handiak ditugu gure herriko bi hondartzetan, bai Santiagon, bai Itzurunen.Gabezia horiek kalte handiak sortuko dizkie bai erabiltzaileei baita langileen lan baldintzei ere. Egoera honen aurrean EH Bilduren gobernuak hondartzen kudeaketan eta mantentzean duen prestaketa eta aurre hartze falta salatu eta gure kezka adierazi nahi dugu. Kostaldeko herrientzat berebiziko garrantzia duen gaia baita hondartzen kudeaketa.
SANTIAGO HONDARTZA
Portu Txikiko kantinaren ondoan zeuden komun publikoak hondartzara sartzeko arrapalara lekualdatzen dira, erabiltzaileek hondartzan bete ohi duten espaziotik urrun, eta horrek, argi eta garbi, hondartza horren gaur egungo ohiko erabileran eragiten du.
Erabaki hori Espainiako Gobernuaren Kosta Zuzendaritzari badagokio ere, arazoaren sorburua Zumaiako Udalak arrapalaren azpian dauden instalazioak egokitzeko obrak egiteko konpromisoa ez betetzea da. Izan ere, Santiago hondartza berreskuratzeko proiektua 2019an amaitu ondoren egin behar ziren.
EAJ-PNVtik behin baino gehiagotan proposatu dugu Santiago hondartzari buruzko Plan Berezi bat idaztea. Besteak beste, Portu Txikin komun iraunkor bat ezartzea aurreikusten duena, gune horren benetako erabilerara egokituz, ez bakarrik udako denboraldian, baita urte osoan ere, inguru horretan herritar asko ibiltzen baita. Horretarako, hainbat aldiz proposatu dugu Udaleko Hirigintza Batzordean, baita 2020, 2021 eta 2022ko aurrekontuetan ere. Horren aurrean, EH Bilduren jarrera ezkorrarekin egin dugu topo, gure proposamenak baztertuz eta gure zuzenketen aurka bozkatuz.
Madrileko Kostasen neurriz kanpoko azken erabakiaren aurrean, gauzak nola izan diren ikusita, EH Bilduk Zumaian aurreikuspenik gabe, herritarren beharrak kontutan hartu gabe eta, bistakoa da, beste erakundeekin lankidetzan jarduteko inolako gaitasunik gabe agintzen duela salatzen dugu.
Argi dago ibiltariek eta oinezkoek urte osoan erabiltzen dutela eremu hori, eta ekipamendu hori beharrezkoa dela, hurbilen dagoen komuna hirigunearen barruan dagoela kontuan hartuta.
Guzti honek Santiagoko kantinaren erabilerari eragin dio. Izan ere, denboraldi honetan, momentuz, ez da Portu Txikin kantina zerbitzurik izango, Udalak ateratako lehiaketa hutsik geratu baita. Hau horrela, premiazko lizitazio bat atera beharko litzateke, ea norbait aurkezten den eta honek gutxienez 2-3 aste eramango lituzke, kantina zerbitzua hondartza denboraldiaren erdian ezarriz.
ITZURUN HONDARTZA
Itzurungo hondartzari dagokionez, EH Bilduren Udal Gobernua, ohi bezala, motel eta berandu dabil. Sorosleen instalazioek garbiketa eta mantentze gabezia handiak izan dituzte geletan, bai eta megafonia ekipamenduetan ere. Gainera, azken egunotan euri urak sartu dira eta beharrezko konponketak oraindik egin gabe daude.
Horrez gain, atzerapenak izan dira hondartzara sartzeko arrapalaren eskuinaldeko hegalaren segurtasuna hobetzeko obren lizitazioan eta exekuzioan. Alkateak ondo azaldu duen bezala, orain dela urte bete jakin zuten lan hauek egin behar zirela. Aitzakiak aitzaki, obra hauek berandu hasi eta berandu bukatuko dira.
Hainbat herritarren kexak jaso diitugu Itzurun hondartzara sartzeko irisgarritasun arazo hauengatik.
SOROSPEN ZERBITZUA
Zumaiako sorosleen lizitazioa berandu atera zen, honek helegite bat izan zuen eta honen aurrean, denbora gainera zetorkiola ikusirik eta funtsezko zerbitzu bat izanik, BPX enpresari aurreko udako kontratua luzatzea beste erremediorik ez zaio gelditu udalari. Baino hau dena gutxi izanik, BPX enpresak ekainaren 12an jakin du beraiek emango dutela zerbitzua; zerbitzua ematen hasi behar dutena baino 3 egun lehenago, 3 egun bakarrik izan dituzte langileak jakinaren gainean jarri eta dena antolatzeko.
Bestalde, kostako hainbat alkatek idatzitako gutunari dagokionez, kontutan hartu behar da Euskadiko Toki Erakundeen Legeak (ETEL) adierazten duen bezala, hondartzen kudeaketa udalen eskumena dela.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartzeko konpromezua hartu omen zuela ere diote, eta honek diru partidarik ez duela erantzun diotela; eta Batzar Nagusietan bozkatu eta gehiengoak Aldundiak ordaintzea erabaki zuela ere bai.
Ez da zentzuzkoa Batzar Nagusietan Lege baten eskumenetatik kanpo dagoen neurri bat onartzea. Zentzuzkoa, Legea (ETEL) dagokion tokian aldatzea da, Eusko Legebiltzarrean alegia.
Onartutako konpromisoa ahalbidetzen duen 2024ko foru aurrekontuari EH Bilduk kontrako bozka eman izanak zentzurik ez duen bezala. EH Bilduren erabakiaren ondorioz 2023ko aurrekontuak luzatu baitira eta bertan ez da honetarako diru partidarik jasotzen.
Beraz, hemen arazoa EH Bilduren Udal Gobernuaren planifikazio falta, aurreikuspen falta eta beste erakundeekin elkarlanean aritzeko gaitasun falta da. Ondorioz, norberak bereak dituen ardurak bere gain hartzeko garaia dela uste dugu.
Nabarmenak...
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Andoain
2024/10/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31