Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/03/12

“Gure ekonomia eta enplegua sendotuko dituen estrategia” defendatu dute EAJ-PNVko hautagaiek trantsizio energetikoa bultzatzeko

EAJ-PNVren ereduarekin, datozen urteetan “urrats erabakigarriak ematen jarraituko dugu, eta kutsadura emisioak % 45ean murriztea da helburuetako bat”, Iñigo Ansolak eta Legebiltzarrerako hautagaiek azaldu dutenez
“Gure ekonomia eta enplegua sendotuko dituen estrategia” defendatu dute EAJ-PNVko hautagaiek trantsizio energetikoa bultzatzeko

Energia berriztagarriei eta trantsizio energetikoari “bultzada definitiboa emateko momentua” dela azaldu dute Eusko Legebiltzarrerako EAJ-PNVren Debagoieneko hautagaiek gaur Arrasaten. Klima aldaketarekin lotutako erronka eta apustuez jardun dute Iñigo Ansolaren eskutik Aitor Urrutia, Elena Lete, Josu Ezkurdia, Agurne Juldain eta Unai Elkoro hautagaiek, eta arreta bereziarekin aztertu dituzte Debagoienean komunitate energetikoak zabaltzeko eta klima aldaketari aurre egiteko abiarazitako ekimen ezberdinak. Hala, “EAJ-ren eredua” defendatu dute, hain zuzen, “benetan eraldatzailea den eredu bat”, “gure ekonomia eta enplegua sendotuko dituen estrategia baten eskutik datorrena”.

Ildo honetan, Agurne Juldain hautagaiak, lehenik eta behin, berriztagarrien alde eta trantsizio energetikoari bultzada emateko herritarrek izan duten “jarrera ekintzailea” txalotu du. “Bide horretan, ekimen konkretuekin, aurrera egiteko berme eta fidagarritasuna ematen duen alderdi bakarra EAJ-PNV da”, haren ustez. Horrela, EKIOLA energia-kooperatiben arrakasta nabarmendu du Juldainek, “jarraitu beharreko” eredu baten adibide gisa, “bete betean ematen duena gure baloreekin: elkarlana, herritarrak erdigunean kokatzea eta ekimen errealistak izatea, sozialki eta ekonomikoki”. Energia-trantsizioari lotuta, datozen urteetan “urrats erabakigarriak ematen jarraitu behar dugu eta maila lokalean zein Euskadi mailan ekin”, Juldainen arabera. “Klima aldaketaren erronka globalari erantzuteko, gure familietatik, herrietatik eta enpresetatik ere ekin behar diogu eta, horretarako, bermea ematen duen alderdi bakarra EAJ-PNV da”.

Bere aldetik, Iñigo Ansolak “asmo handiko etorkizuneko apustuak egiteko garaia” dela esan du eta, horretarako, “gaitasuna behar da, EAJ-PNVk erabaki estrategikoak hartzeko duen gaitasuna, hain justu”. “Ez dira promesa hutsak, otsailean bertan kontsentsu zabal batekin onartu den Trantsizio energetikoari eta Klima aldaketari buruzko legea horren froga da, garapen jasangarri eta justu baten aldeko bide-orria ezarri duena”.  “Trantsizio energetikoa bultzatzeko lege berriak emisioak murrizteko planak, Ekonomia Zirkularra sustatzea edo industria-prozesuen deskarbonizazioa” ekarriko dutela azaldu du.

Ansolak gogorarazi duenez, “trantsizio energetikoa bultzatu eta klima aldaketari aurre egiteko neurriak abiarazi ahal izateko, ezinbestekoa da lehiakortasunaren eskutik joatea eraldaketa hori”,  eta helburu argia finkatu du: neutraltasuna, erresilentzia eta trantsizio justua lortzea 2050 urterako.

“Erronka zehatzak” ditugu aurrean, Ansolak azaldu duenez: 2030ean emisioak % 45 murriztea 2005eko emisioen aldean, esate baterako, ala 2030erako ere, azken energia-kontsumoaren % 32k, gutxienez, energia berriztagarrietatik etorri beharko du. Erantsi duenez, klima-aldaketaren mehatxuari erantzuteko gai izango den “trantsizio energetiko benetan eraldatzaile batek ekintza eraginkorrak eta inbertsio oso garrantzitsuak eskatzen ditu”. Horregatik, “gure ekonomia eta enpleguak zenbat eta sendoago, orduan eta baldintza hobeetan egongo gara erronka bikoitz horri aurre egiteko, eta klima-aldaketari emandako erantzuna orduan eta arrakastatsuagoa izango da”, Ansolaren aburuz. Hain zuzen, “mugarri” den arau berriak trantsizio-prozesuaren aukerak baliatzeko eta euskal industriaren lehiakortasuna eta eraldaketa bultzatzeko erronka jasotzen du, garapen teknologikoan eta industrialean eta deskarbonizazioan oinarrituta.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube