Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/02/23

"Kezkatzen gaitu irundarren %46ak, batez ere 50 urtetik beherakoek, Irun bizitzeko leku egokia ez dela esateak"

Talde jeltzalea ez dago ados duela aste batzuk Udal Gobernuak aurkeztutako Auzoen Azterlanaren ondorioekin

2022ko azaroan, Irungo udaleko Gizarte Ongizateko arloak jakinarazi zuen Irungo auzoen inguruko azterlan soziologiko bat abian jarri zela, eremu bakoitzeko egoera soziala aztertzeko eta, horrela, bertan hautematen diren beharrei erantzun egoki bat emateko.

Horren harira, duela aste batzuk, Ongizateko Saileko ordezkaria prentsaurrekoan agertu zen berriro ere, "Irungo auzoak, bizitzeko leku egoki gisa baloratuak dira" izenburupean. Hori bai, izenburu honek harritu egiten gaitu, behin ikerketa aztertu ondoren. Izan ere, datu bakoitza xehatuz eta duela bi urte iragarritako azterlanaren xedea goraipatuz, hau da, irundarrek planteatzen dituzten arazoei erantzuna ematea, deigarria egiten zaigu alde batetik inkestatuen banaketa ez zehaztea, eta, alde berean, irundarrek helarazten dituzten datu kezkagarrietako bat bera ere ez aipatzea. Hain zuzen ere, herritarrenganako gardentasun eta zintzotasun ariketa batean, gure taldeari beharrezkoa iruditzen zaio Irunen bizi dugun errealitatea erakusten duten datuei duten garrantzia ematea:

-       Irunen gazteen ehunekoa Gipuzkoako batez bestekoaren azpitik dago, baina 65 urtetik gorakoena batez bestekoaren antzekoa da.

-       Biztanleria atzerritarrari dagokionez, batez bestekoa baino ia 3 puntu gorako daude.

-       Langabezia tasan batez bestekoa baino 3 puntu gorago daude.

-       Batez besteko errenta pertsonala 4.000€koa da, Gipuzkoako batez bestekoa baino txikiagoa.

-       Biztanleko BPGa 5.400€koa da, lurraldekoa baino txikiagoa.

-       Biztanleriaren %46ak dio Irun erregularra, txarra edo oso txarra dela bizitzeko. Are gehiago, adinean behera egin ahala, pertzepzio negatiboak gora egiten du.

-       Immigrazio ehuneko handiena duten auzoek dute pertzepzio txarrena, bai auzoari dagokionez, baita hiriari dagokionez ere. San Miguelek, adibidez, ez du gainditzen (4.7)

-       Irungo baloraziorik txarrena gure hirian jaiotakoek egiten dute.

-       %52.8k uste du Irungo egoerak okerrera egin duela. Kasu horretan ere, pertzepzioak okerrera egiten du adin tartea jaitsi ahala.

-       Herritarrek gutxien baloratzen dituztenak mugikortasuna, zerbitzuak, ekipamenduak, TAO eta aparkalekua dira.

Datu horien harira, garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea, egindako azterlanak biztanleriaren zahartzea azpimarratzen duela baita gure hiria adinekoen beharretara egokitzearen garrantzia ere. Hori hala da, noski, baina deigarria eta bitxia da, hain zuzen ere, adinekoak izatea hirian arazo gutxien ikusten eta adierazten dituztenak. Eta horren aurrean, gure buruari galdetzen diogu, non geratzen dira gure gazteak? Haien ongizatea, etorkizuna gure hirian, Irunen?

Era berean, eta amaitzeko, egindako azterketaren ondoren, EAJtik ez dugu ulertzen azterlanak gure hirian segurtasuna hobetzeko neurri edo jarduketa bakar bat ere ez jasotzea. Jakinda hori dela gure herritarrak gehien kezkatzen dituen gaietako bat. Era berean, irundarrek mugikortasunaren inguruan duten kezkaren aurrean, azterlanak ondorioztatzen du eta irtenbideak mugatzen ditu;  mugikortasun iraunkorra sustatzera, disuasio aparkalekuak sortzera eta landa eremuekin lotura berriak sortzeko aukera aztertzera… Irunek zintzotasuna merezi du, bizi dugun egoera onartzen duen Udala behar du, eta horrela, guztion artean, errealitateari aurre egin eta gure hiria hobetu. Hau da gure nahia eta helburua, EAJ-PNVrena. Guztion artean lortu dezakegu, baina horretarako gure pertsonek gure hiriaren inguruan azaltzen dituzten arazoak onartu, hauetan sakondu eta hala, konponbide osoak eta bideragarriak eskaini.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube