Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/03/13

Herriko ondare kulturala behar bezala babestea eta kontserbatzea eskatzen du Oñatiko EAJ-PNVk

Pintada eta kartel kopuruaren gorakada nabarmenaren aurrean, udalerriko ondare kultural eta historikoa babestu eta kontserbatzeko berehalako neurriak har ditzala eskatu dio EAJ-PNVren udal -aldeak EH Bilduren gobernuari, batez ere hirigune historikoan eta Oñatiko gune adierazgarrienetan.
Herriko ondare kulturala behar bezala babestea eta kontserbatzea eskatzen du Oñatiko EAJ-PNVk

Orain gutxi, Oñati "Herri Turistiko Onenak" zerrendan sartu du Nazio Batuen Turismoaren Mundu Erakundeak (UNWTO), ekonomia, gizartea eta ingurumena arloetan duen ondare baliotsua azpimarratuz.

Hala ere, nazioarteko errekonozimendu hori izan arren, mota guztietako pintadak, pegatinak, pankartak eta kartelak herrian gero eta ugariagoak direla ikusten jarraitzen du Oñatiko EAJ-PNVk, batez ere hirigune historikoaren eta monumentu enblematikoen eremuan. "Etxebizitzen fatxaden narriadurak, kartel eta pintaden presentziak, eta garbitasun- eta kontserbazio-faltak aspalditik kezkatzen gaitu, baita EH Bilduren gobernuak horren aurrean irtenbideak aurkitzeko erakusten duen geldotasunak ere", adierazi dute jeltzaleek.

Adierazpen-askatasunaren eta ingurune komunarekiko errespetuaren arteko oreka

Testuinguru horretan, EAJ-PNVren udal-taldeak printzipio demokratikoekiko eta adierazpen-askatasunarekiko erabateko konpromisoa berretsi du, eta aitortu du zein garrantzitsuak diren balio horiek gizarte pluralen eta anitzean. Hala ere, jeltzaleek nabarmendu dutenez, "gaur egun adierazpen-askatasunerako berariaz prestatutako guneak daude eta, errespetuaren bidean, horiek erabili behar dira adierazpenak egiteko, beste udalerri askotan egiten den bezala". Era berean, denonak diren espazioak errespetatzeko beharra azpimarratu dute, hala nola, Oñatiko eraikin eta etxebizitzetako hormak eta fatxadak.

Horri lotuta, udal-taldeak beharrezkotzat jotzen du herritarrak kontzientziatzea, eta, horretarako, sentsibilizazio-kanpaina bat egitea eskatu zuen otsaileko Osoko Bilkuran (24/02/29). Hain zuzen, kultura-ondarearekiko errespetua, eta Oñati garbi eta erakargarri mantentzearen garrantzia sustatzeko.

"Funtsezkoa da adierazpen-askatasunaren eta ingurune komunarekiko errespetuaren arteko oreka aurkitzea", adierazi du Amaia Erostarbek, udal-taldeko bozeramaileak. "Gaur egun, udalerrian ideiak eta iritziak adierazteko espresuki prestatutako espazioez gain, adierazpen-askatasun hori bideratzeko modu ugari daude, eta horiek arduraz erabilita, herriko ondare historikoa eta kulturala hondatzen duten ekintzak saihestuko lirateke, gaur egun gertatzen ez den bezala", gaineratu du.

“EH Bilduren udal-gobernuak uste du kultura-ondarea hobeto zaintzeko eta kontserbatzeko proposatutako edozein ekimen pintadak egiten dituzten herritarren adierazpen-askatasuna mugatzen duela. Hori dela eta, tamalez, EH Bilduren gobernuak ez du gure proposamena kontuan hartu. Eta, beraz, ez du gauzatuko” amaitu dute jeltzaleek

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube