Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/11/16

Urnietak belaunaldien arteko eta lankidetzarako gizarte-espazio berri bat du: Elkarteen Etxea

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urnietako Udalak urte hasieran sinatutako lankidetza-protokoloaren esparruan, bi erakundeek bilera bat egin dute gaur, etorkizuneko proiektuei eta dagoeneko udalerrian abian daudenak aztertzeko. Horietako batek, hain zuzen ere, Eider Mendoza diputatu nagusiaren bisita jaso du gaur. Elkarteen Etxea da, espazio "ireki, moderno eta funtzional" bat, San Juan kaleko 42. zenbakian kokatua dagoena. Eraikinak Urnietako gizarte-politiketako hainbat zerbitzu hartzen ditu, hala nola adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzua, zaintzaileentzako laguntza-taldea eta Aukerak Suspertzen ekimena, egoera zaurgarrian dauden eta eskola-laguntza behar duten haur eta nerabeentzat.
Urnietak belaunaldien arteko eta lankidetzarako gizarte-espazio berri bat du: Elkarteen Etxea

Era berean, Elkarteen Etxeak lan-espazio bat eskaintzen die herriko elkarteei, belaunaldien arteko harremanak eta erakundeen arteko lankidetza sustatuz. Denda Berrik, erretiratuen eta pentsiodunen elkarteak, egoitza bertan izaten jarraitzen du; euskaltegia ere espazio berri horretara lekualdatu da, eta Bagara talde feministak ere instalazio horiek erabiliko ditu bere jarduera gauzatzeko. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatua Elkarteen Etxean bildu dira gaur goizean, Urnietako alkate Jorge Seguradorekin eta udal-gobernuko taldearekin.

Lan-bileraren ondoren, Elkarteen Etxearen instalazio berrituak bisitatu dituzte, eta bertatik bertara ezagutu dute bertan egiten den jarduera. Mendozak topagune horren ezaugarriak goraipatu ditu; izan ere, "belaunaldiartekoa, irekia eta diziplina anitzekoa" da, eta azpimarratu duenez, Urnieta, lurralde osoa bezala, "urrats sendoak" egiten ari da gizarte-eremuan, alde batetik, gaur goizean bisitatutako espazio berriarekin, baina epe ertain eta luzera, proiektu "handiak, berritzaileak eta oso ilusionagarriak" ditu, aurrera egiten jarraitzeko eta Urnietan "pertsona bakoitzari behar duen laguntza, zerbitzuak eta zaintzak bermatuko dituen zaintza-ekosistema bat" sortzeko.

Ildo horretan, gogorarazi du Udalak hasiak dituela Babiloniako lursaila Gipuzkoako Foru Aldundiari lagatzeko izapideak, eskualde osoaren beharrei erantzungo dien egoitza berri bat eraikitzeko. Gainera, Errekalden kokatuko diren etxebizitza sozialak eraikitzeko obrek ere aurrera jarraitzen dute. Bertan sei apartamentu sortuko dira intentsitate baxu eta ertaineko jarraipena behar duten pertsonentzat. Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Gipuzkoa "zaintza-eredu berrirako trantsizio betean dago", eta Urnietan gauzatzen ari diren proiektuek "aldaketa sistemiko" horri erantzuten diote, eta guztiz lerrokatuta daude zaintza-eredu berriarekin", zeinaren ardatzak baitira pertsonalizazioa, berrikuntza, komunitatearekiko lotura eta ebaluazioa.

Jorge Segurado Urnietako alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eskertu nahi izan du, horri esker gauzatzen ari baitira udalerriaren orainerako eta etorkizunerako estrategikoak diren proiektu hauek: "Urnietarrek gero eta zerbitzu hobeak izan ditzaten lan egiten dugu egunero. Arreta berezia jartzen ari gara arlo sozialean eta zainketen arloan, horixe baita, zalantzarik gabe, demografiaren bilakaeraren ondorioz aurre egin behar diogun erronka nagusietako bat. Ziur gaude Elkarteen Etxea mugimendu eta bizitza handiko gune bihurtuko dela, eta udalerriko toki erreferenteetako bat izango dela. Beste bi proiektuekin ere beste jauzi kualitatibo bat emango dugu zainketen arloan, eta horrela Urnieta eraldatzen eta hobetzen jarraituko dugu ".

Epe ertain eta luzera begira, Gipuzkoako 30 egoitza-zentrotan, plazak birmoldatzeko, sortzeko eta egokitzeko proiektuak bultzatzen ari dira, bai sareko egoitzetan, bai zentro berrietan. Datozen urteetarako, hogei bat zentrotan egokitzapen-obrak egitea aurreikusten da, hiru egoitza berriren proiektuak esleituta daude, eta 2030erako beste 5 egoitza sortzea aurreikusten da. Horietako bat, hain zuzen ere, Urnietako zentro berria izango da.

Eider Mendozak gogorarazi du Gipuzkoan emandako jauzia "erabakigarria" dela, duela 7 urte baino gehiagotik lantzen ari diren eraldaketaren esparruan. Azaldu duenez, "zaintzaren arloan gertatzen ari den aldaketa, pandemiaren ondorioz bizkortu bada ere, erakunde eta pertsona askok urteetan zehar egindako lanaren emaitza da. Izan ere, Gipuzkoan punta-puntako gizarte-politika aitzindaria dugu, lidergo publikoan, erakundeekin eta hirugarren sektore sozialarekin lankidetzan oinarritua".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube