Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Donostiak bere Mugikortasun Plana eta Isuri Gutxiko Eremua aurkeztu ditu, eta proiektuok 2024 amaieran inplementatzeko prozesua zabaldu du
Bi proiektuak eta berorien aplikazioa arautuko duen Ordenantza eztabaidatuko dira eta herritarren eta talde politikoen ekarpenak jasoko diraDonostiako Udalak hiri mugikortasun jasangarriago batera hurbiltzeko ekintza plana diseinatu du, helburu hauekin: airearen kalitatea hobetzea, kutsadura akustikoa murriztea, segurtasun handiagoa lortzea, eta, ondorioz, donostiarren osasuna eta bizi kalitatea hobetzea.
Eneko Goia alkateak, Ekologiako zinegotzi Marisol Garmendiak eta Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotzi Olatz Yarzak 2024-2029 aldirako Mugikortasun Plana aurkeztu dute, bai eta udalerrirako Isuri Gutxiko Eremuaren proposamena ere, Europako, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko legedia betez. Hasteko, Gobernu Batzordeak onartuko ditu bi proiektuak datorren abenduaren 26an eta, ondoren, jendaurrean zabaltzeko, eztabaidatzeko eta herritarren, erakundeen, herritarren elkarteen eta alderdi politikoen ekarpenak biltzeko fase bat irekiko da.
Helburua da ekarpen berriak jaso eta 2024ko lehen seihilekoan behin betiko onartuta egotea. Mugikortasun Planaz eta Isuri Gutxiko Eremuaren proiektuaz gain, Isuri Gutxiko Eremuaren Ordenantza izapidetuko da datorren urtean. Hiru dokumentuak onartu ondoren, ofizialki inplementatuko da Isuri Gutxiko Eremua. Horri jarraikiz, mugatutako eremura sartzeko murrizketak ezarriko dira, ibilgailuen kutsadura mailaren arabera, haien antzinatasuna aintzat hartuta, Isuri kutsatzaileak murrizte aldera.
Etorkizuneko mugikortasuna
Mugikortasun Planaren eta Isuri Gutxiko Eremuaren aurkezpenean, Eneko Goia alkateak azpimarratu du bi proposamenak «Donostiaren mugikortasunaren oinarria» izango direla datozen hamarkadetan, «ibilgailu pribatu gutxiago, garraio publiko gehiago eta oinezko nahiz bizikleta bidezko garraio aktibo gehiago egongo baita. Horren helburua da isuriak eta zaratak murriztea eta eremu publikoak hobetzea, gure hiria bizitzeko leku atseginagoa bihurtze aldera».
Goiaren hitzetan, Mugikortasun Plana hiriaren ibilbide orria da mugitzeko bitartekoen pisua garraio publikora bideratzeko, eta honako alderdi hauek hartzen ditu barne: Topoa eta Abiadura Handiko Trena martxan jartzea, autobusez eta bizikletaz garraiatzeko sareak egokitzea, hiri eremuak eraldatzea, oinezkoentzako guneak ezartzea eta disuasio aparkalekuak egitea.
«Mugikortasun seguru eta jasangarri bat izateko eskubidea dugu, eta eskubide hori lortzen laguntzea da gure ahaleginaren ardatza. Horretarako, herritarren ekarpenak entzun eta lankidetzan aritu nahi dugu. Horrela soilik bateratu eta adostu daitezke eremu publikoan bizi diren kolektibo guztiek behar dituzten irtenbideak», adierazi du.
Donostiako alkateak nabarmendu duenez, «Udalak ondo egin nahi du bide hori, presarik gabe, eta herritarrengan eragina izan dezaketen egoera gehienak kontuan hartuta». Horregatik, esan du Udalak «parte hartzeko fase bat» irekiko duela, «iritziak, ikuspuntuak eta alegazioak biltzeko, hasierako proposamenak aberastu eta hobetze aldera».
Isuri Gutxiko Eremua
Isuri Gutxiko Eremu berria pixkanaka eta zenbait fasetan ezartzea aurreikusten da, ibilgailuen parkea eta administrazio kudeaketa egokitu eta proiektua eraginkortasunez aplikatzeko. Hasierako proposamenaren arabera, Boulevardetik Arabako parkeraino doan eremu bat mugatuko da, barne hartuta erdigunea eta San Roke. Udalak matrikulak kontrolatzeko zenbait kamera jarriko ditu martxan eremura sartzeko kale nagusietan. Kamerok automatikoki irakurriko dituzte ibilgailuen plakak eta denbora errealean egiaztatuko dituzte Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren datu basean, zeinak ibilgailuaren antzinatasunaren emaitza eman eta, beraz, Isuri Gutxiko Eremuan sar daitekeen xedatuko baitu.
Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren datu baseaz gain, Udalak beste zerrenda bat izango du, zeinetan legez ezarritako Isurien betekizunak bete ez arren eremura sartzeko baimenduta dauden ibilgailuak jasoko baitira (bertakoak, profesionalak, desgaitasunen bat duten pertsonak, langileak, etab.). Azkenik, aukera egongo da norberaren ibilgailua baimenduen zerrenda horretan sartzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuta, baldin eta irizpideak bete gabe Isuri Gutxiko Eremuan sartzeko arrazoi justifikaturen bat badago. Zerrenda horretan alta emateko, Udalaren webgunea erabiliko da, eta sistemak autoa edo motorra arau hausle posible gisa identifikatzea saihestuko du.
Isuri Gutxiko Eremu horren barruan, hirian joan-etorrien dentsitaterik handiena duten tokiak egongo dira, atmosferako kutsatzaileen kontzentrazio handiena dutenak. Alde Zahar osoa, Donostiako Gune Erromantikoa, Amara Zaharra eta San Roke hartzen ditu, Mendeurrenaren Plazaraino.
Lehen fasean, 2027ra arte, ingurumen etiketarik ez duten ibilgailuek ezin izango dute sartu Isuri Gutxiko Eremuan, baina egoiliarrek, mugikortasun murriztua dutenek eta abarrek sartzeko baimena izango dute. 2028tik aurrera, bigarren fase bat jarriko da martxan; horretan, B ingurumen etiketa duten ibilgailuek ere ezin izango dute Isuri Gutxiko Eremuan sartu, baimendutako ibilgailuak izan ezean.
Ekologiako zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi duenez, «donostiarren bizi kalitatea, herritarren osasuna eta gure hiriko ingurumena hobetzeko konpromiso erkidea dugu aurretik, eta guztiok izango gara horren onuradun. Ez da ez kapritxo bat ez inprobisazio bat; aldiz, premia bat eta hiri apustu bat da, Donostia hobe baten aldeko herri itun bat».
Garmendiaren hitzetan, «denok dakigu trafikoa dela kutsadura iturri nagusia, osasunerako kaltegarriak diren isuriak eragiten dituela eta murriztu egin behar ditugula. Isuri Gutxiko Eremuaren proiektuak horretan sakontzen du, baina argi utzi behar da ibilgailu gehienek, ingurumen etiketa duten autoek, ez dutela aldatu beharko erdigunean egiten duten ohiko zirkulazioa».
Mugikortasun Planaren helburuak eta ekintzak
Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotzi Olatz Yarzak adierazi duen moduan, «Plan honen helburu nagusia da mugikortasuna eraldatuz hiri erresiliente bat bultzatzea, zeina prest egongo baita gizartearen, osasunaren, ekonomiaren eta ingurumenaren arloetako erronka global zein tokikoei aurre egiteko, eta mugikortasun bidezko, garbi, seguru eta efiziente bat lortzeko».
Mugikortasun Planak, Isuri Gutxiko Eremua ezartzeaz gain, bere helburuak lortzearekin lotuta, zenbait ekintza gauzatuko ditu. Batzuk dagoeneko aurreratuta daude, eta beste batzuk pixkanaka ezarriko dira.
Horretarako, 5 ildo estrategiko nagusi ditu: bitarteko aktiboak lehenestea motordun pribatuen gainetik, garraio publikoa birpentsatu eta sustatzea, hiri ingurune berriak sortzea, trafiko eskaria kudeatzea mugikortasuna eraldatzeko eta aparkatzeko dagoen tokia optimizatzea.
Oinez edo bizikletaz egindako joan-etorriei lehentasuna emateko, Mugikortasun Arloak oinezkoentzako zenbait gune ezarriko ditu Ramon y Cajal kalean eta Legazpi-Gipuzkoa Plaza ardatzean, besteak beste. Halaber, igogailu gehiago eraikitzea aurreikusten du, hirigintza sustapen berriekin lotuta, eta hiriko bizikleta sarea handitu eta hobetu nahi du.
Topoaren hobekuntzak martxan jarriko dira, loturako trazadura berriak eginez; horri esker, hiriko garraio publikoko sistema birplanteatu eta sustatuko da, zenbait ekintzaren bidez: BEA martxan jartzea, autobus bideak ugaritzea eta semaforoak lehenestea, eta Loiolako Erriberako aldageltokia eraikitzea, intermodalitatea sustatu eta mugikortasun jasangarrirako aukerak handitzeko.
Isuri Gutxiko Eremua trafiko eskaria kudeatzeko trakzio proiektua da; horrekin batera, beste neurri batzuk hartuko dira, esaterako, lanerako mugikortasuna kudeatzeko planak egitea, partekatutako ibilgailu motordunen zerbitzuak ezartzea (car sharing / moto sharing) eta Salgaien Hiri Banaketa kudeatzea.
Mugikortasun Planaren beste lehentasunetako bat da herritarren gozamenerako hiri ingurune berriak sortu eta leheneratzea; horretarako, jarduketa hauek egingo dira, besteak beste: Aita Donostia plaza, Satrustegi hiribidea, Erregina Erregeordearen kalea eta Ategorrieta hiribidea berrantolatzea, eta Easoko trenbide zabaltzaren ingurunea zehaztea.
Azken ildo estrategikoari jarraikiz, aparkatzeko dagoen tokia optimizatu nahi da; horretarako, hiri osoko lur gaineko aparkamenduaren azterlana egingo da, arreta berezia jarrita TAO sisteman, eta lurpeko aparkaleku plazak eraldatzeko, elektrifikatzeko eta disuasio aparkalekuak sustatzeko neurriak baloratuko dira.
Gaur egungo diagnostikoa
Ekintza horien guztien oinarrian, Udalak gaur egungo mugikortasunaren egoerari buruz egin duen azterlan sakona dago. Diagnostiko horrek agerian jartzen du mugikortasunak, oro har, goranzko bilakaera izan duela, mundu osoko joerari jarraituz; izan ere, mugikortasuna mendebaldeko gizarteen erronka handienetako bat bihurtu da.
Donostian, joan-etorrien arrazoi nagusiak soldatapeko lanarekin (% 30,6), aisialdiarekin (% 30,1) eta, ondoren, zainketekin (% 20,7) lotuta daude. Gainera, hiriarteko joan-etorriak hiriko joan-etorrien ia heren bat dira, eta horietatik ia % 75 banakako bitarteko motordunetan egiten da.
Donostia abiapuntu eta/edo helmuga duten bidaia guztien (barrukoak + kanpokoak) banaketa modalari dagokionez, datuen arabera, bidaien % 39,6 ibilgailu motordun pribatuetan egiten da (% 36,6 autoz eta % 3,0 motorrez), % 37,3 bitarteko aktiboetan (% 34,3 oinez eta % 3,0 bizikletaz), % 22,6 garraio publikoan (% 16,0 autobusez, % 5,0 trenez eta % 1,6 joan-etorri multimodaletan) eta gainerako % 0,5a beste garraiobide batzuen bidez.
Halaber, ikus daiteke motorizazioak goranzko joera orokorra izan duela, baina garraio publikoa mugikortasun orokorra eta automobila baino askoz motelago ari dela hazten.
Mugitzeko ditugun ohitura horiek guztiek ondorio logikoak dituzte, hala airearen kalitatean nola kaleetan sortzen den zaratan, bai eta herritarren segurtasunean eta osasunean ere. Hori dela eta, ildo horretako neurriak hartzea mesedegarria izango da donostiar guztien ongizaterako.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31