Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/03/22

Datozen hauteskundeetan lehia estua egongo da eta parte-hartze maila erabakiorra izango da

Markel Aranburu eta Xabier Barandiaran, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako hautagaiek, EAJk antolatutako topaketa batean hartu dute parte Beasainen; Oriaren uholde-ahalmena murrizteko lanak ikusi dituzte Porterian, bertatik bertara.
Datozen hauteskundeetan lehia estua egongo da  eta parte-hartze maila erabakiorra izango da

EAJ-PNVk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara begira lanean jarraitzen du. Horren lekuko, ostegun arratsaldean, Markel Aranburu Bartau eta Xabier Barandiaran Irastorza hautagaiek Goierriko alderdikide eta kargu publikoekin topaketa bat izan dute Beasainen, apirilaren 21eko hitzorduari begira jarrita. EAJ-PNVk Imanol Pradales Gil aurkezten du bozetara, lehendakari izateko hautagai gisa, Indar berria lemapean.

Aranburu eta Barandiaranek herriko hainbat proiektu ezagutu dituzte bertatik bertara eta, batez ere, Porteria auzoaren uholdegarritasuna murrizteko martxan dauden obretara gerturatu dira, Leire Artola alkatearen azalpenak jasoz. Izan ere, Eusko Jaurlaritza –Ura ajentziaren bitartez– herrian egiten ari den inbertsio nagusietako bat da Porteriakoa, herritarren ongizatean inpaktu handia izango duena.

Topaketaren hasieran, Barandiaranek eta Aranburuk solasaldi batean parte hartu dute herriko plaza azpian, Indar berria herrigintzan. Partaidetza eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak lemapean. Bertan, Barandiaranek adierazi duenez, Porterian egiten ari diren bezalako obrek erakusten dute “zeinen garrantzitsua” den Euskadik erakunde “sendoak” edukitzea eta “autogobernuan sakontzea”. “Euskal erakundeak, herri borondatea gauzatzeko tresna izateaz gain, pertsonen ongizatean eragiteko bitartekoak dira. Jaurlaritzak lortzen duen eskuduntza bakoitzak, gero, bere eragina du herritarren eguneroko bizitzan. Horregatik, lehentasun osoz, gure erakundeak, autogobernua eta eskuduntzak betetzea bultzatuko dugu”, azaldu du hautagai ataundarrak.

Barandiaranen iritziz, EAJ da “autogobernuaren defentsa eta garapena” gauzatzeko “bermea” eta, ikuspegi horretan ere, datorren apirilaren 21eko hauteskundeak “bereziki garrantzitsuak” izango direla adierazi du. “Halaxe egin du EAJk azken hamarkadetan eta ahalegin horretan gure onena emateko prest jarraitzen dugu, lehendakarigai berri batekin eta belaunaldi berri baten bultzadarekin”, aipatu du. Aurreikusi duenez, azken inkestek erakusten duten moduan, “lehia estua” egongo da lehendakaritza lortzeko aukerak dituzten bi alderdi nagusien artean –EAJ eta EH Bildu– eta, horregatik, partehartze maila “erabakiorra” izango dela iritzi dio.

"Parte-hartzea inoiz baino garrantzitsuagoa izango da. Horregatik, herritarrak animatu nahi ditugu modu masiboan parte hartzera, baita ere. EAJ-PNVk ziurtasuna, ongizatea, gure erakundeen eta autogobernuaren defentsa, gizartearekiko lankidetza eta aurrerapen ekonomiko eta soziala bermatzen dituen eredua eskaintzen dio gizarteari ", gehitu du.

Euskararen erabilera, herri desafioa

Barandiaranek hizpide izan du, baita ere, Korrikaren edizio berria eta euskara biziberritzeko ahalegina, “herri gisa” daukagun desafio nagusietako bat, azken hori. “Korrika Euskal Herri osoan sortzen ari den indarrak erakusten digu zeinen garrantzitsua den gizarte aktibazioa euskararen etorkizuna bermatzeko. Erakundeetatik, euskararen munduko eragileekin elkarlanean, asmatu behar dugu aktibazio horri bidea ematen, euskararen erabileran bere isla izan dezan. Gainera, eremu berriak ere irabazi behar ditugu euskararen mesedetan eta hor lehentasunezko espazioa da lan mundua”, aipatu du, eta EAJren konpromisoa adierazi du bide horretan urrats “berriak eta sendoak” emateko.

Markel Aranburuk, EAJren ereduaren hiru ardatz jorratu ditu bere hitzetan. Nabarmendu duenez, EAJ-PNVk euskal gizarteari eskaintzen dio “baikortasuna, zintzotasuna eta eraginkortasuna”. “Beste aukera batzuen aldetan, guk begirada positibo batekin ekiten diogu errealitateari. Autokritika eraikitzailea eginez, baina negatibotasunean erori gabe. Zintzoki jokatzeko konpromisoa dugu, arazo eta desafio konplexuen errealitatea azaldu eta urratsak gizartearekin emateko konpromisoa. Eta, gainera, kudeaketa eta irtenbide eraginkorrak eskaintzen dizkiogu gizarteari”, aipatu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube