Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/02/02

EAJ-PNVk merkatarientzako aholkularitza zerbitzu berri bat proposatu du Irunen

Talde jeltzalea kezkatuta agertu da, eta merkatariei, diru laguntzak eskatzeko orduan, osoko aholkularitza eskaintzea proposatu du, hala hauek eraginkorrak izan daitezen bermatzeko
EAJ-PNVk merkatarientzako aholkularitza zerbitzu berri bat proposatu du Irunen

Gurean aspaldi aldatu dira erosteko ohiturak. Eguneroko lana, aisialdi eskasa, txikienak edo adinekoak zaintzea... faktore asko dira, besteak beste, bitarteko digitalen bidezko erosketak, ohiko edo hurbileko erosketari gailentzea eragin dutenak.

Erosketa ohituren aldaketa horretan, gainera, beste faktore batzuek ere, gure hiriko merkataritzako bezero-kopuruaren galeran eragina dutela kontuan eduki behar dugu. Esaterako, merkatari askok segurtasun kontuak tinko azpimarratzen dituzte, hau indartzeko eta bermatzeko eskatuz. Era berean, hainbat merkatarik adierazi digute, Udalak ematen dituen laguntza asko balorazio subjektiboen mende daudela, eta, batzuetan, nekez ase edo osa ditzaketela.

Gure hiriak bizi duen egoera ikusita, non azken bi urteetan 50 saltoki baino gehiago itxi diren, 781 establezimendu izatetik 2023an 728 izatera pasatuz, merkatariekin elkartzeko beharra ikusi dugu EAJ-PNVtik, euren errealitatea aztertzeko, eta beraien benetako beharrak zeintzuk diren entzuteko. Horrela, merkatari hauei irauteko eta ez desagertzeko behar duten bultzada hori eskaintzen laguntzeko. Eta elkarrizketa horietatik atera dugun ondorioetako bat izan da merkatari hauek asko eskertuko luketela, diru laguntza hauen eskaera egin aurretik, osoko aholkularitza pertsonalizatua jasotzea. Modu honetara, laguntzak eraginkorragoak izan lirateke, eta beren helburua beteko lukete, irundarrei ahalik eta gehien lagunduz.

EAJ-PNVtik uste dugu aholkularitza zerbitzu berri honek laguntzak baloratzeko irizpideak aztertu beharko lituzkeela, eta hala, merkatariei aholkuak eman beharko lizkiekeela, eskaerak behar bezala aurkez ditzaten, beraien indar-guneak ahalik eta gehien aprobetxatuz. Izan ere, dakigunez, kasu batzuetan laguntza horiek erabakigarriak izaten dira ateak irekitzen dituen saltoki batek Irunen bere proiektua sendotu eta finkatu ahal izateko.

Amaitzeko, azpimarratu nahiko genuke, Irun hiri bizi bat izatea nahi badugu, ezinbestekoa dela kaleetan merkataritza izatea eta sustatzea; hurbileko merkataritza, kalitatezkoa, KM0 produktua indartzen duena. Irungo Udalak gaur egun aukerak eskaintzen ditu, bai, baina uste dugu haratago joan litekeela, modu aktiboagoan lagun liezaieke ekitea erabakitzen duten pertsona horiei, gure hirian merkataritza bat irekitzearen alde eginez. Eta kasu honetan, EAJtik uste dugu zeharka lan egin behar dela, gure hirira bisitariak erakartzeko eta, ondorioz, Irunen garatzen diren jarduerak ez daitezela soilik barne kontsumoaz elikatu. Datuek modu objektiboan bizi dugun errealitatea erakusten dute, hala ba, uste dugu ezinbestekoa dela gogoeta egitea eta non hobetu behar den ikustea. EAJ-PNVtik Irungo merkataritza eta ostalaritza jarduera areagotu nahi dugu, eta, baita Irun jasaten ari den egoerari aurre egin ere. Era berean, egiten dugun proposamen hau azaltzeko eta egun izan daitekeen aholkularitza hobetu ahal izateko, bilera bat eskatu diogu Hiriko Sustapen Ordezkariari.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube