Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Pradalesek “etorkizun fidagarri” baten alde egin du Zarautzen, “aberastasuna sortzea” eta “ongizate integrala” lehentasuntzat hartuta
EAJren lehendakarigaiak bere proiektua partekatu zuen atzo Antoniano Aretoan Zarauzko eta Urola Kostako afiliatu eta jarraitzaileekinArgazkiak...
Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia Zarauzko eta Urola Kostako afiliatu eta jarraitzaileekin batzartu zen atzo Antoniano aretoan, Euskadiren etorkizunari buruz duen ikuspegia eta bere proiektu politikoaren ildo nagusiak partekatzeko. 270 lagun elkartu ziren mukuru betetako aretoan, eta horietako hainbatek zutik entzun zuten hitzaldia. Pradalesek bertatik bertara jaso zituen afiliatuen proposamen eta ekarpenak, eta hainbat galdera erantzun zituen, eskualdez eskualde bere hauteskunde-programa zehazteko egiten ari den entzute aktiboko prozesuaren barruan.
Bere hitzaldian, hautagai jeltzaleak Euskadiko “pertsona guztientzako etorkizun fidagarri bat” aldarrikatu zuen, eta lehentasun gisa kokatu zituen “ongizate integrala” eta “enplegua eta aberastasun ekonomikoa sortzea”. Lehen ardatzean, hainbat erronka mahai gaineratu zituen: “Osasun sistema indartzea, pandemiaren zauriak sendatuz, Hezkuntza Lege berriaren aukera guztiak aprobetxatzea, politika propioak garatzea gazteek emantzipatu eta bizi proiektuak garatu ahal izan ditzaten, segurtasuna mantentzea, defendatu behar dugun altxorra baita, eta politika sozial aurreratuak bultzatzea. Gipuzkoak asko dauka erakusteko azken esparru horretan, 10.000 pertsonek egiten baitute lan hirugarren sektore sozialean, esaterako”.
Era berean, “arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza” indartzearen alde egin du, “pertsona guztientzat kalitatezko enplegua eta aukerak sortuko dituen ekonomia lehiakorra izaten jarraitzeko. Babestu egin behar dira enpresa-proiektuak abian jartzearen aldeko apustua egiten duten pertsonak, arriskatzen eta ekiten dutenak, eta baldintza egokiak sortu behar dira beren proiektuak aurrera eraman ditzaten, arlo publikotik bakarrik herri honen erronkei aurre egin ahal zaiela esaten dutenen aurrean. Hori da gure eredua. Eta ekonomia berriek eskaintzen dituzten aukera guztiak aprobetxatu behar ditugu, hala nola berdea eta digitala. Tren hori hartzea funtsezkoa da hurrengo belaunaldien ongizatea bermatzeko, gure aurretik zeudenek egin zuten bezala”.
Kanpainari begira, adierazi du “proposamenei buruz” hitz egin eta “ereduak alderatu” nahiko lituzkeela, “herritarrek konparatu ahal izan ditzaten. EAJn argi daukagu gurea zein den, eta beste batzuek ere argi eta garbi hitz egitea gustatuko litzaiguke, hitz politak eta promes gauzaezinak alde batera utzita”.
Garagunera bisita
Hitzaldiaren aurretik, hautagai jeltzaleak lan-bilera bat izan du Gipuzkoan desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten duten erakundeekin: Atzegi, Uliazpi, Goyeneche Fundazioa, Aspace eta Gautena. Ekitaldian bertatik bertara entzun ditu eragile horien erronkak eta beharrak, eta haiekin partekatu ditu EAJk gizarte politikan duen programaren ildo nagusiak. Bilera Garagunen izan da, Aldapetako eraikin berrian. Bertan, adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako bi gizarte-baliabide daude: eguneko zentroa, 25 plazarekin, Goyeneche Fundazioak kudeatua, eta etxebizitza bat, zazpi lagunentzako laguntza duena, goiko solairuan, Atzegik kudeatua.
Pradalesek zentro horren funtzionamendua ezagutzeko aukera izan zuen. Zentro horrek arreta pertsonalizatuko zerbitzu baten alde egiten du, komunitateko bizitzan parte hartzea bilatuz, Urola Kostako eskualdean laguntza-premia desberdinak dituzten pertsonei erantzunez, eta haien garapena lehenetsiz, bizi diren ingurunean bertan edo inguruan. Azken horrek ekimen aitzindari bihurtzen du. “Euskadin, berrikuntzan, arreta pertsonalizatuan eta komunitateari irekian oinarritutako gizarte- eta zaintza-eredu baten alde egiten dugu. Erakundeen, irabazi-asmorik gabeko gizarte-erakundeen eta komunitatearen arteko lankidetza da gure bereizgarrietako bat, eta funtsezkoa izaten jarraituko du zainketen eta pertsona guztien gizarteratzearen etapa berri batera igarotzeko. Horrelako ekimenek bidea markatzen dute”, amaitu du Pradalesek.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31