Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/02/01

9.946.508 aurrekontuari esker, hasiera berria izango du Debak

Aurrekontu berrian %15,6ko igoera aurreikusten da Gizarte Politiketara bideratuta, guztira, 590.667 euro. Politika horiek etxebizitzen alokairua handitzea ahalbidetuko dute eta baita ere 100.000 euroko partida bideratzea Debako beharretara egokituko den Zaintza Ekosistema bat garatzeko, adineko pertsonei zuzendua egongo dena.
9.946.508 aurrekontuari esker,  hasiera berria izango du Debak

Debako Udalean izan berri den Osoko Bilkurak 2024rako Udal Aurrekontuak onartu ditu. Hori horrela, Debako Udalak 9.946.508 euroko aurrekontua izango du 2024an, udalerriarentzat hasiera berri bat markatuz, ikuspegi ekonomiko eta sozial berri baten pean. Horietatik 1.060.000 Itziarko Auzo Udalari zuzenduko zaizkio, eta 669.608 Deba Musikal Patronatuari.

Udal gobernua osatzen duten EAJ Deba eta Orain Deba alderdiek babestu dituzte aurrekontuak; EH Bildu abstenitu egin da. Aurrerapauso garrantzitsu honek, agerian uzten du gobernu taldearen nahia: Deba biziberritzea eta herriaren garapenean eragitea. 

Alazne Txurruka alkateak azaldu duenez, EH Bilduren aurreko udal gobernutik jasotako gorabeheren gainetik, aurrekontu hauek Deba biziberritzeko lehen urrats garrantzitsua dira: "aurrekontuen ikuspegi berri honekin, herritarren oinarrizko beharrei erantzun nahi zaie, eta esparru sendo bat eman nahi da debarrek beren bizi-proiektuak beren udalerrian osotasunez eta konfiantzaz garatzeko aukera izan ditzaten".

Alazne Txurrukak une honen garrantzia azpimarratu du: "gaur onartutako aurrekontuak zifra bat baino gehiago dira; azken urteetan gure herriak izan duen joera dekadentearekin amaitzeko dugun konpromisoaren isla dira. Trantsizioko lehen aurrekontu hauek Debaren ezaugarri diren dinamismoa eta bizitasuna berreskuratzea dute helburu,  herritar bakoitza zainduz eta artatuz".

% 15,6 gehiago, gizarte-politiketarako

2024ko Udal Aurrekontuak datuetan azaltzerako orduan, Alazne Txurruka bereziki gizarte-politiken arloan zentratu da: "aurten, %15,6 handitu dugu gizarte-politiken gastua, 2023ko datuekin alderatuta, 590.667 euroko aurreikuspenarekin. Garrantzitsua da nabarmentzea alokairurako laguntzetara bideratutako partidak nabarmen handitu direla, bikoiztu baino gehiago egin baitira aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Era berean, Eguneko Zentroaren zerbitzuak eta dibertsitate plana indartu ditugu, Deban pertsona guztien inklusioa eta aukera berdintasuna bermatuko duten neurri batzuk garatzeko helburuarekin".

Gizarte politiken ikuspegi hau bat dator hauteskunde kanpainan Debako herritarrekin hartu genituen konpromisoekin, dio Txurrukak: "lanean ari gara gure adinekoek zerbitzu eskaintza anitzagoa eta osoagoa izan dezaten, haiekiko dugun errespetua eta zaintza nahia islatuz. Gainera, 100.000 euroko inbertsioa egin dugu gure udalerriko egungo errealitatera egokituko den Zaintza-ekosistema bat garatzen hasteko".

Hala ere, Txurrukak dio korporazio berriaren nahiak haratago doazela: "badakigu, gizarte politika eraginkorren proposamen bati eusteko, funtsezkoa dela Debako merkataritza, industria eta turismo sarea babestea. Estrategia integral honek debarren bizi-kalitatea hobetzeaz gain, tokiko ekonomia indartzea du helburu. Oreka hori funtsezkoa da hazkunde iraunkorra eta komunitate oparoa bermatzeko".

% 46ko igoera garapen ekonomiko eta turistikoan

Gobernu talde berriak garapen ekonomiko eta turistikoarekin duen konpromisoa onartu berri diren aurrekontuetan ere jasotzen da. Alkateak adierazi du: "arlo horietan egindako inbertsioa %46 handitzea erabaki dugu, eta erabaki horrek erakusten du Deban garapena eta oparotasuna bultzatzeko erabakia hartu dugula. Esparru horren barruan, gure tokiko negozioei eta ekoizleei laguntzeko partidak %66ko igoera izan du. Hori tokiko ekonomiari ematen diogun babesaren seinale garbia da, enpresa txiki eta ertainek Debako ehun ekonomikoan duten funtsezko garrantzia aitortuz. Gainera, turismo-sustapenak aurrekaririk gabeko bultzada jaso du, aurreko aurrekontua hamar aldiz biderkatuz. Gorakada nabarmen honek gure nahia erakusten du: Deba bizitzeko leku ezin hobea izateaz gain, bisitarientzako herri erakargarria izatea".

Alkatearen esanetan "hartutako neurri horiekin udal gobernuaren konpromiso agerian geratzen da, Deba kalitatezko zerbitzu eta proiektuen herria izatea nahi dugu, herri anitza, bai bertakoentzat, bai etorriko direnentzat ere. Garapen ekonomiko eta turistikorako inbertsio horiek urrats estrategikoak dira Deba dinamikoagoa eta oparoagoa sortzeko bidean. Izan ere, gure herritarren ongizatea eta gure udalerriaren erakargarritasuna elkarri lotuta doaz".

Inbertsio berriak, estrategikoak

Alazne Txurrukak, halaber, aurreikusitako inbertsioen hazkunde nabarmena zehaztu du: "aurten, inbertsioak 893.846 eurokoak izango dira; 2023an aldiz, 134.574 euro bideratu ziren. Horrek erakusten du gure udalerriaren etorkizunerako proiektu estrategikoak bultzatzeko hartu dugun erabakia. Partida garrantzitsuenetako bat eraginkortasun energetikoa landuko duen proiektura dago bideratua 220.000 euro baino gehiagoko aurreikusi ditugu. Energia eraginkortasuna helburu duen proiektu hau funtsezkoa da Deba iraunkorrago baterantz aurrera egiteko, eta, horrez gain, gure udalerriko argiztapena hobetu eta energiaren gastua murrizteko; 2023an 280.336 eurokoa izan zen gastu hori. Inbertsio honek ingurumenarekiko eta eraginkortasunarekiko dugun konpromisoa islatzen du, gure udalerriaren etorkizunerako funtsezkoak diren bi zutabe".

Gainera, "50.000 euroko partida bideratu da Zumardia berritzeko. Ekimen honek debar askoren nahiari erantzuten dio, esperotakoa baita. Debako gunerik maitatuenetako eta enblematikoenetako bat biziberritzeko lehen urratsa izango da".

Giza baliabideak, kudeaketarako giltzarri

Giza baliabideen kudeaketari dagokionez, Txurrukak dio: "udal plantilla ez handitzea erabaki dugu. Izan ere, aurreko legegintzaldian sortutako egiturak udal-baliabideen zati handi bat horiek mantentzera bideratu behar ziren,  gure toki-administrazioaren bideragarritasuna eta iraunkortasuna arriskuan jarriz. Garrantzitsua da gogoratzea, EH Bilduren kudeaketapean, Udaleko plantilla 43 langiletik 51ra igo zela, eta horrek 8 lanpostu eta 791.090,1 euroko gastu hazkundea ekarri zuela. Igoera hori ez zen justifikatu lortutako emaitzen arabera, eta, horregatik, giza baliabideen kudeaketa eraginkorrago eta iraunkorrago baten alde egin dugu".

Etxebizitza izateko aukera, lehentasunezkoa

Era berean, Txurrukak berretsi egin du gobernu taldeak hartutako  konpromisoa, hau da, debarrek beren udalerrian bizi ahal izateko aukera izatea: "bi urteko atzerapenaren ondoren, legegintzaldia hasi bezain azkar Elizburuko etxebizitzak martxan jartzeari eman genion lehentasuna. Aste gutxira egin genuen etxebizitza tasatuen zozketa, eta dagoeneko hasi gara etxebizitza horiek eraikitzen, debarrei etxebizitza eskuragarriak eskaintzeko funtsezko neurria izan da hau".

Aurten, 2024ak, Amillagako proiekturako prestaketen hasiera ere markatuko du, 2025ean hastea espero baita: "ekintza hauek urrats sendoak dira debarrek etxebizitza duin eta eskuragarriak izan ditzaten. Udala gobernuak lan egingo du Deba herri inklusiboa eta debarrentzat abegitsua izan dadin".

Lau bilera oposizioarekin

Era berean, alkateak EH Bildurekin udal aurrekontuak lantzeko prozesuan izandako ikuspegia azaldu du: "garrantzitsua da azpimarratzea, abenduaren 19tik urtarrilaren 19ra bitartean, oposizioarekin lau bilera egin ditugula, gure udalerriko finantza plangintzan hainbat ikuspegi txertatzeko ahaleginean. Bilera horietan, aurrekontuak egiteko edozein prozesutan sortzen diren ohiko proposamenak eta gaiak jorratu ditugu. Hala ere, oraingo honetan oposizioaren ekarpenak galderak eta zalantzak planteatzera bideratu dira. Udal gobernu taldetik erantzun eta argitu ditugu kezka hauek, prozesu garden eta eraikitzaile bat mantentzeko helburuarekin. Hala ere, azken lau urteetan EH Bilduk izandako esperientziak eta  zinegotzietako bat %70ean liberatua izateak ez du lagundu prozesuan lankidetza aktiboagoa bat izaten, ezta proposamenak egiterako orduan ere”.

Amaitzeko, Alazne Txurruka alkateak esker oneko hitzak izan ditu Udal Aurrekontu hauek posible egin dituzten pertsonentzat: "gure eskerrik onenak adierazi nahi dizkiot Orain Deba taldeari, lan egiteko eta lankidetzan aritzeko duen gaitasunagatik. Agerikoa da aurrekontuen lanketan, zein udalerriaren eguneroko kudeaketan ere. Era berean, nire alderdiaren izenean eskerrak eman nahi dizkiet sei zinegotziei, duela urtebetetik hona guztiok merezi dugun Deba eraikitzeko lan nekaezina egiteko konpromisoa hartu dutelako. Eta neurri berean, eskerrak eman nahi dizkiet idazkariari, kontu-hartzaileari eta Udalaren egunerokoan lan egiten duten teknikari-talde osoari".

INBERTSIO NAGUSIAK

* Diru-sarrera eta gastu arrunten artean superabitik egongo ez denez, eta trantsizioko aurrekontuak direnez, inbertsio berriak 2023ko ekitaldiko gerakinaren kontura egingo dira.

Zaintza-ekosistema (Gizarte-politikak) 100.000 euro

Eraginkortasun Energetikoaren Proiektua (Ingurumena) 223.000 euro

Irulearen kaperan egin beharreko konponketak (Hirigintza) 46.315 euro

Irisgarritasun Plana (Hirigintza) 18.000 euro

Gipuzkoako Urak (Alameda) (Hirigintza) 18.000 euro

Casa Campo behatoki berria (Turismoa) 14.000 euro

Karsta eta Gizakia (Turismoa) 30.000 euro

Etxebizitza plana (Gizarte zerbitzuak) 15.000 euro

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube