Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Donostiak soziala, inbertitzailea eta jasangarritasunaren aldeko neurriak dituen aurrekontua aurkeztu du
Donostiako Udalak 483.617.126 euroko aurrekontu kontsolidatua izango du, 2023an baino %4,68 handiagoaDonostiako Udal gobernuak 2024.urterako aurrekontu-proiektuaren zirriborroa aurkeztu du. Aurrekontua %4,68 handituko da eta 483.617.126 eurokoa izango da.
Eneko Goiaren iritziz, aurrekontuak hiru lehentasun ditu: donostiarren bizi kalitatea hobetzea auzoak hobetzeko hainbat jarduketei esker; behar gehien duten pertsonei laguntzea; eta hiriko ingurumena eta iraunkortasuna hobetzea.
Alkateak adierazi du udal gobernuak aurrekontua diseinatu duela aurrera egiten duen hiriarentzat, hain zuzen ere, gelditzen ez den hiriarentzat eta hurrengo hogei urtetara begira dagoen hiriarentzat. Hortaz, helburua da, hurrengo belaunaldiei hiri hobea uztea: etxebizitza gehiagorekin, lan egiteko eta bizitzeko aukerekin, ingurumen hobeagoarekin, eta egun dugun gizarte-kohesio handiagoarekin. Hau da, hiri erakargarria, hazten jarraitzen duen hiria eta talentua erakarri eta bertakoa eusten duen hiria.
Goiak esan du, eskaintzen diren ondasun eta zerbitzuen kostuak handitu direla, eta ondorioz, zuhurtziaz kudeatu behar dela, nahiz eta Udalaren finantza-egoera ona den. Horri esker, zerbitzu hobeak eskaini eta proiektu garrantzitsuak garatu daitezke Donostia lehiakorra eta punta-puntakoa izaten jarraitzeko.
Horren harian, gaineratu du, aurrekontuak zor-publikoa handitzea aurreikusten duela, Euribor delakoaren igoeragatik, baita Loiolako Kuartelak erosteko sinatuko den maileguagatik. Aurreikuspenen arabera, urte honetako lehen seihilekoan sinatuko dira eskriturak.
Donostiako alkate Eneko Goiak, Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotzi Kerman Orbegozok eta Ekonomia, Enplegu eta Ekologiako zinegotzi Marisol Garmendiak aurkeztu dute aurrekontu-proiektuaren zirriborroa, Tokiko Gobernu Batzarrak onartu aurretik. Behin onartuta, Ogasun Batzordean emango dira aurrekontu-proiektuaren gaineko azalpenak.
Diru-sarrera eta gastu arruntak
Gastu arrunten aurrekontu-sailen handitzeak eragin du aurrekontu kontsolidatuaren igoera. Hortaz, Kerman Orbegozok zehaztu du, Pertsonal-Gastuari bideratutako aurrekontu-sailak %6,08 handitu direla, eta horien artean azpimarratu behar dela langileen soldatak %3 handituko direla eta, besteak beste, 16 funtzionario lanpostu berri sortuko direla mugikortasun agente, suhiltzaile, eta Gizarte Ekintzako, Obra eta Proiektuetako, Ekonomia Kudeaketarako eta Lehendakaritzako langile izateko.
Bestalde, eskaintzen diren zerbitzuek eragindako gastu arrunta iaz baino %1,50 handiagoa izango da, eta aldiz, Gizarte Ekintzako gastu arrunta %1,85 igoko da, Hiri-Mantentze zerbitzuetakoa %1,51, eta Ingurumenaren gainekoa %12,12.
Udalak gastu arruntari aurre egin ahal izango dio Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren ekarpena iaz baino %7,05 handiagoa izango delako 2024ean. Hortaz, foru funtsatik 177,6 milioi euro jasoko ditu.
Horrekin batera, Udalak zerga-politika eguneratu du, eta OHZ, IAE delakoan, Ur eta Sanemenduan edo Hondakinen bilketaren gaineko zerga eta tasak neurriz igo ditu, eta ondorioz, iaz baino 6 milioi euro gehiagoko diru-sarrera izango du. Horrenbestez, eskaintzen diren zerbitzuak mantendu eta hobetu ahal izango ditu, eta martxan dauden inbertsioei zein proiektu berriei heldu ahal izango die.
Gizarte gastua
Orbegozok honakoa azaldu du: “Aurrekontu proiektua eginda dago gehin behar duten pertsonei laguntzen jarraitzeko. Horretarako, Gizarte Ekintza departamentuko aurrekontua %8,58 handitu da. Gehien handitu diren aurrekontu-sailen artean Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (%14,71) zein Lan Partekatuaren Planaren Laguntzak eta elikadurara bideratutakoak daude (%9,3).
Gainera, aurrekontu-proiektuak Villa Saliaren obren amaiera aurreikusten du, eraikina egokitzeko eta ekipatzeko 500.000 euro zenbatzen duten bi aurrekontu-sailekin. Eraikin honek HESTIA zerbitzua (gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonak artatzeko eguneko zentroa) eta familiak laguntzeko programa ezberdindak garatzeko zerbitzua hartuko ditu.
Halaber, Antiguako Gizarte Zerbitzuen Zentroa handitzeko lehen pausoak emango dira; Gros auzoko jubilatuen elkartea lekuz-aldatzeko prozesua hasiko da, baita Erdialdeko jubilatuen elkartea berritzeko prozesua ere; eta bi teknikari berri izateko plazak sortuko dira eta zerbitzu orokorretara eta psikologo bat izatera bideratuko dira.
Mugikortasun jasangarria
Ekonomia eta Aurrekontua Kudeatzeko zinegotziak azpimarratu du, aurrekontu-proiektuak Udal gobernuak mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu sendoa erakusten duela. Eta horretarako, Dbus-i ekarpen handiagoa egiten dio, eta bidegorrien zein mugikortasun bertikalaren gaineko hainbat ekintza aurreikusten ditu.
Horiek horrela, aurrekontu-proiektuak Dbus-en kapital gasturako 1,6 milioi euroko ekarpena aurreikusten du segidakoa aurrera eramateko: Mugi Birtuala ezartzeko, mikrobus berriak erosteko, suteak ekiditeko sistema berritzeko, eta hainbat ekipamendu berri izateko. Era berean, Udalak 1,2 milioi euroko ekarpena egingo dio 17.linean BEI proiektua ezartzeko.
Kerman Orbegozok nabarmendu du, Europatik hainbat diru-laguntza etorriko direla Dbusek 12 metrotako 24 autobus elektriko erosteko, pantografoak eta kargadoreak erosteko eta instalatzeko, markesina adimentsu berriak jartzeko, eta autobus elektrikoen flota kargatzeko kudeaketa sistema ezartzeko. Horiek guztiak Electrizen izeneko proiektuaren barruan daude, hain zuzen ere, 2024an 7,2 milioi euroko inbertsioa izango duen proiektuan.
Erregina Erregente inguruaren berrantolaketa eta Zurriola zubiaren egokitzapena -espaloi bat handituko da– izango dira Mugikortasun departamentuak 2024an burutuko dituen bi proiektu garrantzitsu. Helburua da Bulebarra eta Zurriola arteko bidegorriaren lotura hobetzea. Bi inbertsio hauek egiteko aurrekontua ia milioi bat eurokoa da.
Hiri-proiektuak, Suhiltzaileak eta Babes zibila
Inbertsioei buruz, Kerman Orbegozok honakoa adierazi du: “Udalaren finantza-egoera onari eta Europako Batasunatik iritsiko diren funtsei esker, Udalak inbertsioak egiteko duen gaitasuna bermatuta dago”. Horren harian, zehaztu du, Udalak ia 64 milioi euro izango dituela hasitako proiektuak garantzen jarraitzeko eta 2024an proiektu berriei heltzeko.
2024ko aurrekontu-proiektuak inbertsioetarako 100 aurrekontu-sail baino gehiago aurreikusten ditu, eta horiei esker, martxan dauden garapen urbanistikoekin aurrera jarraituko da, kirol eta kultur instalazioetan hainbat inbertsio egingo dira edo hiriko hainbat lekutan zein udal eraikinetan hobekuntzak egingo dira.
Halaber, Su-Itzalketa, Prebentzio eta Salbamendu zerbitzuak eta Babes Zibilak makinak berriak, instalazioak eta tresneria berritzeko eta ibilgailuen flota berritzeko aurrekontu-sailak izango dituzte. Eta besteak beste, 3 kamioi berri eta 4x4 ibilgailu bat erosi ahal izango dira. Gainera, Suhiltzaile Gidari izateko 3 plaza eta Komunikazioen Operadore izateko plaza bat sortuko dira.
Hiritarren zein auzoetako bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko apustua azpimarratu du, eta honakoa esan du: “Anoeta Estadioaren eta Bera Bera inguruetako urbanizazioak osatuko ditugu, baita Añorgako zeharbidearen bigarren fasea ere, eta Sagues osatzeko proiektua egingo dugu. Garinera, Artikutzako presaren eraisketa partziala egingo dugu Ministerioaren oniritzia jaso ondoren; Haizearen Orraziaren birgaitzea egingo dugu, eta Kontxako barandaren azken zatia berrituko dugu, baita Salamanca pasealekuko baranda ere. Eta hori guztia hiriko hainbat kale eta eremutako asfaltatze lanak, hainbat haur parke berritzeko lanak edo Orixe eta ZM bezalako udal eraikinetan eguzki plaken instalazioak ahaztu gabe”.
Eraberean, kirol arloan egingo diren hainbat jarduketa nabarmendu ditu, besteak beste, segidakoak: Herrera eta Añorgako futbol zelaien hobekuntza-lanak; Anoetako belodromoaren estalkiaren berrikuntza; Illunbe erabilera anitzeko pabilioia izateko aurrera pausoak, eta Anoetako miniestadioaren berritzea.
Gogorarazi ditu ere, Altzako berroneratzearen programa, Emakumeen Etxea Amaran kokatzeko proiektua edo Polloen errautsen lorategia sortzeko jarduketa.
Igeldo eta Ekialdeko Barrutia
Igeldo Tokiko Entitate Txikia izateko prozesuak aurrera jarraituko du eta aurreikusita dago urte honen amaieran eratzea. Bitartean, Udalak hainbat aurrekontu-sail aurreikusi ditu – 400.000 euro baino gehiago – hainbat ekimen egiteko, besteak beste, segidakoak: behin behineko lokala egokitzeko edo Igeldoko eskola zaharra berritzeko prozesua hasteko. Azken proiektu honek 2 milioi euro zenbatzen duten aurrekontu konpromisoak ditu hurrengo bi urteetarako (2025 eta 2026).
Bestalde, Ekialdeko Barrutian 2024 eta 2025eko aurrekontuak osatzeko parte hartze prozesuan erabakitako bost proiektu martxan jarriko dira: Buenavistako Bateleren plazan kirol anitzeko kantxa bat ezartzeko prozesua eta plaza beraren argiteria hobetzeko lanak; Guardaplata Adineko Pertsonen Elkartearen komunak egokitzea; Txaparrene pasealekuan oinezkoen eta bizikleten segurtasuna hobetzeko oinezkoen pasabide altua; eta Bidebietan bigarren eskuko eta 0 kilometroko merkatu txikia sortzea.
Horrekin batera, Udalak Barrutiaren egoitza izateko lokala egokitzeko aurrekontu-saila bideratuko du, Altzako hiri-berroneratzearen proiektuarekin jarraituko du (2,6 milioi euro), eta Sorleku Parkearen proiektua garatzeko eta Nao Etxea berritzeko aurrekontu-sailak aurreikusi ditu. Gainera, Barrutiaren Batzarrak gutxi gorabehera 360.000 euro izango ditu adostutako proiektuak egin ahal izateko.
Gainera, 1,5 milioi euro bideratuko dira hiriko gainerako auzoetan 2024 eta 2025eko aurrekontuak osatzeko Parte hartze prozesuan erabakitako hainbat proiektu garatzen hasteko.
Tramitazioa
Aurrekontu-proiektuaren aurkezpenarekin Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantzetako departamentuak aurreikusitako tramitazioarekin jarraitzen du. Hortaz, behin proiektua Tokiko Gobernu Batzarran onartuta eta udal taldeei aurkeztuta, zuzenketak egiteko epea hasiko da.
Departamentuak aurreikusitako egutegiaren arabera, aurrekontua eta zuzenketak eztabaidatzeko Ogasun batzordea martxoaren hasieran egingo litzateke, eta ondorioz, hasierako onarpena martxoaren 21erako aurreikusita dagoen ez-ohiko udalbatzarran egingo litzateke.
Hainbat inbertsio
- 375.000 euro Haur parkeak berritzeko
- 1.000.000 euro Salamanka pasealekuko baranda berritzeko
- 3.250.000 euro Altzan birgaitze laguntzetarako
- 75.000 euro Parte Zaharreko Haurtxokorako
- 400.000 euro Loiolako Erriberetako Haurreskolarako
- 250.000 euro Parte Zaharreko ekintza plana egiteko
- 3.062.284 euro Lorategi Hiriaren Urbanizazioa egiteko
- 500.000 euro Polloen errautsen lorategia proiekturako
- 100.000 euro errerako futbol zelaiarako
- 900.000 euro Belodromoaren teilatua berritzeko
- 250.000 euro Añorgako futbol zelaiarako
- 500.000 euro Anoetako Miniestadiorako
- 271.944 euro Heriz-eko igogailurako
- 650.000 euro Haizearen Orrazia birgaitzeko
- 600.000 euro Kontxako barandaren azken fasea egiteko
- 950.000 euro Bera Berako urbanizaziorako
- 690.622 euro Añorgako Zeharbidearen urbanizazioaren 2.faserako
- 1.900.000 euro Anoetako urbanizaziorako
- 1.434.836 euro Asfaltatze kanpainetarako
- 150.000 euro Ferrerias plazarako
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31