Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/05/31

Europa “oparoa” aldarrikatzen du EAJ-PNVk, Txina eta AEBrekin lehiatuko dena “aberastasuna sortzeko eta herritarren artean ondo banatzeko”

Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek, EAJ-PNVren eta CEUS koalizioaren zerrendaburu Oihane Agirregoitiak eta Aitana Agirre Gipuzkoako hautagaiak gaur arratsaldean Elgoibarren egin den ekitaldi politikoan hartu dute hitza
Europa “oparoa” aldarrikatzen du EAJ-PNVk, Txina eta AEBrekin lehiatuko dena “aberastasuna sortzeko eta herritarren artean ondo banatzeko”

“Europara ez goaz soilik Europa defendatzera; Europa eredu zehatz bat defendatzera goaz. Europa demokratikoagoa, Europa bidezkoagoa, Estatuen presiotik askatuko den Europa bat; Europa bat mundura irekia, bakegilea, giza garapenaren eragilea; Europa oparoa, Txina eta AEBrekin lehiatu ahal izango dena eta, ondoren, aberastasun hori erabiliko duena europar hiritarren artean ondo banatzeko. Europa gaur da munduan askatasun- eta demokrazia-mailarik handiena eskaintzen duen lurraldea. Ezin dugu horretan atzera egin: alderantziz, aurrera begiratu behar dugu eta eredugarri izan mundu osoarentzat. Horixe da EAJk nahi eta defendatzen duen Europa. Horixe da Europako Parlamentuan lortu nahi dugun Europa. Oihane eta Aitanaren Europa, Bruselan defendatuko duen hautagaitza osoarena”.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren buruak hitz honekin itxi du gaur EAJ-PNVk Elgoibarren ekainaren 9ko Europako Hauteskundeetarako kanpainaren baitan egin duen ekitaldi politikoa. Mitin berean hartu dute hitza Oihane Agirregoitia zerrendaburu jeltzaleak eta EAJ-PNVk bere zerrendaren bigarren tokian aurkezten duen Aitana Agirrek. Agirregoitiak gaur hitz egin du EAJ-PNVk Europan ere sustatzen duen ekonomia sozial eta solidarioaz “aukera berdintasuna bermatzera bideratuta, kalitatezko enpleguekin eta denontzako lan baldintza bidezkoekin”. Agirrek bere aldetik azaldu du Elgoibarrek bere egunerokotasunean bizi duen errealitate europarra. “Hemendik Europarantz ateratzen diren esportazio industrialek Estatura iristen direnen kopurua bikoizten dute”.

Ortuzarrek nabarmendu nahi izan du Europako Hauteskundeek (eta utziko dituzten emaitzek) europar hiritargo osoarentzat dakartzaten ondorioak. Buru abertzaleak berriro azpimarratu du oso garrantzitsua dela “ultraeskuina geldiaraztearekin” konpromisoa hartzea, EAJ-PNVk egin izan duen bezala, baina esan du hori ez dela kanpainako gairik garrantzitsuena “bereziki Euskaditik ikusita, non ultren arriskua oso txikia baita”. Ortuzarren esanetan “are garrantzitsuagoa da bakoitzak Europaz duen ereduaz hitz egitea: gure industriarekin zer egin nahi dugun, gure lanpostuak nola babestuko ditugun, ongizate estatua nola bermatuko dugun, Euskadi eta bere nazio nortasuna Europan nola aitortzen den, gure hizkuntza, euskara, Europan nola aitortzen den… Hori dena oso garrantzitsua da, baina gu baino ez gara horretaz hitz egiten ari. Espainiako alderdiak Manzanaresen inguruan ari dira beren borrokan, Europaren inguruan oso proposamen gutxi eginez eta, batez ere, proposamen bakar bat ere ez Euskadik Europan duen tokiaz. Bildu, ordea, bere kontraesanetan. Atzo arte Europar Batasunaren kontrakoak eta orain antifaxista eta antitotalitario direla esan dute… baina Putinez hitz erdirik ez. ‘Gora Palestina’ oihukatzen dute baina aipamenik ez Ukrainaz. Eta basakeriak basakeri dira hemen zein han eta egiten dituenak egiten dituela. EAJk argi baino argiago dauka: Giza Eskubideen urraketa guztien kontra, eta beti, beti biktimen alde, direnak direla”, ziurtatu du. Hala ere, Ortuzarrek esan du EAJ-PNVk Kanpaina propositiboa egiten jarraituko duela, euskal hiritarrei axola zaizkien gauzez hitz eginez. “Gaur goizean Zallan izan gara garraioaz hitz egiten; bihar Vitoria-Gasteizen izango gara berrindustrializazioaz hitz egiten; eta larunbatean Donostian euskaraz eta gure kulturaz . Behar bada ez gara ‘trending topic’ izango baina arduratsuak izango gara gure eginkizunekin, leialak izango gara euskal herritarrekin eta zintzoak gure nazioarekin, Euskadirekin”, amaitu du.

Hitza hartzea egokitu zaionean, Oihane Agirregoitia zerrendaburu jeltzaleak EAJ-PNVk sustatzen duen ekonomia sozial eta solidarioaz hitz egin du “aukera berdintasuna lortzera bideratua, bai eta kalitatezko lanpostuak eta lan baldintza duinak” guztientzat. Zentzu honetan aipatu ditu Izaskun Bilbao Barandicak azken urteotan aurkeztu dituen ekimenak. “Gutxieneko Soldatari buruzko zuzentarauak onetsi ditugu, bai eta lan berbera egiteagatik Soldata berbera jartzearen ingurukoa ere; Emakumeen kontrako indarkeriaren zuzentaraua aldarrikatzen lagundu dugu, eta Desgaitasunaren Europako Txartela onartzeko ere”. Baina, Agirregoitiaren hitzetan “ez gara horrekin guztiarekin konforme geratuko”, eta aurreratu ditu Europako Parlamentuan defendatuko dituen neurriak, EAJ-PNVren hauteskunde programan jasota daudenak: “Elkarrizketa sozialaren, ekintzailetza sozialaren eta enpresa inklusiboaren ereduaren aldeko apustu irmoa egingo dugu europar eredu soziala indartzeko tresna gisa; ekonomia sozialari buruzko printzipioen aplikazioa ekintzailetzarako eta lanpostu iraunkorrak sortzeko tresna gisa; ekintza operatibo bihurtzea Donostiako Adierazpenean gizarte-ekonomiari buruz jasotako printzipioak; kooperatiben funtzio soziala aitortzea Batasunaren eskumen-politikaren barruan, eta estatu kideak animatzea kooperatibei sektore guztietan jarduteko aukera emango dien legeria onartzera”, adierazi du.

Aitana Agirre, hautagai gipuzkoarrak, bere aldetik, Elgoibarrera hurbildu nahi izan du Europako errealitatea. “Adibide bezala balio duten pare bat datu: Elgoibarreko enpresek urtean ia 40 milioi euro esportatzen dute Espainiara. Europara berriz ia 100 miloi euro; hau da, bikoitza baino gehiago. Beraz, Europa oso urruti ikusten badugu ere, oso garrantzitsua da Elgoibarren egunerokotasunean eta ekonomian”. Esportatze honek, “gure balioak eta gure enpresa-eredua zabaltzeko balio du”, azaldu du. “Euskal enpresek beti izan dute ikuspegi soziala oso garatua, eredua gara Europan. Gipuzkoa izatea munduan desberdintasun gutxien dituen lurraldea ez da kasualitatea. Kooperatibek eskualdean duten inplantazioak ongizate gizarte horretara iristea, kalitatezko enplegua sortzea eta, lehen aipatu ditudan balio horiek zabaltzea eragiten dute”, bukatu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube