Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/04/04

EAJk Zumarragako eta eskualdeko garapen ekonomikoaren aldeko apustua berretsi du, 22 milioitik gorako inbertsioarekin

Urola Garaira egindako bisitan Arcelorreko eremuari bultzada irmoa emateko konpromisoa adierazi dute Markel Olanok eta Xabier Berandiaranek, EAJ-PNVren Eusko Legebiltzarrerako hautagaitzako kideek.
EAJk Zumarragako eta eskualdeko garapen ekonomikoaren aldeko apustua berretsi du, 22 milioitik gorako inbertsioarekin

Markel Olano eta Xabier Barandiaran, Eusko Legebiltzarrerako EAJ-PNVren Gipuzkoako hautagaitzako kideak, Urola Garaiko eta Goierriko kide eta kargudun publikoekin elkartu dira, apirilaren 21eko hauteskundeetarako kanpainaren hasierarekin batera. Kanpaina horretan, EAJ-PNVk Imanol Pradales Gil aurkezten du lehendakarigai bezala, Indar berria lemapean. Urretxura eta Zumarragara egindako bisitan, Olano eta Barandiaran bat etorri dira garapen ekonomikoaren eta kalitatezko enplegu gehiago sortzearen aldeko apustua egiteko garaian; Arcelorreko eremua garatzeko konpromisoa azpimarratu dute, eskualde osoko industria suspertzen eta garatzen laguntzeko giltzarria izan daitekeela kontuan izanda.

Olanok eta Barandiaranek gogorarazi dutenez, EAJ-PNVk gobernatzen dituen erakundeek egindako kudeaketa diskretu bezain eraginkorrari esker, eskualdean erabili gabeko lurzoru industrialaren erosketa nabarmena egin da 2018 eta 2021 artean. Horien artean daude, esate baterako Sidenorreko (90.000 m²) eta SFPko (10.000 m²) instalazio zaharrak Legazpin, Sarraldekoa (10.000 m²) Urretxun eta Arcelor Mittalekoa (150.000 m²) Zumarragan. «Urola Garaiak etorkizuneko aukera paregabea du espazio horietan, industria berria erakartzeko eta bertako biztanle guztiei onura ekarriko dieten lanpostu berriak sortzeko», adierazi du Olanok, ostegun arratsaldean Urretxun eta Zumarragan egindako topaketan. Bertan, Jon Luqui alkate urretxuarrak eta Daniel Jimenez zinegotzi zumarragarrak ere parte hartu dute, EAJ-PNVko beste hainbat kide, kargudun publiko eta alkate goierritarrekin batera.

Arcelor Mittaleko eremua berreskuratu eta biziberritzeko prozesua abian da, eta, konplexua izanagatik ere, eskualdearekin duten konpromisoa azpimarratu nahi izan dute EAJ-PNVko ordezkariek. Gaineratu dutenez, jarraitu beharreko bidea hirigintza eta ingurumen araudiek markatzen dute, betiere horretarako ezarritako legedi eta epeak jarraituz. Area hau 2024tik 2027ra bitartean konpontzeko eta urbanizatzeko lanak egiteko, 15.213.686 euro ditu hitzartuta egungo Eusko Jaurlaritzak, Arantxa Tapia sailburuak gidatutako Ekonomiaren Garapeneko departamentuaren bitartez.

Inbertsio horretatik abiatuz, Olanok eskualdeko «biztanleen bizi-kalitatea» bermatuko duten proiektu «aurreratuak» erakartzearen alde egin du, eta, beraz, ziurtatu du EAJ-PNVk beharrezko hirigintza tresnak onartzearen alde egingo duela, «proiektu bideragarriak eta ingurumenaren aldetik seguruak» erakartzeko, «aberastasuna eta kalitatezko enpleguak sortuko dituztenak». «Tokiko, eskualdeko eta eskualdez gaindiko eragile guztiekin batera lanean jarraituko dugu, Zumarragaren eta eskualde osoaren etorkizunerako funtsezkoa den industria eremu honetarako konponbide eta proposamen bideragarriak eskainiz», adierazi du.

Partaidetza, erabakigarria

Olanok adierazi duenez, parte-hartze maila «erabakigarria» izango da apirilaren 21eko hauteskundeetan; izan ere, inkesten arabera, lehendakaritzara iristeko aukera duten bi alderdi handien –EAJ-PNV eta EH Bildu– arteko emaitza estua izango da. «Herritarrak modu masiboan parte hartzera animatu nahi ditugu. EAJ-PNVk garapen ekonomikoa, enplegua eta ongizatea bermatzen dituen eredua eskaintzen dio gizarteari. Herritarrek erabaki beharko dute aurrerapen industrialaren eredu baterantz aurrera egiten jarraitu nahi duten ala, aitzitik, enpresarekiko mesfidantza besterik erakusten ez duten mugimendu politikoekin batera, atzerapausoak eman nahi dituzten «, adierazi du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube