Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/06/14

EAJ-PNVk ezinbestekotzat jotzen du 2000.urtetik indarrean dagoen Kulturaren Plan Estrategikoa berritzea

Irungo nortasun kolektiboaren aberastasuna islatuko duen kultura indartsu, kalitatezko eta pluralaren alde lanean jarraituko duela azpimarratu du talde jeltzaleak
EAJ-PNVk ezinbestekotzat jotzen du 2000.urtetik indarrean dagoen Kulturaren Plan Estrategikoa berritzea

Gaur egun, Irunen, proiektu kulturalak lantzen ari dira: Oiassoko termak, CBAren handitzea, Irungo Hiriko Museoa eta Irugurutzetako meategiak sustatzea eta egokitzea. EAJ-PNVtik begi onez ikusten ditugun proiektuak. Hala ere, harritzekoa da, proiektu horiek gure hirian indarrean dagoen Kulturaren Plan Estrategikoan ez azaltzea, ezta jasotzea ere. Plan horretan zehazten da zein den norabidea, zein diren kulturaren inguruan hirian ditugun printzipioak, zeintzuk diren bete nahi ditugun helburuak, jarraitu beharreko estrategiak eta lortu beharreko jomugak.


Are gehiago, Irungo kulturaren konplexutasunak, bere historian beti bertan egon denak, kultur politika horiek lantzeko eta kudeatzeko laguntza eta partaidetza mekanismoak etengabe garatzeko beharra eskatzen du. Hori esanda, EAJ-PNVtik garapen sozialerako eta pertsonalerako funtsezkoa den esparru honetan, hobetzen joateko, proposamenak lantzeaz gain, duela aste batzuk, Irunen bizi dugun kulturaren egoeraren inguruko azterketa sakona egin ondoren, zer egiten den, nola egiten den eta zergatik egiten den hausnartu eta gero, Irunen 2000.urtean, duela 20 urte baino gehiago egindako Kulturaren Plan Estrategikoa izaten jarraitzen dugula konturatu ginen. Eta are deigarriagoa iruditu zitzaigun, urte hauetan guztietan, adibidez, plan honetan aipatzen diren hiru gizarte etxeak ez direla gauzatu, bertan hainbat udal arlotako zerbitzuak bilduko lituzketenak, esaterako: liburutegia, hemeroteka, ekitaldi- eta hitzaldi-areto txikia, erakusketa aretoa, bileretarako lokal balioaniztunak, jardueretarako lokal balioaniztunak (tailerrak, ikastaroak, helduen etengabeko hezkuntza...) Ludoteka, irakurketa gunea (ipuin kontalariak, tebeoak...), gazte eremua, erretiratuen etxea… Plan Estrategikoan lehentasun handiz markatuta dauden gizarte etxeak. Akaso ez da kultura udal gobernu honen lehentasuna?


Nola liteke hogei urte baino gehiagotan Plan hau amortizatu, egin edo egokitu ez izana? Ez al da urte hauetan guztietan gure hiriaren errealitatea goitik behera aldatu? Hori ikusita, gure taldeak Udal Gobernuak egindako kreditu-aldaketan sartu beharreko proposamen bat egin zuen orain aste batzuk; Plan hau eguneratzeko eta, horrela, irungo Udaletxeak aurrera eramaten dituen ekimen guztiak barne hartu eta babesteko. Hala ere, proposamen honen aurrean gobernuaren ezezko biribila jaso genuen, ulertezina guztiz. Indarrean dagoen Kulturaren Plan Estrategikoan islatzen ez diren proiektu estrategikoak aurrera eramaten dabil Udala, eta, aldi berean, Kulturaren Plan Estrategikoan agertzen diren eta osatu gabeko dauden helburuak ditugu. Nola liteke?


Beraz, EAJ-PNVtik ez dugu etenik izango, lanean jarraituko dugu Irunek eta bere kulturak ondo egituratutako Plan bat izan dezaten, ahalik eta adostasun handienean oinarrituko dena, kultur eragileen zein herritarren parte hartzearen bidez osatu beharko litzakeena, gaur egun hirian bizi dugun errealitatea islatuko duena eta helburuak eta ekintzak jasoko dituena. Hau da, zer, nola eta zergatik galderei erantzuna ematen dion Plana. Kultura sendoa nahi dugu, kultura plurala, gure nortasun indibidual eta kolektiboa islatzen duen kultura, kalitatezko kultura, Irungo gizartearen aberastasunaren mailan dagoen kultura.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube