Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Pertsona erdigunean duen osasun arreta unibertsal, doako eta kalitatezkoa bultzatzen jarraituko du EAJ-PNVk
Euskal osasungintzaren etorkizuna bermatzeko, aldeko botoa eskatu du gaur Arrasaten EAJ-PNVkOsasun zerbitzuetan eta arretan EAJ-PNVk Debagoienan dituen puntako apustuak nabarmendu eta arlo honetan ematen ari diren urratsen berri eman dute Maria Eugenia Arrizabalaga eta Aitor Urrutia hautagaiek, EAJ-PNVren Eusko Legebiltzarrerako Debagoieneko hautagaitzako kideekin batera gaur, Debagoieneko Ospitalean, Arrasaten. Arrizabalagak EAJk Osakidetzan beti sinetsi duela ziurtatu du, “herritarrengan sinesten dugulako eta gure helburua delako ahalik eta zerbitzu publiko onena eskaintzea, herritarrak gero eta hobeto bizi daitezen”. Hautagaiarentzat, aurrera begira, ibilbide-orria garbia da: “zerbitzuak berrantolatzea, herritar guztiek pertsonengan zentratutako osasun-arreta kalitatezkoa, unibertsala eta doakoa izan dezaten”, eta, aurrerantzean ere, “zailtasunak zailtasun, EAJ-PNVren zeregina arazoen aurrean konponbideak bilatzea izango da, orain arte egin dugun moduan".
Honen aurrean, “EAJren kudeatzaile onaren ospea deuseztatu nahi dutenen estrategia” salatu du hautagai abertzaleak, Osakidetza dianaren erdigunean jarriz. Haren hitzetan, “estrategia horren okerrena da, EAJri kalte egiteagatik, jendeari min egin diotela, nekaezin ari direlako herritarren oinarrizko zerbitzu publikoa den Osakidetzarekiko mesfidantza zabaltzen”. “Guk gure iragana aldarrikatzen dugu, nahiz eta akatsak izan, Osakidetza martxan jarri eta garatzeko lan egin dugulako”.
Horren harira, Maria Eugenia Arrizabalagak salatu egin du EH Bilduk azken urteotan “EAJ ordezkatu eta eraisteko, eta hegemonia politikoa lortzeko egin duen estrategia elektoralista, itogarria eta gezur nabarmenez betea”. Hautagai abertzaleak datu batzuk eman ditu erakusteko “ezker abertzaleak Osakidetzaren balizko desegite, gainbehera edo pribatizazioaren inguruan behin eta berriro botatzen dituenak gezurra direla, eta euskal osasun sistemak zutik jarraitzen duela”. Hala, osasun-sisteman egiten den inbertsio mailak gora egin du etengabe: aurten ia 4.900 milioi eurora iritsi da, duela 4 urte baino 1.000 milioi gehiago eta erkidegoko biztanle bakoitzeko 2.229 euro. 4.900 milioi horietatik, % 65, hau da, 2.564 milioi langileentzako dira. Gogora ekarri du, halaber, pandemia hasi zenetik % 10 igo dela profesionalen kopurua, eta, une honetan, 32.500 langile daudela egiturazko plantillan.
Hain zuzen, Debagoienean bertatik bertara ikus daiteke ahalegin hori, hautagai jeltzaleek gaurko agerraldian defendatu dutenez.
Puntako ekipamendua datozen hamarkadetarako
“Debagoiena zerbitzu soziosanitarioetan erreferente izaten jarraitzeko” apustu eta inbertsioen berri eman du Aitor Urrutia hautagaiak, “promesa hutsen eta kritika hutsalen gainetik”, osasungintza eta Osakidetza EAJ-PNVren ardura eta lehentasun nagusietako bat dela frogatzen duena “zalantza izpirik gabe”, baita gure bailaran ere: “EAJ-PNV da etorkizuneko osasungintza eraikitzeko gaitasuna eta zerbitzuak modernizatu, handitu eta egokitzeko bermea eman dezakeen alderdi bakarra gaur egun, eta jada hasiak gaude etorkizun hori eraikitzen”.
Hala, Debagoienean jadanik abian dauden inbertsioen berri eman du Urrutiak. Horietatik asmo handienekoa da Debagoieneko Ospitalearen handitzea, “63.000 herritarrei zerbitzua emango dien erreferentziazko zentroa izango dena, datozen lau hamarkadetarako puntako ekipamenduarekin prest eta Gipuzkoa mailan osatuena izango dena”, hain zuzen. Arrasaten, eguneko ospitale mediko-kirurgikoa, medikuntza fisikoko eta errehabilitazioko eremua, endoskopia-unitatea, larrialdi-zerbitzua eta erresonantzia magnetiko nuklearreko zerbitzua hartuko dituen eraikin berria eraikitzen hasiko dira datozen hilabeteetan. “Guk berme osoz esan dezakegu EAJ-PNV-k hitza betetzen duela, datozen hilabeteetan eraikitzen hasiko baitira 29 milioi euroko aurrekontua duen eraikin hau”.
Bergarako osasun zentroa hobetzeko egingo diren lanen adibidea da bestea. Urrutiak aurreratu duenez, lizitazio fasean aurkitzen da jada obra eta, honi esker, anbulatorioan kontsultetarako espazio handiagoa lortuko da, eraikin osoaren birgaitze integral batekin eta zerbitzuen zerrenda handitzeko aukera ekarriko duena. Horrela, esate baterako, “Bergaran 25 familia-mediku izatetik 42 izatera pasako gara zentro horretan eta arreta espezializatua handituko da”.
Aretxabaletan ia bukatzear daude zentro soziosanitarioaren egokitzapen lanak. 3,10 milioi euroko inbertsioa du obrak eta etorkizuneko arreta ereduaren erreferentziazko guneetako bat izango omen da Aretxabaletakoa lurralde mailan, “pertsona erdigunean jarriko duena eta eraikuntza bakar batean topatuko ditu bere beharretarako erantzunak, bai osasun arloan baita gizarte arretan ere bai”.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31