Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/04/07

Trantsizio ekologikoari aurre egiteko prozesua indartzeko, pisuzko neurriak iragarri ditu EAJ-PNVk

“Etorkizun iraunkor bat eraikitzeko erronken artean, aldaketa klimatikoa da garrantzitsuenetako bat”, azpimarratu du MªEugenia Arrizabalaga hautagai jeltzaleak
Trantsizio ekologikoari aurre egiteko prozesua indartzeko, pisuzko neurriak iragarri ditu EAJ-PNVk

Argazkiak...

“Trantsizio ekologikoari modu eraginkor, ordenatu eta koordinatuan” aurre egiteko deia luzatu, eta prozesu hori “indartu eta azkartzeko” neurriak azaldu ditu gaur EAJ-PNVk Zumaian egindako agerraldian. San Telmoko ermitan egin ditu adierazpenok Mª Eugenia Arrizabalagak, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Gipuzkoako hautagaitzako kideak, Zumaia, Deba eta Mutrikoko flysch-aren atarian. 2015ean, UNESCOk Munduko Geoparke izendatu zuen ingurunean, hain zuzen.

“Leku hau gure ondare natural, geologiko eta ekologikoaren zaintza eta sustapen jasangarriaren eredu dugu, nazioartean hala aitortua, eta orekaren balioa islatzen du, hainbat balore uztartuz: natura, aisia, turismo jasangarria, balio pedagogikoa… Gure planetaren milioika urtetako historia ezagutzeko toki pribilejiatua dugu. Geruza hauetan, Lurraren kliman eta espezieetan sekulako eragina izan zuten gertaeren aztarna ikus dezakegu. Eta gaur egun, gure ondorengoentzat etorkizun iraunkor bat eraikitzeko ditugun erronka kolektiboen artean, aldaketa klimatikoa da garrantzitsuenetako bat, inolako zalantzarik gabe”, azaldu du.

Arrizabalagaren esanetan, “aspalditik ari gara urratsak ematen, baina bide luzea dugu egiteko. Agerikoa da beroketa globalak gero eta eragin handiagoa duela, eta estrategia klimatikoa indartu eta azkartu behar dugula. Azkar eta ondo erantzun behar dugu: trantsizio energetikoari ekin behar diogu. Eraginkortasunez, eta elkarlanean”. Ildo horretan, mugarritzat jo du joan den otsailean Eusko Legebiltzarrean onartutako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea. “Ezinbesteko tresna izango da, asmo handiko helburuak, kuantifikagarriak eta horiek lortzeko egitasmoak aurreikusten duena, eta marko horrek eskaintzen dizkigun aukera guztiak zukutzea izango da orain gure ardura”.

Bide horretan, pasa den asteazkenean EAJ-PNVk aurkeztutako programak ere hainbat neurri proposatzen ditu: 15 trantsizio energetikoaren, energia garbiaren eta energia subiranotasunaren esparruan; 7 mugikortasun jasangarrian; 12 ingurune naturalaren eta osasunaren zaintzan; 17 ekonomia berde eta zirkularrean; eta 22 lehen sektorearen sustapenean, besteak beste.

Horietako batzuk azpimarratu ditu hautagai jeltzaleak. Hala, trantsizio energetikoaren arloan, Euskal Energiaren Erakundearen bitartez, bertatik bertako energia ekoizpena bultzatuko da, “sortzen den energia garbiaren %30 gutxienez herritarren eta enpresa sarearen esku” jarriz. Halaber, “ingurumena zaintzea lehentasunezko helburua” dela azpimarratu du. Horretarako, besteak beste, azpiegitura berdeen programa zabala diseinatuko eta ezarriko da, Europak ezarritakoarekin bat, lurraldearen % 30 eremu babestua izateko. Gune babestuen multzo osoa lotuko du, saihestuz balio ekologikoa duten eremuak isolatuta geratzea, eta jarraipena emanez berariaz babestutzat jotako espazioei. “Apustu horren adibide dugu Geoparkea, eta indartzea dagokigu orain”, adierazi du. Era berean, “kutsadura zero” programa berritzailea ezarriko da, arreta berezia jarriko diona airearen kalitatea hobetzeri, itsasoko zaborra eta mikroplastikoak murrizteari eta lurzoruaren kalitatea hobetzeari.

“Energia garbia sortu behar dugu. Sektore guztien elektrifikazioa bultzatu. Garraio publikoa sustatu, deskontuen bitartez. Industriaren egokitzapena lagundu eta eraginkortasun energetikoa etengabe landu. Eta, baita, sortzen diren aukera ekonomiko berriak aprobetxatu. Eta hori guztia, justizia soziala bistatik galdu gabe egin behar dugu: gizarte osoa kontutan hartuta, inor bazterrean utzi gabe. Herritarrekin batera, haiei entzunez eta asmoak partekatuz”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube