Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
“Guk herria eraikitzen genuen bitartean, beste batzuk etxekalte aritu dira”, azpimarratu du Egibarrek
“Hamarkadetan zehar, gure ekintza politikoa herria eraikitzean, arazoak konpontzean eta herri gisa behar ditugun jauzi berriak emateko aukerak sortzean oinarritu da”, gogorarazi du. GBBko presidenteak Gari Mendizabal eta Ane Gil Gipuzkoako hautagaitzako Urolako ordezkariak babestu ditu, Azpeitian egindako aurkezpeneanArgazkiak...
EAJ-PNVk apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako zerrendako Urolako hautagaiak aurkeztu ditu gaur Azpeitian. Basozabal jauregian egindako jendaurreko ekitaldian, Joseba Egibar GBBko presidenteak Gari Mendizabal eta Ane Gil babestu ditu, Gipuzkoan jeltzaleek aurkeztutako zerrendako 9. eta 11. postuak betetzen dituztenak, hurrenez hurren. Bertan izan dira ere Azpeitiko eta eskualdeko ehun bat alderdikide eta alderdizale ere.
Bere hitzaldian, GBBko presidenteak azpimarratu du “guk eraikitzen genuen bitartean beste batzuk etxekalte” aritu direla. “Gu guztion etxeari kalte eginez, Euskadiri, alegia. EAJk beti egin du lan herri honek aurrera egin dezan eta hobera egin dezan; beste batzuek ez duten jarrera bera izan eta suntsitzen jardun dute bitartean. Hamarkadetan zehar, gure ekintza politikoa herria eraikitzean, arazoak konpontzean eta herri gisa behar ditugun jauzi berriak emateko aukerak sortzean oinarritu da”, gogorarazi du.
“Hamarkada hauetan –zehaztu du-, nazio eta gizarte eraikuntzan erabaki estrategikoak hartu ditugu, txanpon beraren bi aldeak baitira bi alor horiek, orekatuta egon behar dutenak”. Horren harira, oinarririk gabeko promesak egitea ez dela zuzena azaldu du, “ezin dira promesa jakin batzuk egin, pentsioei buruz entzuten ari garen bezala, horretarako tresnak izan gabe”. Aldiz, aurrera begira “bi eraikuntza-prozesu horiek jauzi kualitatibo bat eskatzen dute, estatus berri bat eta estatuarekin harreman berri bat, berdintasun- eta errespetu-maila batean erlazionatzeko aukera emango digun”, azpimarratu du.
Egibarren arabera, erabaki “estrategiko” horien artean “nagusia bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua izan da. Orain badirudi ezin dela iragan hurbilaz hitz egin. Bada, guk badaukagu iragan bat, harro sentiarazten gaituena, harrotasunez aurkezten duguna, ez harrokeriaz. Eta hala aldarrikatzen dugu. Beste batzuek ikusiko dute hitz egitea erabakitzen duten ala ez, baina argi izan dezatela herri hau ez dela amnesikoa eta oso ondo dakiela zer gertatu den”.
“Orain, ikusten ari gara itxurakerietan dabiltzan ezker abertzale bat, baina sorrerako helburua ez duena aldatu, ordea: EAJ ordezkatzea, garaitzea, azpian hartzea, ETAk bere jatorrian egin nahi izan zuen bezala. Inposaketa eta kontrola beren izaeran daramate, eta hori ez da ahazten. Bere helburua boterera iristea eta herria kontrolatzea da, dagoeneko erabakita dutena berresteko helburu bakarrarekin bultzatzen dituzten parte-hartze prozesuek erakusten duten bezala, kudeatzen dituzten erakundeetan”, deitoratu du.
GBBko presidentearen arabera, “gauza guztiak ez ditugu ondo egin eta hori aitortzen jakin behar da. Herritarrei egia esan behar zaie, egia hori gustuko izan ala ez. Baina argi dugu, akats horiekin ere, errealitatea oso urrun dagoela ezker abertzaleak proiektatu nahi duen sentsaziotik: zerbitzu publikoak gainbeheran daudela, alegia. Horregatik, bere hautagaiak ez du ezer proposatzen, baina esaldi bat errepikatzen du: ‘Esto no va bien'. Berdin dio energiaz, zaintzaz eta hezkuntzaz hitz egiten badu, errepikatu egiten du esaldi hori, sentsazio hori zabaldu nahi duelako”.
Estrategia horri aurre egiteko eskatu du, “ondo kudeatuz, behar dena zuzenduz, berritu beharreko guztia berrituz. Horregatik hitz egiten dugu proiektu batez eta indarberritutako pertsonez. Horrela berreskuratzen baita ilusioa, proiektu batekin eta pertsonekin, umiltasunez, irekitasunez eta lan serioarekin. Horiek dira finkatu behar ditugun balioak, ez gara egia absolutuaren jabe, baina jarraitu nahi dugun ibilbidea bat dugu, arazoak konpontzen, herrialdea egiten, eta herri gisa jauzi berriak egiteko aukerak lantzen eta sortzen, jakinda hori ez dela lortzen egun batetik bestera”.
“Euskadi zazpi lurraldez osatutako nazioa da”, azaldu du Egibarrek. Eusko Legebiltzarraren izaera ere izan du hizpide, “euskal nazioaren parlamentua da, hamar euskaldunetik zazpi ordezkatzen baititu bere baitan”. Legebiltzarraren izaera konfederala azpimarratu du, “lurralde bakoitzak ordezkari berak ditu Legebiltzarrean, biztanle ezberdinekin, eta, horregatik, 75 eserleku baino gehiago daude ganberan, atzean bokazio konfederala dagoelako, non lurralde bakoitzak bere ordezkaritza duen nazio beraren zati gisa”.
Testuinguru horretan, “euskaldun egiten gaituena euskara” dela eta “abertzale egiten gaituena Euskadi” dela gaineratu du. “Baina nazioa bere osotasunean zaintzeaz gain, pertsonak ere zaindu behar dira, pertsonarik gabeko lurraldetasuna paisaia hutsa baita. Euskadik barne hartzen ditu pertsona guztiak eta bere-bereak dituzten oinarrizko eskubideak: politikoak, sozialak, kulturalak, ekonomikoak, linguistikoak...”.
Amaitzeko, mezu bat bidali die alderdikideei, hautagaiei eta, bereziki, gazteenei. “Ez dakit zein izango den emaitza, baina inkestak ikusten baditugu, badirudi gehiengoaren nahia, alde handiarekin, EAJk gobernatzea dela. Bada, EAJk gobernatzea nahi baduzu, logikoena EAJri aukeratzea da. Hori da gaurtik hauteskundetara arte errepikatu behar dugun mezua”.
“Zutik jarraitzen dugu, ideiak argi ditugu, betikoak gara baina indar berrituekin, bidea egiten ari den gazteria dinamiko eta eraginkor baten eskutik. Ez ahaztu, herritarren ordezkari izateaz gain, nazio bat ordezkatzen duzuela. Izan biderkatzaileak, ez makurtu burua. Jarraitu urratsak ematen, bidean elkartuko gara eta hilaren 21ean elkar zorionduko dugu”.
Gari Mendizabal, berriz, eskertuta agertu da alderdikideek eta GBBk emandako “konfiantzagatik”. “Harro sentiarazten nau eta prest nago nire eskarmentua herritarren zerbitzura jartzeko. Eraldaketa betean gaude: erronka demografikoa, aldaketa klimatikoa, trantzisio energetikoa, adimen artifiziala, digitalizazioa, globalizazioa… gurean ditugu. Guk abertzaletasunetik egin nahi diegu aurre desafio horiei, garena eta gurea dena defendatuz, eta horretan gaude. Kulturartekotasuna jorratuz, baina geuretik”.
Haren esanetan, “koherentzia, seriotasuna, zintzotasuna eta elkarlana” dira EAJren ezaugarriak. “Balio horiek txertatuta daude gure abertzaletasunean. EH Bilduk ezin du gauza bera esan, makillajeak makillaje. Arazo zailen aurrean erantzun errazak saltzea badu izena: populismoa. Horren adibide dugu Zestoan gertatzen ari dena, eta egin dituzten itxurakeriazko parte-hartze prozesuak. Entzute aktiboak autokritika eta aldatzeko borondatea eskatzen ditu, baina ez dute halakorik erakutsi. EAJren aurka egite horretan, batzuetan gizartea anestesiatu, eta beste batzuetan asaldatzen. Garaia da garbi salatzeko azpijoko hori, eraiki beharrean oztopatzen eta eragozten aritze hori”.
Bere aldetik, Ane Gilek hauxe esan zuen hauteskundeei begira: “Gazteak Euskadi eginez eta emakumeak aberria eginez joan behar dugu apirilaren 21era. Euskadi eginez, aberria eginez. Emakumea eta gaztea izateko aukerarik onena, abertzale izatea da. Eta bide onena, Eusko Alderdi Jeltzalea. Gazteak gara, gure herrian errotuta, hemen eta kanpoan euskal nortasunarekin eta jakintzetara irekita, inork ez maneiatzeko”. Halaber, “aberria egiteko” deia luzatu die emakumeei. “Emakume burujabeak aberri burujabearen alde. Emakumeok eta gazteok Euskadi egiten dugu eta Euskadik egiten gaitu. Hori behar dugulako eta hala nahi dugulako. Hori ondo egiteko Eusko Alderdi Jeltzalea da aukera onena. Emakume eta gazte: erabaki dezagun ondo”.
Urolako hautagaiak
Gari Mendizabal: 2017an afiliatua eta Zestoako UBBko kidea. 50 urte ditu, musikaria eta euskalduna da. Bilboko Udal Txistulari Bandako zuzendaria (2004-2022). Zestoako Udaleko EAJ-PNVren Udal Taldeko zerrendaburua eta bozeramailea, eta Eusko Legebiltzarkidea.
Ane Gil: 2014an afiliatua, 30 urte ditu, irakaslea da, euskalduna eta Azpeitian jaioa. EGIko Gipuzkoako Erkiko kide ohia. Gaztetxo gazte elkarteko begiralea, zuzendaria eta arduraduna izandakoa.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31