Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Debako Udalak datozen 10 urteetarako oinarriak ezarriko dituen Euskara Plana egiteko prozesu parte-hartzailea hasi du
Lantaldeak sortu eta bilera ezberdinak egingo dira, egungo egoeraren ikuspegi argia izateko eta Debak hamarkada batean egon nahi duen lekurako bidea marrazteko.Debako Udalak Euskara Plana garatuko duela iragarri du, datozen 10 urteetan Udalaren eta herriaren gidari eta oinarri izango dena. Plan hori partaidetza-prozesu baten bidez garatuko da, eta beraz, Debako bizilagunen lankidetzaren garrantzia ezinbestekoa izango da; Debako nortasunaren funtsezko zutabe izaten jarraituko duen etorkizun elkarrekin eraikitzea da Udalaren helburua.
Hiru lantalde
Planaren edukia osatzeko, hiru lantalde eratuko dira, arlo estrategikoak oinarri izango dituztenak:
1) transmisio/sozializazio lantaldea (familia eta eskolaz gain, kirola, kultura eta aisia, besteak beste), arlo horietan dabiltzan eragileekin egin nahi dena;
2) merkataritza lantaldea, denda eta ostalaritzan establezimenduak dituztenekin;
3) sentsibilizazio lantaldea, euskalgintzan diharduten elkarte zein, oro har, norbanako guztiekin. Lehenengo bietarako, arlo horietan diharduten herriko eragileei bidali zaie gonbidapena eta, hirugarrenean, herrian euskara garatzen eta indartzen lagundu nahi duen edozeinek parte hartu ahal izango du.
Sentsibilizaziorako lantaldeak hiru bilera egingo ditu martxoa eta maiatza bitartean, diagnostikoak partekatzeko, hurrengo hamarkadarako helburuak eta horiek lortzeko ekintzak proposatzeko eta, azkenik, lortutako emaitzak aurkezteko, fintzeko eta osatzeko. Saio horiek martxoaren 14rako, apirilaren 11rako eta maiatzaren 9rako daude programatuta; bilera guztiak ostegunetan izango dira, 18:30ean hasita.
Bilerak eta formularioa
Horrez gain, bilera ireki bat edo bi antolatuko dira, lantaldeek egindako lanen berri emateko eta debarren ekarpen gehigarriak jasotzeko. Gaur egungo egoeraren ikuspegi argia izateko eta Debak hamarkada batean egon nahi duen lekurako bidea marrazteko, diagnostiko-formulario bat ere partekatu da, eta otsailaren 29a baino lehen betetzeko eskatu da.
Euskararen Planaren harira, Alazne Txurruka alkateak bere eta Udalaren konpromisoa adierazi du, Deba erabat euskalduna den herria izaten jarraitzeko konpromisoa. "Gure nortasuna mantentzeko eta indartzeko, ezinbestekoa da elkartuta lan egitea, batera, Udala, tokiko eragileak eta herritarrak. Guztion laguntzarekin, aurrerapauso handiak lortuko ditugulakoan gaude. Aldez aurretik guztion ahalegina eskertu nahi dut, eta Plan garrantzitsu honetan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi dizuet”.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31