Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/03/06

Tejeria: “Berdintasun-politiketan hartutako lidergo instituzionalari esker, Euskadi berdintasun indizeen lehen lerroetan kokatu du EAJ-k”

Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian, EAJ-PNVren berdintasunaren aldeko konpromiso “historiko eta ukaezina” aldarrikatu dute hautagaiek, Debagoieneko zerrenda-kideak aurkezteko agerraldian
Tejeria: “Berdintasun-politiketan hartutako lidergo instituzionalari esker, Euskadi berdintasun indizeen lehen lerroetan kokatu du EAJ-k”

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako Debagoieneko zerrenda-kideen aurkezpena egin du gaur EAJ-PNVk Bergarako Batzokian, Bakartxo Tejeria zerrendaburuarekin batera. Martxoaren 8ko aldarrikapen egunaren atarian egonda, hautagai jeltzaleek EAJ-PNVren eredua defendatu eta emakumeen eskubideen alde duen konpromiso irmoari balioa eman diote bi zentzutan: emakume abertzaleek berdintasunaren alde egindako ekarpen historikoa  gogora ekarriz, batetik, eta, bestetik, EAJ-PNVk erakundeetan berdintasun politikak sustatzerako orduan  izan duen aitzindaritza azpimarratuz.

Bergarako Batzokian egin duten agerraldian parte hartu dute Debagoienetik aurkeztuko diren EAJ-PNVko sei zerrena-kideek: Elena Lete, Aitor Urrutia, Marijo Etxegoien, Agurne Juldain, Josu Ezkurdia eta Maite Agirre.

Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburuak "Euzko Alderdi Jeltzalearen eredua" azpimarratu du: "oinarri sendoak eraikitzeko lan egitea, pausoz pauso aurrera egitea, helburu argiekin eta emaitza frogagarriekin". Ildo horretatik, azken hamarkadetan erakundeetatik eta politikatik berdintasun-politiken lidergo instituzionala bultzatu duten EAJko ordezkarien lanaren garrantzia azpimarratu du, hain zuzen, “eurei esker, Euskadi Europako eskualdeen artean, genero-berdintasunaren indize handiena duten lurraldeen artean lehen lerroetan kokatuta baitago gaur egun”. Duela mende bat baino gehiago Emakume Abertzale Batzako emakumeekin hasi zen defentsa, eta gaur egun ere jarraitzen du, gaineratu du.

"Hori da egin duguna eta egiten jarraituko duguna", azpimarratu du. "Lau hamarkada baino gehiagoan eraikitzen joan garen funtsezko zerbitzu publikoak hobetzen jarraituko dugu; ekonomia eta kalitatezko enpleguaren sorrera bultzatzen; kohesio eta justizia soziala indartzen; eta euskaldunok erabakitzen duguna errespeta dadin lan egiten, hori baita gure etorkizuneko bermerik onena", azaldu du.

Bere hitzaldian, Bakartxo Tejeriak Gipuzkoako eta oro har euskal kooperatibismoa goraipatu du, “kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzen duen produkzio-ereduaren adibidea; gure ongizate-sistema indartzen jarraitzea ahalbidetzen duen aberastasuna”. Ildo horretan, "jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua eragiteko beharrezkoak diren baldintzak sortzearen garrantzia” azpimarratu du, “ingurune politiko, instituzional, fiskal eta sozial egonkor eta fidagarria, honek gure produkzio-sarearen lehiakortasunari mesede egiten baitio".

Marijo Etxegoienek berdintasunaren aldeko aldarrian, aurreko belaunaldien ekarpenari eta garrantziari eman nahi izan dio balioa, lehenik eta behin, eta azpimarratu du EAJ-PNVren zein alderdiko emakumeen berdintasunaren aldeko konpromisoa “historikoa eta ukaezina” dela, Emakume Abertzale Batzaren “lan aitzindari eta aurrerakoia” gogora ekarriz. Gaur egungo EAJ-PNVko emakumeak, Emakume Abertzale Batzaren lekukoa hartu eta “emakume hauen ikuspegi sozial, berdinzale eta progresistaren ondorengoak” direla defendatu du Oñatiko hautagaiak. Honela, soka luze baten ondorengo gisa, emakume aitzindari eta abertzaleen lana aldarrikatu du, “feminismoa ez baita orain sortu Euskal Herrian, 100 urte dira feminismo abertzalea sortu zela, gaur egun baino iraultza handiagoa egin zuten gure aitzindariak izan ziren emakume hauek”.

Zerrenda kide debagoiendarrak

Eusko Legebiltzarrerako EAJ-PNVren Gipuzkoa zerrendari dagokionez,  sei gizon-emakumek osatzen dute Debagoieneko ordezkaritza.  Hala, Mikel Lete Gipuzko Buru Batzarreko kideak, “bailaratik esperientzia asko eta konpromiso handia” duten hautagaiak aurkeztuko direla nabarmendu du, “Debagoieneko ordezkaritzarik onena, ilusioz eta indarrez aurkitzen dena, gure bailararen eta Euskadiren alde lan egiteko gogoz”.

Hauek dira Debagoieneko sei kideak:

•  Elena Lete (7. postuan) 58 urte. Bergara. 2017an afiliatua. Arkitekto Teknikoa. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendua eta Hirigintza Zuzendaria (2013-2015). Bergarako Alkatea (2016-2019). Legebiltzarkidea.

•  Aitor Urrutia (8. postuan) 50 urte. Eskoriatza. Zuzenbidean Lizentziaduna. Antzuolako Udalean zinegotzia (2019-2023). Eskoriatzako Uri Buru Batzarreko presidentea. Legebiltzarkidea.

•  Marijo Etxegoien (10. postuan). 49 urte. Oñati. Zuzenbidean Lizentziaduna. Emakume eta gizonen berdintasunaren gaineko Masterra. Aholkulari juridikoa Emakunden. Oñatiko Udalean zinegotzia (2003/2007 – 2015/2023).

•  Agurne Juldain (22. postuan) 44 urte. Arrasate. Psikologian Lizentziatua. Sarea Fundazioa: Bidean Heziketa Zentro Okupazionalaren arduraduna. Arrasateko Udalean zinegotzia.

•  Josu Ezkurdia (23. postuan) 56 urte. Eskoriatza. Eskoriatzako UBBko kidea. Ingeniaria. Gipuzko Buru Batzarreko Burukidea (2016-2020). Aberri Batzarreko kidea. Eskoriatzako Udalean EAJ-PNVko taldearen bozeramailea. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko Administrazio Kontseiluko kidea.

•  Maite Agirre (29. postuan) 36 urte. Bergara. Bergarako udaleko zinegotzia 2015etik. Aberri Batzarreko kidea. Emakume eta gizonen berdintasuneko Masterra. Enpresen administrazio eta zuzendaritzan Gradua eta Finantza zuzendaritzan eta Zuzendari idazkaritzan Diplomaduna. Aberri Batzarreko ordezkaria.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube