Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/04/11

Imanol Pradales: “Gizarteari azaldu behar zaio jokoan zer dagoen eta ongizatearen Euskadi berriarekin amesteko aukera eman”

Imanol Pradales EAJ-PNVren Lehendakarigaiak Errenterian azaldu ditu enplegu, etxebizitza eta emantzipazio alorretarako hitzeman dituen konpromisoak. “Harrobia ondo zaindu behar dugu. Soldata onak, garapen profesionala eta familia eta bizitza pertsonala uztartzeko erraztasunak eman. Eta ekonomia berriak digitalizazioan, adimen artifizialean, trantsizio energetikoan eta ekonomia zirkularrean dakartzan aukera berriak baliatuko ditugu Euskadi igotzeko etorkizuneko industriara eramango gaituen trenera”, ziurtatu du
Imanol Pradales: “Gizarteari azaldu behar zaio jokoan zer dagoen eta ongizatearen Euskadi berriarekin amesteko aukera eman”

Argazkiak...

“Benetako Kanpaina oraintxe hasiko da, eta lanean jarraitu behar dugu gure proposamenak eta gure herri eredua ezagutzera emateko. Bete betean asmatu dugu giza eskubideen eta bakearen defentsan, autogobernuaren bidean eta Ekonomia Itunari dagokionez.Eta, asmatu egin dugu euskararen normalizazioan, birmoldaketa ekonomikoan eta politika industrialean. Hitz egin dezagun orain gure ibilbideaz, Herri hau egunez egun eraiki dugula, apurketarik eta ezinezko gauzarik exijitu gabe. Eta, orain, gure proiektua erakutsi eta ezagutzera emango dugu. Etorkizunerako agenda hirukoitzari buruz hitz egin dezagun. Jokoan dagoen guztia azaldu. Eta, jendeari, ongizatearen Euskadi berriarekin amesteko aukera eman”, eskatu du Imanol Pradalesek gaur arratsaldean Errenterian, Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburuarekin eta Joseba Egibar GBBren presidentearekin batera egin duen ekitaldian. 

Lehendakaritzarako EAJ-PNVk aurkezten duen hautagaiak etxebizitza eta emantzipazio gaietan bere egitasmoan jasotzen diren konpromisoetako batzuk zehaztu ditu, ohiko etxebizitza erosteagatik aplikatu ohi den kenkaritik hasita. “Gaur egun, etxebizitzarako aurrezteko kontua edo hipoteka mailegua izateagatik 1.950 euroko kenkaria aplikatzen zaien 330.000tik gora gazte, nagusi eta familia ugariak defendatuko ditugu. Ez dugu onartuko EH Bilduk Herri honetako klase ertain edo langileen diru-zorroan eskua sartzerik”, hitzeman du. Pradalesek hainbat neurri iragarri ditu pertsona gehiagori etxebizitza erostea edo alokatzea errazteko: abal publikoen lerro bat, 200 milioi eurokoa, etxebizitzen balioaren % 20 finantzatzen laguntzeko; diru-sarreren muga 30.000 eurora igotzea pertsona bakoitzeko, alokairurako eta emantzipaziorako laguntza publikoak eskuratzeko; eta alokairu erregimenean jartzeko 7.000 etxebizitza berri eraikitzea. Etxebizitza horien % 40 36 urtetik beherakoentzat izango dira, gazteei beren emantzipazio-prozesuan laguntzeko.

EAJ-PNVk aurkezten duen Lehendakarigaiak gazteen lanpostuen kalitatea hobetzeko proposamenak eman ditu ezagutzera. “Lanpostuen kalitatea gure lehentasuna da. Gazte jendeak lanpostu onak merezi ditu, soldata onak, garapen profesional egokia eta familia eta bizitza pertsonal bateragarri egiteko erraztasunak. Horregatik, oraindik lanik ez dutenei lehen lan esperientzia izateko aukerak erraztuko dizkiegu eta praktiken programaren kontrol zorrotza egingo dugu, gehiegikeriarik eman ez dadin. Ildo beretik, ekonomia berriak digitalizazioan, adimen artifizialean, trantsizio energetikoan edo ekonomia zirkularrean eskaintzen dituen aukera berriak baliatuko ditugu Euskadi etorkizuneko industriaren trenera igotzeko. Hortik etorriko baitira etorkizuneko kalitatezko lanpostuak!”, amaitu du.

Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak EAJk Euskadiren eraikuntza nazional eta sozialaren alde egindako papera aldarrikatu du. Gogoratu du euskal erakundetzea EAJk bultzatu zuela  –ezker abertzalea estrategia horretatik oso urrun zegoenean–, eta azpimarratu du “1977az geroztik, herri hau honaino ekarri dugula”. “Ez dugu bakarrik egin, baina bai gure lidergopetik, euskal gizartearen eskutik”, erantsi du. Jeltzaleen proiektu abertzalearen lau zutabeak aipatu ditu jarraian: askatasuna, justizia soziala, berdintasuna eta elkartasuna. “Eraikuntza nazionala eta eraikuntza soziala txanpon beraren bi aldeak direlako”, argudiatu du.

Egibarrek “egonkortasunaren garrantzia” nabarmendu du, hau da, “zer eta nola egin behar den” jakiteko gaitasuna. Hori esanda, “EAJren programa gainerakoekin alderatzeko” eskatu die boto-emaileei, “batez ere Bildurekin, dauden ezberdintasunak nabarmenak direlako”. Halaber, adierazi du EAJren “ikuspegi estrategikoak” berebiziko garrantzia izaten jarraituko duela "herri honek aurrera egiten jarrai dezan”.

Azkenik, burukide jeltzalea EAJren leloaz mintzatu da: “Irabaz dezagun Gipuzkoan”. “Inkestek ez dituzte hauteskundeak irabazten, botoek irabazten dituzte”, esan du, eta gipuzkoarrak “bidelagun” izatera gonbidatu ditu. “Zuen babesa eskatzen dizuegu, ez inposatzeko, baizik eta eraginkorrak izateko eta arazoak konpontzeko”, azaldu du. “Behar zaituztegu Gipuzkoak irabaz dezan, Euskadik aurrera egiten jarrai dezan; kritikoak izan zaitezte, baina bozkatu, ez zaitezte damutuko”, amaitu du.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentegai eta Gipuzkoako zerrendaburuaren mezua argia izan da: "EAJk Gipuzkoan eta Euskadin irabazi egin behar du, Herri gisa aurrera egiten jarrai dezagun; eta hori lortzeko afiliatu eta jarraitzaile guztiak behar zaituztegu, EAJk herri honetako buru izaten jarraitzea nahi duzuen guztiak".

Oposizioaren " azalkeri edo hitz hutsen" aurrean, Bakartxo Tejeriak PNVren "ekimen zehatz eta egingarriak " nabarmendu ditu: 1250 milioiko inbertsioa Osakidetzan, 7.000 etxebizitza berri alokairuan, 3.000 milioi euro enpresak errotzeko eta hazkunde industrialerako, seme-alabako laguntzak zabaltzea... "horrela 575 neurri arte". Gaineratu duenez, "EAJk iraganean eraikitakoaren bermearekin begiratzen dio etorkizunari".

"Hori guztia azaldu behar dugu hauteskundeak egin arte geratzen diren hamar egun hauetan; eta guztiok batera egin behar dugu", azpimarratu du. Ildo horretan, "alpargataren kanpaina”, EAJren "konstantzia" eta "defendatzen dugunarekiko konfiantza" aldarrikatu ditu. "Elkarrekin lortuko dugu, eta 21ean Gipuzkoan eta Euskadin lehen indarra izango gara berriro", amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube