Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Tolosako EAJ-PNVk positibotzat jo ditu 2024ko inauteriak, zenbait gaiek gogoeta, arreta eta hobekuntza eskatzen duten arren
Tolosako EAJ-PNVko Udal Taldeak bere balorazio propioa egin du Tolosako inauterien inguruan, Tolosako herriarekin partekatu nahi duenaAurten ere, tolosarrok umorez, sormenez, txispaz eta satiraz bete ditugu Tolosako kaleak.
Aurten ere, inauteri egun bizi eta eder batzuk gozatzeko aukera izan dugu, eta inauteriak komunitate eta herri gisa, gure esentziaren eta nortasunaren parte direla erakutsi da.
Aurten ere, inauteriak ondare partekatua eta kolektiboa direla ikusi da, belaunaldiarteko jai bat, tolosar guztiona dena; zaindu behar dugun ondare immaterial bat.
Gure arreta merezi izan duten alderdi batzuei buruzko hausnarketa gutxi batzuk tolosarrekin partekatzea egokia iruditu zaigu, gure jai maiteenak zaintzen eta hobetzen jarraitzeko.
POSITIBOKI BALORATZEN DITUGUN ALDERDIAK
• Tolosan dagoen gaitasuna, umorearen, sormenaren eta satiraren bidez, gure herriari, gure egunerokotasunari, gure arazoei, beste ikuspegi batetik begiratzeko, osasun kolektiboko ariketa gisa.
• Beste behin, inauterietan zehar Tolosa garbi eta goizero jaiarekin jarraitzeko prest utzi duten langile guztien konpromisoa eta dedikazioa. Gure eskerrik beroena eta aitortzarik zintzoena.
• Esker mezu bera Kultura Sailarentzat, muntaiaz arduratzen den brigadarentzat, Udaltzaingoarentzat eta Babes Zibileko taldearentzat, inauterien antolaketa eta logistika ahalbidetzeagatik.
• Positiboki baloratzen dugu Euskal Herria plazaz beste era batera gozatu ahal izana inauteri hauetan: esate baterako, haurren danborradan edota Asteartitako txarangen topaketan.
• Zerkausiko dantzaldiak ondo hartu ditu herriak eta aurreko urteetan baino jende gehiago bildu da; Piñata Igandeko zezen-suzkoari ere harrera ona egin zitzaion, batez ere txikienen partetik.
• Aiz Orratz-Veleta (Kabi Alai Kuttun 2024) elkarteari egindako eta ondo merezitako aitortza, Tolosako inauteriei eta bereziki haurrei egindako ekarpen handiagatik; Urdiña Txiki elkarteari ere berdin, Tolosako Kaldereroak 50 urtetan zehar antolatu izanagatik.
• Tolosako musikarien inplikazio izugarria, adin guztietakoak; Tolosako inauteriak ez lirateke ulertuko daukagun musika errepertorio eder hori gabe, doinu horiek gabe.
ARRETA BEREZIA MEREZI DUTEN ALDERDIAK ETA HAIEK HOBETZEARREN GOGOETA BEHAR DUTENAK
• Zaldunita egunean ezinezkoa izan zen txarangentzat zezen-plazatik jaistea; berpentsatu eta aztertu behar den gai bat da, xexenen ondoren txarangekin batera salto eginez erdigunerantza jaistea, inauterietako oso une berezia baita.
• Karrozekin eta konpartsekin erlazioa duten gaiak ere badaude, eta horiek lantzen eta doitzen jarraitu behar da: zaraten kontrola, biltegiratzeko espazioa, plataformen garraioa, elektrifikazioa. Pausoak ematen joan gara azken urteotan, baina lanean jarraitu behar da jai-eredua hobetzen jarraitzeko.
• Urtero herriko hainbat lekutan bainu publikoak jartzeko ahalegina egiten bada ere, pixaren kontuak urtero eragozpen ugari sortzen dituen gaia da. Emakumeentzako halako bainu publiko gehiago aurreikusi beharko lirateke.
• Tolosako hirigintza-elementu garrantzitsu batzuk festaren gehiegikerietatik babesteko neurriak hartu badira ere (adibidez, "Atauts" eskultura), egia da inauteriak era guztietako pintadekin amaitu dituzten fatxada asko daudela (publikoak eta pribatuak). Gai hau premiazkoa da eta konponbide integrala eta eraginkorra behar du.
• Jai-eremuen txandakako logikak herriko eremu berriak jai-egitarauan sartzen saiatu beharko luke.
• Jai-ereduari dagokionez lanean jarraitu behar dugu: funtsean, badirelako kezkak alkoholaren/kontsumoen, hondakinen eta zaratekin erlazionatuta.
AZKEN HAUSNARKETA
• Inauterietako eragile batzuk Zaldunitan Udal Gobernuari egindako plantoa dela eta, datorren urtean aurrerapen handiagoarekin lan egitea eskatzen diogu Udal Gobernuari, jai-eragileekiko enpatia gehiago erakustea eta harremanak hobeto kudeatzea, datozen urteetan horrelako protestak saihestearren.
• Tamalez, ezin izan dugu eraso sexistarik gabeko jaiez gozatu. Behin eta berriz esan behar da jokabide horiek erabat arbuiatzen ditugula.
• Igande gauean gertatutakoaren nondik-norakoak ikertzen ari diren honetan, tolosarrok gure jaiak bakean eta liskarrik gabe gozatzeko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dugu; jai seguruak nahi ditugu. Espero dugu gertatutakoa lehenbailehen argitzea, egindako ikerketen ondorioek zehaztea zer neurri hartu behar diren eta zauritutako pertsonak ahalik eta azkarren osatzea.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31