Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/03/17

Imanol Pradales: “Dena publiko izatea eta administrazioak gastu guztia bere gain hartzea proposatzen dutenek ez digute esaten erronda hori herritar guztiok ordaindu beharko dugula”

EAJ-PNVren Lehendakarigai Imanol Pradalesek ereduak kontrastatzeari uko egiten diotenei buruz esan duenez "eskua diru zorroan sartu nahi diote herri honetako klase ertainari" . Arrasaten egin den ekitaldian, Eusko Legebiltzarreko presidenterako hautagai Bakartxo Tejeriarekin eta Joseba Egibarrekin Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak batera. Pradalesek gogora ekarri nahi izan du EAJ-PNVren apustua dela Euskadi errealaren arazoei konponbide errealak ematea: “Aste honetan alderdi politikoren bati entzun diot ohiko etxebizitzagatiko kenkaria kentzen joan beharko dela errenta aitorpenean, uste baitute zergen bidez alokairua baino ez dela babestu behar. Guk ohiko etxebizitza erosteko zerga kenkaria defendatuko dugu 330.000 euskal hiritar direlako hipoteka bati aurre egin behar diotenak”, ziurtatu du.

Argazkiak...

“Hilabete barru izango ditugu hauteskundeak Euskadin. Bost aste eskas Herri hau nork gobernatuko duen eta zer nolako etorkizuna nahi dugun erabakitzeko, eta benetan ardura duten gauzen inguruan erabakitzeko: etxebizitza-politika, pertsona nagusi eta zaurgarrien zaintza, osasuna, hezkuntza, segurtasuna ,… Horretan guztian ereduak daude. Batzuek ez dute ereduaz hitz egin nahi, ezta proposamenak kontrastatu ere. Ez dakit zer ezkutatu nahi duten”, galdetu du Imanol Pradalesek gaur eguerdian Arrasaten egin den ekitaldian. Bertan, euskal gizartea deitu du apirilaren 21erako hauteskundeetan parte hartzera “boto apur batzuek diferentzia markatuko dutelako”.

EAJ-PNVren Lehendakarigaiak herritarrei ohartarazi nahi izan die ereduez hitz egin nahi ez dutenen kontra, eta esan du hiritargoari azaldu egin behar zaiola proposamenak eta zerbitzu publikoak nola ordainduko diren. “Oso erreza da esatea administrazioaren errekurtsoak amaigabeak direla eta denetarako dagoela, baina, diru publiko hori nondik aterako dugu?, erronda hau nork ordainduko du, eta nola?. Adi egon gaitezen, erronda hau denon artean ordaindu beharko dugulako. Ereduei buruz hitz egin nahi ez dutenek eskua diru zorroan sartu nahi diote herrialde honetako klase ertainari, beren saltokietako, tabernetako eta tailerretako pertsiana egunero altxatzen dutenei, soldata normala duten eta hilero malabarismoak egin behar dituzten familia gazte horiei, Euskadiko gurditik tira egiten dutenei... ", adierazi du Padalesek.

Hautagai jeltzaleak zainketen sistema eta etxebizitza eskuratzeko proposatutako hobekuntzak aipatu ditu EAJ-PNV ereduaren adibide gisa. Eredu horrek lankidetza publiko eta pribatuaren alde egiten du, ekimen sozialarekin elkarlanean gobernantza-formulak finkatzeko, ongizatea eraikitzeko, aberastasuna sortzeko eta herritarren artean banatzeko.Eredu hori dago den-dena publiko hutsa izan behar dela defendatzen duten ereduaren aurrean. Hala, Imanol Pradalesek ohiko etxebizitzagatiko zerga-kenkaria defendatzeko konpromisoa hartu du, eta baztertu egin du administrazio publikoek etxebizitza aukeratzerakoan ezarritako edozein ezarpen. "Alokairu soziala eta etxebizitza publiko eta babestuen alokairua sustatu behar ditugu. Eta ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatu behar dugu, arrazoizko prezioetan etxebizitzak eraikitzen jarraitu ahal izateko. Aste honetan bertan, alderdi politikoren bati entzun diot errenta aitorpenean ezabatu egin beharko litzatekeela ohiko etxebizitzaren zerga-kenkaria. Guk ohiko etxebizitza erosteagatik aplikatzen den kenkari fiskalari eustea defendatuko dugu, milaka euskal herritarrek hipoteka bati aurre egin behar diotelako. Errenta aitorpenean eskua diru-zorroan sartu nahi dieten 330.000 euskal hiritar baino gehiago dira", adierazi du. Era berean, Pradalesek etxebizitza bat eskuratzea errazago egiteko lantzen ari diren neurrietako bi aurreratu ditu, bereziki familia gazteei zuzenduta daudenak. Lehenik eta behin, abal publikoen lerro bat sortuko dela azaldu du, etxebizitzaren guztizko prezioaren % 20a, bankuek finantzatzen ez dutena, ahalik eta baldintza onenekin finantzatu ahal izateko, bai eta etxebizitza publiko edo babestu bat eskuratzeko ezarritako errenta-muga handitzeko ere, "batez besteko errentak dituzten bikote eta familia gazte asko laguntza horietatik kanpo geratzen direlako".

Arrasaten, euskal kooperatibismoaren bihotzean, Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburuak kooperatibismoa inspiratu duten balioak izan ditu hizpide. “PNVrentzat ezagunak dira balio horiek, justizia soziala, berdintasuna, askatasuna eta elkartasuna izan baitira gure motorrak; pertsona helburu, beti xede batekin: herri honen, Euskadiren garapen politikoa, ekonomikoa eta soziala lortzea”, nabarmendu du.

"Euskadik aurrera egin du eta aurrera egiten jarraitzen du", azpimarratu du, "nahiz eta batzuk Euskadiren irudi negatiboa aurkezten saiatu arren, datuak burugogorrak dira eta hor daude". Eta datuak zehaztu ditu: “milioi bat pertsona baino gehiago lanean eta kotizatzen; biztanleko barne-produktu gordina Europako batez bestekoaren gainetik; berrikuntzan Europako batez bestekoa gainditu dugu; pobrezia-arriskuaren tasa Europakoa baino sei puntu txikiagoa da; berotegi-efektuko gasen emisioak behera, urtez urte; eskola uztearen tasa, minimo historikoetan; Euskadi giza garapenaren indizean dauden munduko lehen 15 herrialdeen artean kokatua da eta bakea eta bizikidetzari buruzko aurrerapenak hor daude”. “Euskadi instituzionalizatu dugu. Eta gure herriaren nazio-izaera aitortua izan dadin aurrera egin dugu -nabarmendu du-aurrera egin dugu Hori da errealitatea, ez beste bat”, gaineratu du.

“Katastrofismoaren, populismoaren eta indibidualismoaren aurrean, herri gisa jardutea proposatzen dugu eta komunitate-balioetan oinarritutako proiektua aurkezten dugu, aurrera egiten jarraitzeko”, adierazi du.

Bakartxo Tejeriak PNVren berezko ezaugarriei buruz hitz egin du: “proiektu abertzalea, ongizaterako eta aurrerapenerako burujabetza-proiektua; ezeren eta inoren mende ez dauden gizon eta emakumez osatutako Herri askea eraikitzeko”. “Hori da gure eskaintza: herri honen nazio eta gizarte eraikuntzan aurrera egiten jarraitzea, euskal herritarrok askatasun, justizia, berdintasun eta elkartasun idealak gauzatu ahal izan ditzagun”, azpimarratu du. “Egin dugu eta elkarlana, esfortzua, konpromisoa eta bikaintasunez egiten jarraituko dugu”, esanez amaitu du.

Joseba Egibar, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak azpimarratu duenez, “azken hamarkadetan nahiz eta ezker abertzalea oztopo egiten ibili, blokeo eta suntsiketaren estrategian, Euskadik aurrera egin du gizarte, ekonomia eta politika mailan”. “Euskadi herrialde aurreratua da gizarte alderdian eta ekonomian, indartsua; eta Gipuzkoa lurralde orekatua, euskalduna, solidarioa da, leku gehienetan baino alde sozial gutxiago ditu, abertzalea da, bizia, ez da nolanahi kontentatzen, eta tradizioa berritzen daki”, azaldu du. "Lurralde bat, Gipuzkoa, eta nazio bat, Euskadi, beren nortasun eta izaera propioa dutenak, herri honen oraina eta geroa beraiek eraiki eta beraiek erabaki nahi dutenak”, gaineratu du.

“Merezi du egindako bidea gipuzkoarrekin, euskaldunekin partekatzea, harrotasunez baina harrotu gabe, harrokeriarik gabe”, esan du burukide jeltzaleak. Horren harira, positibotzat jo du “euskal jendearen bizitasuna eta zentzu kritikoa; saiatuak dira eta laguntzaileak baina, aldi berean, gauzak ondo egiteko eskatzen duten zorrotz”. Egibarren arabera erabaki estrategikoetan asmatzeak ez du autokritika ukatzen eta, beraz, “herriari egia esan behar zaio eta zuzendu beharrekoa zuzendu”, nabarmendu du.

Euskadiren aurrerapen sozial, ekonomiko eta politikoa hizpide harturik, Joseba Egibarrek esan duenez, “Eusko Alderdi Jeltzaleak erakundeetatik eragindako aurrerapen hori, egin zitezkeen helburuak jartzetik etorri da, epe motzean eta ertainean gauzatzeko moduko helburuak ezartzetik, eta epe luzeagorako helmugak zehaztetik”. PNVk gaur-gaurko egitasmo politikoa duela aldarrikatu du GBBko buruak eta, gaurkotasun horregatik dela aukerarik onena Euskadik aurrera jarraitzeko. "Konpromiso etiko, politiko eta demokratiko argian oinarritzen delako; iragana irakurtzeko eta etorkizuna eraikitzeko gai delako; eta gai delako helburu nazionalei arreta jartzeko, garai politikoak ulertzeko eta ekimenak aurkezteko”, azaldu du.

Proiektu jeltzalea nola gauzatzen den, berriz, “elkarrizketaren bidez eta akordioak lantzeko gaitasunarekin, eta garbi eta zintzo jokatuz” azpimarratu du Egibarrek. EAJren lehentasunak “ekonomiaren garapena bultzatzea, lanpostu duinen sorrera eragitea eta gizarte justiziaren eta elkartasunaren aldeko aukera” direla erantsi du. Eta erabakitzeko eskubideari eman dio balioa “gehiengo demokratiko sendoen bidez aurrera egiteko konpromisoa” esan nahi duelako. “Hori da PNVk erabiltzen duen eredua guztion gauzak kudeatzeko”, esan du. “Beti leial gure balioekiko: giza eskubideen defentsa, berdintasuna, herriarekiko konpromisoa, euskara eta kultura”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube