Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Oñatiko EAJ-PNVk 2024ko aurrekontuen ‘zehaztasun falta’ eta udal gobernuaren ‘malgutasun eza’ azpimarratu ditu
EAJk salatu du, halaber, 1.5 milioi euroko inbertsioa exekutatu gabe gelditu dela, udal gobernuak kudeatu gabe utzi dituelako 2023 urteko aurrekontuko hainbat eta hainbat diru-lerro eta inbertsio; gainera, ez ditu 2024ko aurrekontuan aurreikusi eta udal gerakinetik finantzatu nahi ditu, martxoan.Azaroaren amaieran, EAJ-PNVren Oñatiko Udal Taldeak 8 proposamen aurkeztu zituen Ogasun batzordean 2024rako aurrekontu proiektua hobetzeko, eta orain, horiek udal gobernuarekin partekatu ondoren, EH Bilduren udal-gobernuak emandako erantzunen balorazioa egin du.
Oñatiko EAJ-PNVk azpimarratu du, batetik, 2024ko aurrekontuen ‘zehaztasun falta’ eta, bestetik, udal gobernuak EAJren proposamenak aztertzeko, aintzat hartzeko eta akordioetara iristeko agertutako ’malgutasun falta ikaragarria’. «Oraingoan ere, EH Bilduren udal gobernuak ez ditu aintzat hartu jeltzaleok oñatiarren bizitza hobetze aldera egindako proposamenak, eta 8 emendakinetatik bat baino ez dute sartu 2024ko aurrekontu-dokumentuan; ez dute erakutsi inolako malgutasunik gainerako (7) emendakinak aurrekontuan txertatzeko», azaldu du udal talde jeltzaleak.
Horren harira, jeltzaleek nabarmendu dute udal gobernuak orokortasunetik jardun duela: «aurrekontu proiektuan jaso diren diru-lerro asko oso-oso orokorrak dira, eta ez dute zehazten zertara bideratuko den dirua. Horren adibide dira honakoak diru-partidak: irisgarritasun- eta asfaltatze lanak, energia-jasangarritasunerako inbertsioak, jolasguneetako obrak, auzoetako inbertsioak, turismo-ekintzen gastuak… Zeintzuk dira, ordea, irisgarritasun-proiektu horiek? Zer egingo da? Zein kale, plaza edota eremu asfaltatuko dira? Zeintzuk egingo dira irisgarriago? Zein auzotan esku-hartuko da? Kasu horietan guztietan udal gobernua orokortasunean gelditu da.
Bestalde, EAJ-PNVren udal taldeak exekutatu gabe gelditu diren 1.5 milioi euroko inbertsioetan jarri du fokua. «Eta hori gutxi balitz, exekutatu gabe gelditu diren inbertsio horiek, ez dute inolako partidarik aurreikusita 2024. urterako. Diru-lerro horien artean, dago, esaterako, herriarentzat zein herritarrentzat hain premiazkoa diren Musika Eskolaren gaia, Kasko Historikoa Eraberritzen Plan Berezia, Azokagunea eraberritzeko proiektua eta Olakuako potzurako exekuzio-proiektua», esan dute jeltzaleek.
«Ogasun batzordeburuak, emailez, azaroaren amaieran adierazi zigunez, datorren urteko martxoan, 2023an exekutatu ez diren eta aipatu berri ditugun hainbat inbertsio aurrekontuari txertatzea aurreikusten du EH Bilduren udal gobernuak, urteko likidazioa egindakoan. Beraz, txertaketa potentzial maila oso-oso altua da; hau da, udal gobernuak aurten exekutatu ez dituen proiektuak udal gerakinetik finantzatuko ditu datorren urtean. Jokaera horrek hauxe dakar: martxoko balizko txertaketa-mailarekin, abenduaren 14ko Osoko Bilkuran onartuko den aurrekontua eta martxoko Osoko Bilkuran onartuko dena oso desberdinak izango dira. Gure iritzian, aurrekontu-dinamika hori ez da egokia, inondik ere. Zehaztasun ezaren isla argia da», amaitu dute.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31