Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/05/29

“Euskadiren eskubideak tinko defendatuko ditu PNVk Europan”, nabarmendu du Aitana Agirrek

“Ultraeskuinaren eta faszismoaren aurka borrokatuko dugu, proposamen zehatzen bitartez”, gaineratu du Europako Parlamenturako Hauteskundeetarako EAJ-PNVren hautagaiak
“Euskadiren eskubideak tinko defendatuko ditu PNVk Europan”, nabarmendu du Aitana Agirrek

Aitana Agirre hautagai jeltzalea Bergaran izan da afiliatu eta jarraitzaileekin. Adierazi duenez, “Europa denon artean eraikitako proiektua da, nazio eta herri desberdinen aniztasunetik sortua, eta hori da hain zuzen ere bere indarra”. Ildo horretan, azpimarratu du “Euskadik hasieratik lagundu duela eraikuntza horretan; Europako instituzioen sorrera baino lehenagotik dago PNV bertan, beti izan baikara europazaleak, eta Europa justu eta sozialago baten alde borrokatu dugu beti”.

Ikuspegi horretatik, “ Europar Batzordeko presidente den Ursula Von der Leyenek Abascal eta Meloni ultraeskuindarrekin paktuak egiteko atea irekitzeak” dakarren “arriskuaz” ohartarazi du Agirrek. “Horrek demokrazian oinarritutako gizarte bat lortzeko orain arte egindako lan guztia arriskuan jartzen baitu”, esan du.

Testuinguru horretan, EAJ-PNVk printzipio demokratikoekin duen konpromisoa berretsi du hautagai jeltzaleak. "Ultraeskuinaren eta faxismoaren aurka borrokatzen jarraituko dugu, beti bezala", ziurtatu du. “Baina beste alderdi batzuek ez bezala, itxurakeriatik haratago, PNVn proposamen zehatzen bitartez egingo diogu aurre”, gaineratu du. Eta proposamen horietako batzuk zehaztu ditu.

“Batetik, inmigrazioari eta asiloari buruzko Europako esparru berria Europar Batasun osoan eta modu homogeneoan aplikatzen dela ziurtatuko dugu, inongo diskriminaziorik gabe; era berean, familiak berrelkartzeko prozesuak bultzatuko ditugu, giza eskubideen errespetua bermatuz”, azaldu du.

Bestetik, “Euskadiren nazio-eskubideak tinko defendatuko ditu PNVk Europan”. “Nazioei estatus bakar eta berezia eman behar zaie, Europako politiken diseinuan parte hartzen dutela bermatzeko”, nabarmendu du. Premisa horretatik abiatuta, azpimarratu duenez, “gure herri eskubideak bermatzeko, itundutako kontsulta bat egiteko baliabideak jar ditzala eskatzen diogu Europar Batasunari, Urkullu Lehendakariak Argitasun-zuzentarauaren bitartez eskatu bezala, Europa batu baten barruan dagoen Euskadi libre bat lortzeko”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube