Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/02/13

EAJ-PNVk “Andoainen aldeko” akordioa itxi du

Azken hilabeteotan, Andoaingo EH BILDUk eta EAJ-PNVk alderdi bakoitzak dituen jarrera politikoak eta irizpideak partekatu dituzte
EAJ-PNVk “Andoainen aldeko” akordioa itxi du

Azken hilabeteotan, Andoaingo EH BILDUk eta EAJ-PNVk alderdi bakoitzak dituen jarrera politikoak eta irizpideak partekatu dituzte, andoaindarrek epe labur eta ertainean aurre egin beharko dieten arazo ezberdinei dagokienez. Elkarrizketa-prozesu horren ondorioz, udalerriaren erronka nagusiei buruzko diagnostiko bat partekatu da.

Bi aldeak bat datoz erronka garrantzitsu horiei bermez eta arrakastaz aurre egiteko Andoaingo Udalak kudeaketa gaitasuna behar duela baieztatzean. Horretarako, ezinbestekoa da iraganeko blokeo- eta konfrontazio-egoerak gainditzea, eta ahalik eta adostasun eta ulermen zabalenak bilatzen lan egitea. Gobernuan dagoenaren eta oposizioaren artean 4 urtean behin errepikatzen diren oztopo politikoak gainditu behar ditugu, begirada luzatu eta etorkizun urrunago baten inguruan lan egin ahal izateko.

Gizartea gero eta azkarrago ari da aldatzen, eta Andoaingo Udalak eguneratu eta modernizatu egin behar du bere egungo konfigurazioa, andoaindarrei ahalik eta zerbitzu hurbilena eta eraginkorrena eskaini ahal izateko. Bi alderdiek uste dugu prozesu hori ez dela aldebakartasunetik egin behar, adostasunetik eta kontsentsu zabaletik baizik, prozesu horretan sor daitezkeen zailtasunak gaindituz.

Akordio honen bidez lortu nahi diren erronketako batzuk honako hauek dira: gero eta zaharragoa den gizarte baten eraldaketa sozio-sanitarioa eta zaintza sistema, maila anitzeko agenda bat behar duen krisi klimatiko-energetikoa, dinamizazio handiagoa eta kalitate handiagoko enpleguak eskatzen dituen ekoizpen-sarearen garapen lehiakorra eta ekonomikoa, etxebizitza-eskaintza berria ahalbidetuko duen hirigintza-eredu proaktiboago baterantz eraldaketa, bizitzeko espazio publiko integratzaileago eta atseginagoaren kudeaketa, gure kultura zaintzeko eta euskararen erabilera sustatzeko erronka. Horren guztiaren helburuak izan behar du kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea Andoaingo pertsona guztientzat, bereziki azpimarratuz Andoaingo Udalak eskaintzen dituen funtsezkoak eta lehen mailakoak diren zerbitzuak.

Horregatik guztiagatik, akordio hirukoitza proposatu da. Lehenengo atalean, 2024 urterako aurrekontu-proiektuari hobekuntza proposamenak adostu dira, eta hauek otsailaren 15ean bozketara jarriko dira. Bestalde, Andoaingo udalerriko erronka inbertitzaileak adostu dira, jarduteko lan egutegi bat ezarriz, horiek guztiak Udalaren diruzaintzako gerakinetik finantzatu ahal izateko. Azkenik, akordio politiko bat itxi da hainbat gai desblokeatzeko eta bi alderdien arteko ekintza koordinatua sustatzeko, tokiko erronka nagusietako batzuk garatzeko.

2024ko UDAL AURREKONTUAREN INGURUKO AKORDIOA

ENPLEGUA

150.000€ tokiko ekonomia sustatzeko. Tokiko merkataritzari eta ostalaritzari zuzendutako zuzeneko hainbat laguntza-lerro sustatuko dira. Eskariaren arabera handitu ahal izango da kopurua.

Digitalizaziorako laguntzak. Material teknologikoa eskuratzeko inbertsioak finantzatuko dira lerro honen bidez. Horrez gain, digitalizazio-prozesuak bultzatuko dira erosketa-salmenta, ticketing, web edo komunikazio sisteman. Online erosketa-zerbitzuen ezarpena aztertzea ahalbidetu nahi da tokiko saltokietan, “Azoka Digitala” kontzeptuan sakonduz.

Eraginkortasun energetikora bideratutako laguntzak. Energia-kontsumoa murrizten duten merkataritza lokalak eraberritzeko, fatxadak eta ateak aldatzeko, isolamenduak instalatzeko edo kontsumo txikiko argiztapena ezartzeko jarduerak finantzatzea planteatzen da.

Irisgarritasuna sustatzeko laguntzak. Merkataritza-lokalak irisgarri egiteko era guztietako jarduerak finantzatu nahi dira, baita kalearen eta barrualdearen arteko oztopoak konpondu ere (arrapalak edo elementu mekanikoak egokitzeko obrak, bainuak, seinaleak eguneratzea).

HEZKUNTZA ETA KULTURA

25.000€ IZTURITZAGA etxearen koordinazio zientifiko eta teknikorako ARANZADIrekin hitzarmena sinatzeko. Ondarearen eta eraikuntzaren ikuspegitik benetako egoera ezagutu nahi da, eraikinaren potentzialtasunak aztertzeko.

10.000€ IZTURITZAGA etxeari buruzko beharrezko azterlan teknikoak egiteko aurreikusitako gastuei aurre egiteko (egiturazko diagnostikoa eta patologien azterketa). 2023an laser bidezko 3D eta tipografiatua gauzatu dira.

HIRIGINTZA ETA INGURUMENA

70.000€ LEITZARANGO PAPER-FABRIKAREN eremuan kutsatutako lurzoruei eta beharrezko hondakinen kudeaketari buruzko azterketak egiteko. Eremu estrategiko bat erregeneratzeko beharrezkoak diren hirigintza-izapideak hasi nahi dira, Andoaingo birika berderako sarbidea baita. Helburua gune hau andoaindarren gozamenerako berreskuratzea izan behar da.

5.000€ Leitzaran bailarako ZEC babes bereziko eremua handitzeko tramiteak izapidetzeko. ZEC babes izendapen berri bat bultzatzea, Adarrako mendilerro osoa Berastegiraino barne hartuz, besteak beste, inguruko belardiak eta mendiak, Usabelartzako eta Belabietako zohikaztegiak, eta Andoainen eta Adarra ibaiaren iparraldean Urnietan identifikatutako flora mehatxatuko espezieak dituzten errekak (adibidez, Leitziturriko erreka) eta hagin zuhaitz-unada jasoko dituena.

ZERBITZUAK

5.000€ URA agentziarekin batera OLAGAINGO PASABIDEA eraisteko behar diren hondakinak kudeatzeko. Kudeaketa koordinatua da, bi administrazioen arteko lankidetza-protokoloaren barruan kokatua. URA agentziak pasabidea eraitsiko du (gaur egun egoera estruktural arriskutsuan dago), ibai-eremuaren eta inguruko errestaurazio lanak sustatzeko, eta Udalak aldiz, hondakinen kudeaketan lagunduko du.

20.000€ Andoaingo udalerrian APARKALEKU aukera berriak aztertzeko. Partida bereizia eta osagarria da, gaur egun existitzen diren aparkaleku publikoak egokitzeko erabiliko diren 420.000 euroez gain (gerakineko diru bidez hornituko direnak). Plazen eskaintza arian-arian handitu ahal izateko kokaleku berriak identifikatzea du helburu, batez ere saturatuen dauden eta zailtasun handienak dituzten gune edo kaleetan.

10.000€ herriko SEMAFOROETAN seinaleztapen akustikoa ezartzeko. Zebrabidetan hobekuntzak sustatu nahi dira, ibilbide irisgarriak bermatu ahal izateko.

EUSKARA

12.500€ PARKETARRAK ekimenerako. Aisialdian euskararen erabilera bultzatzea planteatzen da. Dagoeneko 800 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute herriko parke ezberdinetan sustatu diren hainbat jolas-jardueratan, txikienei eta haien arduradun zuzenei aisialdian eta denbora librean euskaraz hitz egitera animatzeko.

7.500€ EUSKARAZ BARRA BARRA ekimena sustatzeko. Helburua da jendeak erraztasunak izatea identifikatzea zein saltoki eta establezimendutan hitz egin daitekeen euskaraz. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bultzatutako proiektu bateratua da, eta Andoaingo herria izan da udalerri bultzatzaileetako bat.

KIROLAK ETA ARIKETA FISIKOA

70.000€ UDAL KIROL INSTALAZIOETAKO MAKINERIA mantentzeko eta hobetzeko. Ohikoak diren urte anitzeko aurreikuspen ekonomikoak indartu dira, erabiltzaile ugarik maiz eskatzen dituzten kirol makinen hobekuntza eta berritzea azkarrago burutzea posible izan dadin.

12.000€ KIROL EGOKITUA sustatzeko, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin (GKEF) egindako hitzarmen baten bidez. Finantziazio horren bidez, bi erakundeen arteko aldebiko harremana formalizatu nahi da, eta Andoaingo herrian kirol egokitua ikusaraztea eta normalizatzea ahalbidetuko duten dinamikak ezberdinak sustatu nahi dira. Horrela, kirol-arloan jarduerak koordinatu edo sustatuko dira, orain arte tokiko elkartegintzatik eta kirol-klubetan egin diren ekimenak osatuz.

INBERTSIO-LEHENTASUNEI ETA DIRUZAINTZAKO GERAKINAREN KUDEAKETARI BURUZKO AKORDIOA

Andoaingo udalerriko lehentasunezko inbertsioak identifikatu eta adostu dira. 2023ko behin betiko likidazioaren berri izan ondoren, bi alderdiek konpromisoa hartzen dute adostutako partidak diruz hornitzeko beharrezkoak diren kreditu-aldaketak aurrera eramateko. Hauek betetzeko egutegi bat ezarri da, eta, kasu batzuetan, urte anitzeko zuzkidura ekonomikoak beharko dira (ikus ERANSKINA)

TOKIKO GAI DESBERDINETAN EKINTZA POLITIKO KOORDINATURAKO AKORDIOA

UDALAREN BERRANTOLAKETA: Herritarren beharrei erantzuna emateko eta Udal bezala ahalik eta zerbitzu eraginkorrena eskaini ahal izateko, funtsezkoa da udal egituraren berrantolaketa. Norabide  horretan  hurrengo hilabetetan urrats ezberdinak emango dira.

LIBURUTEGI BERRIA BULTZATZEA: Liburutegiaren mahaia berraktibatzea eta bultzada adostu da. 2023an burututako kokapen alternatiba desberdinen azterketaren emaitzei erreparatuta, bi aldeek berme onenak eskaintzen dituen kokapena bultzatuko dute, eta horretarako beharrezkoak diren hirigintza-izapideak abiaraziko dira. Aldi berean, egungo Liburutegiaren baldintzak duintzen saiatuko dira, eta liburutegia larunbat eta igande goizetan irekitzeko modurik eraginkorrena zein den aztertuko da, herritarrek aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan erabaki zutenari erantzun emateko.

MARTIN UGALDEREN FUNTS PUBLIKOA: 2021etik Andoaingo Udala Martin Ugalderen Udal Funtsa digitalizatzen ari da. Idatzizko eta multimediako materialen digitalizazioa osatzeko unea da, eta material horiek erreproduzitzeko eta zabaltzeko eskubideak eskuratu ondoren, herritarrekin modu publikoan partekatzeko unea. Helburu horretarako webgune bat martxan jartzearen lehentasuna aurreikusi da.

GALARDI HAURRESKOLA: 2023an hartutako konpromisoari eustea erabaki da, Andoaingo haurreskolaren matrikula %100ean doakoa izan dadin, inguruko herriekin alderatuta penalizazioak saihestuz eta eskaintza lehiakorra eskaini ahal izateko, eskualdean eskaintzen ari denarekin bat etorriz. Aldi berean, Galardi Haurreskola Partzuergoaren sarean sartzea aztertzeko prozesuari ekingo zaio, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan. Prozesu hori gaur egun eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea uneoro bermatuz garatuko da.

HONDAKINEN KUDEAKETARI BULTZADA EMATEA: jauzi kualitatibo bat egiteko unea da, eta bi aldeek adosten dute birziklatze-tasa %70etik gora hobetzeko neurriak bultzatzea. Horretarako, funtsezkoa da gaikako bilketaren eta bereziki errefuxaren kudeaketa optimizatuagoa egitea eta gainerako gaien bilketa ehunekoak handitzea (organikoa, papera, beira, ontziak, olioa, kafe-kapsulak...). Bestalde, Tolosaldeko Mankomunitatearekin lankidetzan, edukiontzien eguneratzea eta hobekuntzak bultzatzea adostu da, adibidez, edukiontzien irisgarritasuna bermatuz.

APARKALEKUEN ASFALTATZEA ETA LANDA-BIDEEN MANTENTZE-LANAK: bi aldeek urte anitzeko jarduera-plan bat adostu dute aparkaleku publikoen asfaltatzearen bidez egungo aparkaleku-baldintzak hobetzen joateko, baita landa-bideak mantentzeko plan jarraitu bat ere.

TELELAGUNTZA ZERBITZUA ZABALTZEA: Telelaguntza-zerbitzua udalerrian zabaltzeko eskumena duten erakundeekin lankidetzan aritzea erabaki da; gaur egun, 80 urtetik gorako pertsona guztiei eta, pixkanaka, 65 urtetik gorakoei ere. Zerbitzu honen helburua da bakarrik bizi diren pertsonei arreta profesionala emateko lerro espezifiko bat abian jartzea.

Bi aldeek horrela adostuta, akordioaren jarraipena egiteko eta ekimenen gauzatze maila egiaztatzeko hiru hilabetean behin jarraipen batzordea bilduko da. Koordinazio organo horrek balioztatuko edo berrestuko ditu  egon daitezkeen aldaketak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube