Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/01/02

Eneko Goia: "2024 bultzadaren urtea izango da Donostiarentzat"

Alkateak azpimarratu duenez, "Donostiak aurrera egiten jarraituko du hiri hobea izateko, proiektu garrantzitsuen aurrerapenari esker"
Eneko Goia

Donostiako alkateak, Eneko Goiak, hasi berri den urtean zein legealdi berrirako planteatzen diren erronka nagusiak azaldu ditu, Donostia "hiri hobea” bihurtuko duten proiektu garrantzitsuak zerrendatuz. “Ez da desberdina izango, bere esentzi mantenduko duelako, baina bai hobetua", adierazi du.

Goiak nabarmendu duenez, "aspalditik martxan dauden proiektu asko azken fasera igaroko dira edo amaitzen joango dira datozen urte hauetan; eta, hasiko diren beste proiektu asko amaitutakoan, gure hiriak itxura guztiz berritua eskainiko du".

Gainera, alkateak azpimarratu duenez, "2024a Donostiarentzako bultzadaren urtea izango da. Hiria jauzi handi baten atarian dago, eta horri esker aurrera egin ahal izango dugu, hirien mundu zail eta lehiakorrean sendotasun handiagoko posizio baterantz ".

Hasi berri den urteari begira, 2024ko Aurrekontua onartzea da berehalako erronka, Goiak adierazi duen bezala, "Udal Gobernuan egonkortasuna izateko aukera emango diguna, proiektu asko gauzatzea ahalbidetuko duena".

Eneko Goiak aurreratu duenez, "aurreko urtean baino % 4 gehiagoko aurrekontua izango dugu", baina gogorarazi du Udala "bere historiako finantza-kredituko eragiketarik handienean" sartuko dela, "Loiolako Kuartelak erosteko eragiketaren ondorioz".

Izan ere, hori izan da, zalantzarik gabe, 2023ko mugarrietako bat. Datozen urteetan garatuko da, eta lehen urratsak emango ditu eremurako Nazioarteko Lehiaketarekin. Ingurune horren berroneratzeak 1.700 etxebizitza berri sortzea ahalbidetuko du.

Garapen berriak eta proiektuen amaiera

Loiolako Kuarteletarako prozesua hasteaz gain, hiria pixkanaka berrantolaketa urbanistikoan aurreratzen joango da, Lorategi Hiriko urbanizazioa burutzeko lanekin jarraituz, Infernua, Igara eta Illarrako eremu berriak garatzeko obrekin hasiz, Martuteneko espetxea eraitsiz Txomin Enearen bigarren fasearekin hasteko edo San Bartolome merkataritza gunea garatuz.

Horrekin guztiarekin batera, Goiak azpimarratu duenez, "Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aurrerapena onartuko da eta plana idazten hasiko da". Ildo horretan, ostatu-erabilerei buruzko egungo Plan Orokorraren aldaketari hasierako onarpena ematea ere aurreikusten da, "hotel berrien lizentzien etenaldia beste urte batez luzatzeko".

Garapen handi horiez gain, 2024an beste proiektu zehatzago batzuk burutuko dira, hala nola Antso Jakitunaren alde bikoitiaren espaloia urbanizatzea, Bidebietako parkea berritzea, Anoeta ingurua urbanizatzeko lehen fasea, Txaparrene pasealekua eraberritzea, Martuteneko biribilgunea egiten hastea, San Martin eta Bretxa merkatuak berritzea,  Zurriola Maritimorako proiektu berria abian jartzea eta Kontxako baranda berritzeko azken fasea.

Etorkizuneko mugikortasuna

Mugikortasunari dagokionez, hiriko Mugikortasun Plana onartu ondoren, etorkizuneko mugikortasunerantz urratsak ematen jarraituko da. Alkateak nabarmendu duenez, "oinez edo bizikletaz joatea bezalako modu aktiboak sustatzera, garraio publikoa bultzatzera eta hori guztia erraztuko duten hiri-inguruneak sortzera bideratuta dago".

Hala, garraio publikoari dagokionez, Udalak Dbusen flota berritzeko lanean jarraituko du, eta Monseko kotxetegiak elektrifikatzen hasiko da, "ingurumenaren aldetik jasangarrienak diren flotetako bat izaten jarraitzeko", gogorarazi du Goiak. Gainera, bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzeko, hiriko bizikleta-sarea hobetzeko lanean jarraituko da, eta amaituta ikusiko ditugu Bidebieta eta Trintxerpe lotzen dituen  bidegorri-zati estrategikoak edo Boulevard, Erregina Erregeordearen eta Zurriolako zubiaren arteko zatirako proiektua.

Eta, zalantzarik gabe, topoaren trazadura handitzea da Donostian etorkizunean izango duen mugikortasunaren trakzio-elementuetako bat. Alkateak nabarmendu duenez, hainbat urtez gainazalean eragina izan ondoren, "2024an iritsiko da hiriaren erdigunean funtsezkoak diren eremuetarako lasaitasuna, eta hainbat gune berrurbanizatzeko bidea emango du, hala nola, Easo eta Xabier Zubiri kaleak".

Eta hiri gero eta iraunkorrago baterantz aurrera egiteko beste proiektu giltzarri bat Isuri Gutxiko Eremuarena izango da. Aurreikuspenen arabera, urtearen amaieran ezarriko da, datozen hilabeteetan aplikazio-esparrua adosteko egingo den partaidetza-prozesuaren ondoren.

Kirol-, kultura- eta ezagutza-hiria

Eneko Goiak bere agerraldian azpimarratu duenez, "2023an Donostiak beste hiri askoren aurrean lehiatzeko duen gaitasuna erakutsi duten ekitaldi handiez beteta egon ondoren, 2024 ez da atzean geratuko".

Izan ere, aurten, adibidez, eta beste mugarri batzuen artean, 100 urte beteko dira gure hiriko kultura-erreferente garrantzitsuenetako bat, Eduardo Chillida, jaio zenetik. Hori dela eta, "mendeurrena urteko erreferentzia kulturaletako bat bihurtu nahi dugu, eta Donostia nazioarteko kultura-fokuan jarri". Horretarako, Udalak "Haizearen Orraziaren mendi-magala birmoldatzeko lanei ekitea du helburu, Kostaldeetako Zuzendaritzak baimena ematen duguean", nabarmendu du Goiak.

Kulturaren esparruaz gain, kirola da hiriko beste sendotasun nagusietako bat, zalantzarik gabe, eta, beraz, 2024ko beste helburu nagusietako bat kirola indartzeko beharrezko elementuak izatearen alde egiten jarraitzea da. Alkateak adierazi duenez, gakoetako bat "honekin zerikusia duten erakundeekin akordio bat lortzea izango da, Illunbe eraberritzeko eta erabilera anitzeko pabiloian bihurtzeko". Eta akordioa lortu bitartean, Udala ahaleginduko da gainerako kirol-instalazioak berritzen, hala nola miniestadioa, belodromoa edo Anoetako estadioa handitzea.

Hiriaren garapenaren beste ardatzetako bat Donostia marka "Zientzia eta Ezagutzaren Hiri" gisa sendotzeko bultzada izaten jarraituko du, garrantzi handiko ekintza estrategikoekin, hala nola Ilunbeko Parke Teknologikoa handitzea, ordenagailu kuantikoaren egoitzaren eraikina eraikitzea, Donostia International Physics Center (DIPC) eraikin berria egiteko obrak hastea, edo MUBILek Eskusaitzetan duen egoitza amaitzea eta Elektromugikortasunaren Poloa abian jartzea.

Hiria bultzatzen duten beste proiektu batzuk

Udalak donostiarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duten hainbat proiektu ere landuko ditu, hala nola zaharren etxeetan hobekuntzak egitea edo Villa Salian Hestia berria eta Abegi Etxea hartzeko lanak amaitzea.

Udalak Donostia Eskura app berria ere aurkeztuko du datozen hilabeteetan. Eneko Goiak azaldu duenez, honek "herritarrei aukera emango die udal administrazioarekin kudeaketak eta izapideak modu eroso, azkar, eta errazean egiteko".

Baina Udalak berak bultzatutako proiektuez gain, beste eragile eta erakunde batzuek martxan jarritako beste proiektu handi batzuek ere indartuko dute hiria. Horien artean, alkateak honako hauek nabarmendu ditu: "Donostia Ospitaleko Osasun Hirian egingo diren hobekuntzak (aparkaleku berriarekin, Protonterapia eraikinarekin eta Lehen  Mailako Arretako eraikinarekin), Bretxan dagoen Erdigunea-Alde Zaharra Osasun Zentro berria, edo Basque Culinary Centerren GOe eraikina eraikitzeko lanak abian jartzea".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube