Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/03/20

Tejeria: “EAJ-PNVk beti izan du, du eta izango du industriarekiko konpromiso sendoa, Euskadiren aurrerapenaren oinarria baita”

Gipuzkoako EAJ-PNVko zerrendaburuak Euskadiren industriaren aldeko “apustu irmoa” aldarrikatu du Elgoibarrera egindako bisitan
Tejeria: “EAJ-PNVk beti izan du, du eta izango du industriarekiko konpromiso sendoa, Euskadiren aurrerapenaren oinarria baita”

Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako EAJ-PNVko zerrendaburua Elgoibarren elkartu da gaur goizean Maialen Gurrutxaga alkatearekin eta Debabarrenako Eva Juez eta Ivan Iriondo hautagaiekin. Makina Erreminta Museora eta IMH Campusera egindako bisitan Euskadi tradizio industrialeko herria dela azpimarratu du hautagai jeltzaleak, horren adierazle garbia Elgoibar dela zehaztuz. Tejeriak aldarrikatu duenez, EAJ-PNVk bultzatutako industria-eredu lehiakorrari esker lortu da “Euskadin dugun gizarte-eredu aurreratua eta ongizate-maila”, gehitu du.

Elgoibarko Makina Erreminta Museoa eta IMH Campus fabrikazio aurreratuan eta digitalean espezializatutako hezkuntza-zentroa bisitatu ondoren, Bakartxo Tejeria zerrendaburu jeltzaleak Euskadiko tradizio industriala izan du hizpide. “Industria euskal ekonomiaren funtsezko motorra izan da eta da; EAJ-PNVk beti izan du hori kontuan”, adierazi du. “Horregatik, Eusko Jaurlaritzatik hasiera beretik, Euskadiren berpizkunde ekonomikoa politika industrialarekin eta garapen teknologikoarekin uztartu genuen”, gaineratu du.

“Politika horien ondorioz, laurogeiko hamarkadaren hasieran krisi larrian zegoen industria eta % 25 inguruko langabezia-tasa izatetik EBko batez bestekoa baino indize industrial handiagoak eta % 7tik beherako langabezia-tasa izatera igaro gara Euskadin”, nabarmendu du Bakartxo Tejeriak. Eta, gaur egun, Euskadi Europako Berrikuntza Paneleko "berritzaile indartsuen” taldeko kidea izatea azpimarratu du.

Alderdi jeltzaleak sustatutako politiketan “lankidetza publiko-pribatuak  duen garrantzia” azpimarratu du Tejeriak, honek “"erronkei eta zailtasunei erantzuteko gai den euskal industria-eredu dibertsifikatua eta lehiakorra" izaten lagundu baitigu". "Eredu hori indartzen jarraituko dugu", gaineratu du.

“Eskema industrial honetan, IMH Campusek eskaintzen duen prestakuntza eta berrikuntza funtsezkoak dira”, ohartarazi du. Horren harira, “IMH DUAL prestakuntzan aitzindaria izan da eta bultzatzen duen Enpresa-Hezkuntza binomioaren arteko uztardura ezinbestekoa da irakaskuntzarako eta merkatuaren eta enpresen beharrei erantzuteko”, adierazi du.

“Industriaren aldeko gure apustua sendoa eta irmoa izan da beti, eta horrela izaten jarraituko du. Horri esker lortu dugu egun dugun gizarte-ongizateko maila: kalitatezko zerbitzu publikoak, eta Estatuko soldata eta pentsio altuenak”, bukatu du.

Aniztasuna eta inklusioa hizpide, etorkinekin izandako solasaldian

Makina Erremintaren Museoa bisitatu aurretik, Elgoibarren bizi eta lan egiten duten atzerritar jatorriko hainbat lagunekin solasaldian aritzeko aukera izan dute Bakartxo Tejeria eta Maialen Gurrutxaga alkateak. “Elgoibarren eta Debabarrenan esparru guztietan aktiboki parte hartzen duzue, eta zalantzarik gabe, gure herriaren aberastasunari eta ongizateari ekarpen izugarria egiten diozue”, aldarrikatu du Tejeriak. Topaketan zehar integrazioa, komunitatearen balioa, aniztasuna eta euskarara hurbiltzearen garrantzia hizpide izan dute, besteak beste. Parte hartzaileen proposamenak entzun eta jasotzeaz batera egungo zein etorkizuneko erronkei buruz hausnarketak partekatu dituzte elkarrekin. “Euskadi gero eta pluralagoa da, solidarioa, eta kultura zein jatorri ezberdinak dituzten pertsonek osatzen dute gure herria. Aniztasuna aberastasuna da, eta indartu egiten gaitu komunitate bezala”, azpimarratu du hautagai jeltzaleak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube