Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/01/31

“Kontinuista” den eta “hobetu daitekeen” aurrekontuari abstentzioa eman dio Elgetako EAJ-PNVk

Alderdi jeltzaleak zortzi zuzenketa aurkeztu ditu, 24.700 euroko kostuarekin, eta behin aurreko ekitaldiko gerakina gehitzean negoziatzea espero ditu.
“Kontinuista” den eta “hobetu daitekeen” aurrekontuari abstentzioa eman dio Elgetako EAJ-PNVk

EH Bilduk 2024rako aurkeztutako aurrekontu-proiektuari osoko zuzenketa egitea baztertu ostean, EAJ-PNVk zortzi zuzenketa partzial egin ditu udal kontuak hobetzeko asmoarekin. Talde jeltzaleak egindako proposamenen balioa 24.700 eurokoa da, eta besteak beste espazioak, belardiak eta hiri-altzariak atontzea, euskara bultzatzea eta ingurumenarekiko kontzientziazioa lantzea dute helburu.

Mikel Larrea bozeramaileorde jeltzalearen berbetan, “aurrenkontu hau zehastasun gutxikoa da eta ez du udal gobernuaren norabiderik ezta benetako asmorik islatzen”. “Kontu hauek udal eraikinen, instalazioen eta zerbitzuen mantentze-lanetara daude bideratuta funtsean”. EAJren arabera proiektu hau “kontinuista” da argi eta garbi, eta aurreko agintaldian “konpondu barik gelditutako gaiak” jasotzen ditu. “Gure ustez, badago hobetzeko tartea eta bada garaia etorkizuneko proiektu estrategikoak definitzeko. Epe ertain-luzean gura dugun Elgeta planifikatzeko momentua da. Egunerokotasunak harrapatzea erraza delako eta, horregatik, argi eduki behar dugu nora goazen, eta hori bistatik ez galdu”, adierazi du Larreak. Horrekin batera, gogorarazi du EH Bilduri gobernu plan bateratu baten gainean lan egitea eskaini ziotela, kudeaketari egonkortasuna eta ikuspegi estrategikoa emateko, eta oraindik ez dutela erantzunik jaso.

Xehetasunetan sartuta, jeltzaleek arreta deitu dien proiektuaren hainbat aspektu zerrendatu dituzte. Alde batetik, adierazi dute gastu arruntak sarritan nahasten direla kapital- edo inbertsio-gastuekin. “Gainera, kostuak eta diru-sarrerak orekatzeko, 100.000 €-ko mailegua eskatuko da helburu zehatz barik”, azaldu du Larreak. Bestetik, aditzera eman dute kezka eragiten diela “gastu arrunta eta langileria gastua urtez urte handitzen doazelako, eta bilketaren ondoriozko diru-sarrerak, berriz, nahiko antzekoak direlako”. Aldi berean, onartu dute Udalak beste erakunde batzuetatik jasotzen dituen transferentziak handituz joan direla, baina horrek ere erakusten duela “menpekotasun handiagoa” eta, beraz, “autonomia eta erabakitzeko gaitasun” txikiagoa. Horregatik guztiagatik, gobernu-taldeari hausnarketa egitea eskatu diote.

Testuinguru horretan, EAJ-PNVk kritika eraikitzaile baten alde egiten du, hobetu beharreko kontuak adieraziz eta akordioa beste behin lehenetsiz. “400.000 euroko zor biziarekin badakigu udal-kutxaren finantza-egoera ez dela onena, baina gure ustez aurrekontua prestatzeko metodologia aldatuta, dauden baliabide eskasei probetxu askoz gehiago atera dakieke”. Alderdi jeltzalearen arabera lan egiteko moduari dagokionez “zorroztasun falta” nabaria da, izan ere, batzorde informatiboek euren ekintza politikoaren helburuak ezarri beharko lituzkete berez eta, ondoren, dagozkien aurrekontuetan sartzeko aurrera eraman beharreko proiektuak definitu eta kuantifikatu beharko lituzkete. “Batzordeetan parte-hartzen badugu ere, aurrekontuan ez ditugu horietan eztabaidatu eta proposatutako helburuak ikusten”, dio Larreak.

Edozelan ere, jeltzaleek udal gobernu berriari “arrazoizko konfiantza tartea” ematen jarraitzea erabaki dute elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidetik: “Espero dugu orain barneratu ezin izan diren zuzenketak aurreko ekitaldiko gerakina kontuetan sartzen denean negoziatu ahal izatea. Ordenantza fiskalak onartzeko eskua luzatu genuen, eta gure proposamenetako batzuk onartu egin ziren; orain gauza bera egin dugu aurrekontuarekin, eta maiatzetik aurrera (urtebete 2023-2027 agintaldia hasi zenetik) jarraipen zehatza egiten hasiko gara, EH Bildurekin lortutako akordioak behar bezala bete daitezen”.

EAJ-PNVk proposatutako zuzenketa partzialen zerrenda:

1.- Herriko kaleen eta eraikin publikoen irisgarritasunari buruzko diagnostiko-txostena eguneratzea. (5.000 euro)

2.- Informazio-pantaila bat jartzea Mendizaleen plaza inguruan. Besteak beste herriko agenda kulturalaren, udaleko gaurkotasunaren, kirol-eskaintzaren, eguraldiaren, kontzientziazio-kanpaina ezberdinen edota autobus-ordutegien berri emateko balioko du. Gainera, iragarkiak jartzeko aukera egongo litzateke udalari diru-sarrera gehigarria emanez. (8.000 euro)

3.- Herriko ekonomia jarduerari buruzko azterketa sozioekonomikoa egitea. Helburua hiru sektore ekonomikoen egoeraren argazkia ateratzea da eta horren araberako neurriak planteatuko dituen txostena osatzea. (7.000 euro)

4.- Hondakinen gaikako bilketa hobetzeko eta txakurren edukiera arduratsurako  kontzientziazio-kanpaina martxan jartzea. (1.500 euro)

5.- Umeen artean euskararen erabilera handitzeko txoke plana diseinatzea, eragileen eskutik. (2.500 euro)

6.- Mediku-kontsultategiaren kanpoaldeko estalpean bankua edo paretari erantsitako jarlekua ipintzea, izan ere, barrukoa beteta dagoenean pazienteek (asko adineko pertsonak) kanpoan itxaron behar izaten dute.  (500 euro)

7.- Hainbat mantentze-lan: San Roke kaleko goi parteko banku, belardi eta loreontziak atondu, Maalako Magdalena ermitari hobekuntzak egin eta kanposantuko baselizaren egurrezko aurrealdea bernizatu. (2.000 euro)

8.- Liburutegi aurreko semaforoaren besoa (arkua, zati horizontala) kentzeko aukerak aztertzea eskatu Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari. Eraikinaren fatxada nagusiaren ikuspegia tapatzen du eta soluziorik balego, estetikoagoa iruditzen zaigu bakarrik euskarria lagatzea (zati bertikala). (Aldundiarekin hitzartzekoa)

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube