Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/03/22

“PNV-k gidatu du Euskadin oinarrizko zerbitzu publikoen eraketa eta hemendik aurrera ere indartu egingo ditu” ziurtatu du Maria Eugenia Arrizabalagak

Joseba Egibarrek azpimarratu du “PNV-ren lehentasunak bat datozela gaur egun ere euskal herritarren nahi, helburu eta beharrekin”
 “PNV-k  gidatu du Euskadin oinarrizko zerbitzu publikoen eraketa eta hemendik aurrera ere indartu egingo ditu” ziurtatu du Maria Eugenia Arrizabalagak

EAJ-PNV-k Gipuzkoako Kostako hautagaiak aurkeztu ditu Zumaian, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako. Saregileen plazan egindako ekitaldian ehun bat lagun elkartu dira, alderdikideak nahiz alderdi zaleak, eta bertan esku hartu du Joseba Egibar, GBBko presidenteak, Maria Eugenia Arrizabalaga, Jon Ander Azpiroz, Miren Letamendia, Iosu Mugica eta Irune Urbietarekin, Gipuzkoako jeltzaleen zerrendako hautagaiekin.

Joseba Egibarrek Eusko Alderdi Jeltzalearen ibilbidea azpimarratu du, “ibilbide abertzalea” lehen bezala orain, eta gero ere bai, “euskal jendearen nahi, helburu eta beharrekin lotutako ibilbidea”

Egibarrek argi esan du Eusko Legebiltzarra “euskal nazioaren Legebiltzarra” dela, “hamar euskal herritarretatik zazpi bertan ordezkatuta gaudelako” eta, hori horrela, gogorarazi du Eusko Alderdi Jeltzalearen Legebiltzarreko taldea “Euzko Abertzaleak” dela.

GBBko presidenteak nabarmendu egin du ibilbide jeltzalearen koherentzia eta Arnaldo Otegi buru duen alderdiaren bilakaera, “lehen ezker abertzalea zen; gero ezker independentista; eta orain ezker plurinazionala”.

“Beren lehentasunak eta gureak ez dira berak”, azpimarratu du. “PNV-ren lehentasunak herritarren nahi, helburu eta beharrekin lotuta daude”, azaldu du, eta, aldiz, “EH Bildurenak ezker abertzalearen beharrekin daude lotuta”. “Horregatik, aukeratzeko orduan, Alderdi Sozialistaren aldeko hautua egiten du EH Bilduk, ez gogokoa duelako, beharra daukalako baizik”, erantsi du.

Ezker abertzalek dituen “behar” horiei buruz, hamarkadetan zehar sustatu duen estrategia okerrak “sekulako zuloa” egin diola gogorarazi du Joseba Egibarrek; eta erantsi du zulo hori “Alderdi Sozialista da estal dezakeen bakarra, horregatik daude isilik”.

Bestetik, Maria Eugenia Arrizabalagak argi esan du: “PNV-k  gidatu du Euskadin oinarrizko zerbitzu publikoen eraketa: Osakidetza, Hezkuntza, gizarte zerbitzuak, segurtasuna…”. “Zerbitzu horiek sendotuta daude, eta indartu eta hobetu egingo ditugu aurrerantzean ere”, ziurtatu du.

Hautagai jeltzaleak osasun arloari heldu dio PNV-ren ibilbidea azaltzeko. “Osakidetza eratu genuen, abiarazi eta sendotu egin dugu, eta bitartean, ezker abertzalea ekimenak oztopatzen edo lehertzen saiatzen”, esan du.

“Osakidetza desegiten, erortzen edo pribatizatzen” ari omen delako “mantra”, EH Bilduk eten gabe errepikatua, datuekin azaldu du Maria Eugenia Arrizabalagak ez dela egia, eta euskal osasun sistema “zutik dago”-ela: osasun inbertsioa 1.000 milioi igo da 4 urtetan; biztanle bakoitzeko 2.229 euro gastatzen da urtean; profesionalak %10 ugaldu dira pandemiaz geroztik. Gainera, Estatuko Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteen Federazioak urtero egiten duen balorazioaren arabera, Euskadi lehena izan da hiru aldiz eta bigarrena bi aldiz. Osakidetza “pribatizatzea”-ri buruzko salaketez zera esan du: “Katalunian, EH Bilduk hain gogoko duen gobernuarekin, eragile pribatuen kontratazio maila % 24koa da; Euskadin, aldiz, ez da % 5era heltzen”.

“EAJ-k beti izan du uste ona Osakidetzan”, adierazi du, “izen ere, gure helburua pertsonak dira, eta ahalik eta zerbitzu publiko onena eskaintzea herritarrak gero eta hobeto bizitzeko”. Horregatik, “zerbitzuen berrantolaketa planteatzen ari gara, herritar guztiek osasun arreta ona har dezan, aparta, unibertsala, dohainik, pertsona ardatz izanik”. “Zerbitzu guztiak indartzen eta hobetzen saiatuko gara; eta lortuko dugu, zailtasunak zailtasun”, esan du amaieran. 

Jon Ander Azpirozek, berriz, “etorkizuna iragana ahaztu gabe landu beharraz” hitz egin du, “iragana ahaztuz gero, herriak iragan hori errepikatzera kondenatuta daudelako”. “Gutako askok badakigu zer ekarri digun EAJren proiektu abertzalean politikoki inplikatzeak. Seinalatuak, baztertuak edota mehatxatuak izatera eraman gaitu. Hori ez digute gure zaharrek kontatu, geuk bizi izan dugu”, ohartarazi du.

Gazteei mezu hau helarazi die Jon Ander Azpirozek: “Herri honetako gazteek zorrotzak eta inkonformistak izan behar dugu, eta kontuak eskatu, hala egitea dagokigunean, baina ikuspegia izanez eta ahaztu gabe zein arduratu den herri honetaz, zeinek erantzun dion herri honi historian zehar, erantzukizunez erabaki eta aukeratzeko”.

Kostako hautagaiak

Mª Eugenia Arrizabalaga: 1996an afiliatua. Zumaiako UBB. 57 urte. Euskalduna. Zuzenbidean Lizentziaduna. Euzkadi Buru Batzarreko Burukidea. Gipuzkoako BBNNetan bozeramailea. Legebiltzarkidea. Gipuzko Buru Batzarreko Burukidea (20082016). Zumaiako Alkatea (2003-2007).

Jon Ander Azpiroz: 2012an afiliatua. Aiako UBB. 32 urte. Euskalduna. Lehen Hezkuntzako irakaskuntzan Diplomatua eta Haur Hezkuntzako irakaskuntzan Graduduna. Aiako Alkatea. Gipuzko Buru Batzarreko Burukidea (2016-2019). Gipuzkoako Foru Aldundian Landa Udalerrien Garapenerako Zuzendari Nagusia (2019-2023). 

Miren Letamendia: 2015an afiliatua. Zarautzeko UBB. 44 urte. Euskalduna. Erizaina - Zuzendaritza eta Osasun kudeaketako masterra. Mutualiako Erizain Zuzendaria. Zarautzeko Udalean zinegotzia (2015-2023).

Iosu Mugica: Getaria. 41 urte. Euskalduna. Informatikaria. Getariako Udalean PNVko taldearen bozeramailea.

Irune Urbieta: Zarautz. 2006an afiliatua. 47 urte. Magisterio, psikomotrizitatea. Irakaslea. Zarauzko udalean zinegotzi 2019tik. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube