Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/01/19

Linea batzuk hobetzea, beste batzuk okertzearen kontura, ez da zerbitzua hobetzea

Aireportuko zerbitzua hobetzea partekatzen dugu, betiere hondarribitarren kontura ez bada
Linea batzuk hobetzea, beste batzuk okertzearen kontura, ez da zerbitzua hobetzea

Aste honetan ezagutu dugu Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak 

Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeetarako aurkeztu duen proiektu berria. Bertan, besteak beste, Hondarribia Irunekin edo Donostiarekin lotuko duten garraio-zerbitzu publikoaren linea eta maiztasun berriak zehaztu dira. 

Gaur egun ematen den zerbitzuari dagokionez, hilabete batzuk barru lizitatu eta martxan jarriko den proiektu berriak aldaketak ekarriko ditu Hondarribiko garraio publikoaren erabiltzaileentzat. 

Oso modu positiboan ikusten dugu Hondarribia ospitaleen eremuarekin eta Miramongo Parke Teknologikoarekin lotuko duen linea berria. Urteetan zehar egindako eskaria da, eta pozik gaude zerbitzu berri hau sortu delako. 


Aireportua Donostiarekin zuzenean lotzen duen linea ere positiboa iruditzen zaigu; izan ere, batzuetan, terminaletik igarotzeak atzerapenak sortzen zituen eta ibilbidea ia beteta hasten zen. Aireportuko zerbitzua hobetzea partekatzen dugu, betiere hondarribitarren kontura ez bada. 

Baina ezin gara ados egon proposatutako aldaketa guztiekin. Lehenik eta behin, iruditzen zaigu Hondarribia eta Irun lotzen dituen maiztasuna murriztea ez dela positiboa. 15 minututik 20ra pasatzea ez zaigu onuragarria iruditzen erabiltzaile hondarribitarrentzat. Eskaera handiko linea da, eta ez dugu ulertzen zerbitzuaren murrizketa.  

Era berean, ez zaigu positiboa iruditzen linea guztiak Portu auzotik igarotzea, Donosti kaletik eta 

Baserritar etorbidetik igarotzen zen ibilbidearekin txandakatu beharrean. 

Modu positiboan ikusten dugu ordutegia goizez luzatzea, baina ez dugu ulertzen hainbeste erabiltzen den zerbitzu baten maiztasuna murriztea. 

Bestalde, Hondarribia eta Donostia autopistatik lotzen dituen linea berriro orduro izatea atzerapausoa iruditzen zaigu. Urteetan zehar eskatu dugu autobusaren maiztasuna handitzea, ikusi baitugu gero eta jende gehiagok hartzen duela autobusa hiriburura joateko, auto partikularra erabili beharrean. 

Jakin badakigu proiektuari ezin diogula alegazio formalik egin, baina Mugikortasun Sailari eskatzen diogu azter dezala gaur egungo maiztasuna mantentzeko aukera Hondarribia eta Irun lotzen dituen linean eta Hondarribia eta Donostia autopistaz lotzen dituen linean.  

Era berean, Aldundiari eta Hondarribiko Udalari eskatzen diegu, aldaketa horiek indarrean sartu aurretik, komunikazio-ahalegin bat egin dezatela informazioa herritar guztiengana irits dadin. Lineen, ibilbideen eta maiztasunen izenen aldaketak garrantzitsuak dira, eta informazioaren transmisioarekin asmatzeak balio handia izango du garraio publikoko erabiltzaileak gehitzen jarraitzeko. 

.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube