Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/04/05

EAJ-PNVren ustez “lehentasunezkoa da tren zerbitzuari bultzada ematea” eta “pozez” hartzen du Eusko Jaurlaritzak Aginagako tunelaren lanak martxan jarri izana

1,5 kilometrotako tunel berri bat eraikiko da, zuzenagoa, eta ibilbide denbora 5 minututan aurrezteaz gain, sarearen gaitasuna asko hobetuko da, errail bikoitza izango baitu, norabide bakoitzean bana.
EAJ-PNVren ustez “lehentasunezkoa da tren zerbitzuari bultzada ematea” eta “pozez” hartzen du Eusko Jaurlaritzak Aginagako tunelaren lanak martxan jarri izana

Pasa den astean Eusko Jaurlaritzako trenbide azpiegiturak kudeatzen dituen ETS erakundeak aditzera eman zuen martxan ipiniko duela Aginagako tunelaren obra. Horretarako, esleipen prozedura martxan ipini du 40 hilabeteko epea aurreikusten da eta 32M€tako aurrekontua. Modu honetan, hamarkada luzez eskaturiko proiektua errealitate izatetik gero eta hurbilago dago.

Egun Euskotrenen trenbideak Usurbilgo herria igaro ondoren, Oria ibaiaren ibilgua jarraitzen du. Trazatuaren forma konplexuak eta errail bakarra izateak, nabarmen baldintzatzen du eskaintzen den tren zerbitzua. Hemendik aurrera, 1,5 kilometrotako tunel berri bat eraikiko da, zuzenagoa, eta ibilbide denbora 5 minututan aurrezteaz gain, sarearen gaitasuna asko hobetuko da, errail bikoitza izango baitu, norabide bakoitzean bana. Desdoblamendu honek, gaitasuna emango digu usurbildarroi trenbide maiztasun hobeak izateko. Gaur egun 60’ edo 30’eko maiztasuna ematen den tokian, 15’ arteko zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna izango da.

Honenbestez, usurbildarrak irabazten ateratzen gara. Tren zerbitzu hobea izango dugu, bai Donostiarako noranzkoan, eta bai Zarautz aldera ere. Usurbilgo EAJ-PNVtik pozez hartzen dugu Eusko Jaurlaritzatik garraio publikoaren alde egiten den apustua, eta dagoeneko martxan dagoen Usurbilgo geltoki berriaren lanekin, zerbitzu irisgarriagoa izateaz gain, maiztasun lehiakorrak izango ditugu erabiltzaileok kostaldeko tren sarean.

Usurbildarron eguneroko bizitzan jauzi nabarmena emango da, egunero hiriburura lanera doazen pertsonek edota unibertsitatera doazen ikasleek 15 minuturo kalitatezko garraio zerbitzu publikoa izango dute, berdin Orio edo Zarautz aldera joan nahi dutenek ere.

Ibilgailu partikularra ekiditeko, eta garraio publikoa indartzeko, ezinbestekoa da zerbitzu erakargarria izatea. Gurpildun aulkian edota haurraren karroarekin doazen erabiltzaileak, bizikletan mugitu nahi duten horiek… ala kotxea ordez, trenez mugitu nahi duten horiek, ezinbestekoa dute azpiegitura modernoak eta zerbitzu erakargarria izatea, hor kokatzen dugu mugikortasun jasangarriaren eta unibertsalaren aldeko gure apustua.

Momentuz pozik egoteko arrazoiak baditugu, baina etorkizuneko erronkak identifikatzen ari garen honetan, EAJ-PNVk ere baditu lehentasun berriak. Adibidez, interesgarria iruditzen zaigu Urbil merkatalguneko ingurunean geltoki berria izateko aukera aztertzea. Igo gaitezen etorkizuneko trenera.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube