Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/11/03

EAJ-PNVk ordenantza fiskalen alde bozkatuko du, proposamenak bere ekarpenetako batzuk jasoko dituelako

Jeltzaleek % 1,9ko igoera orokorra arrazoizkotzat jo dute eta Udal Gobernuari konfiantza-tartea ematearen alde egin dute
EAJ-PNVk ordenantza fiskalen alde bozkatuko du, proposamenak bere ekarpenetako batzuk jasoko dituelako

EAJ-PNVk etxebizitzari, ingurumenari eta negozio txikiei buruzko hainbat ekarpen egin zizkion aurreko astean Udal Gobernuaren ordenantza fiskalen proposamenari. Planteatutako % 1,9ko igoera orokorrarekin ados azaldu dira udal kontuen egoera eta koiuntura ekonomiko konplexua kontuan hartuta, batez ere, inflazioak eta nazioarteko gatazkek markatutakoa. “Zentzuzko igoera dela deritzogu, zerbitzuen kostuak ere gora doazelako; modu berean, baina, Udalak ahalegin bat egiteko eta igoera hori herritarrei ahalik eta gutxien eragiteko duen gaitasunean sinesten dugu”, argudiatu du Iker Laka bozeramaile jeltzaleak. Ildo horretan, gaineratu du 2024an Elgetak Foru Funtsetik % 6,2 gehiago jasoko duela, hau da, 986.233 € guztira; aurten baino 57.603 € gehiago.

Zergei dagokienez, Udalak egutegi fiskal bat argitaratzeko proposamen jeltzalea onartu du EH Bilduk. Zergadunari, besteak beste, zerga bakoitza ordaintzeko borondatezko epealdiak eta hobariak eskatzeko epeak zehaztuko dizkion informazio-taula baten datza. Ibilgailuen zergaren (TMIZ) kasu zehatzean, bi alderdiek OHZn familia ugarientzat aurreikusitako hobari berberak zerga honi aplikatzea adostu dute. Gainera, gobernu-taldeak konpromisoa hartu du, datozen urteei begira, hainbat hobari-tarteren garapena aztertzeko, gehienez % 75era arte, motor hibridoko eta elektrikoko ibilgailuentzat; izan ere, gaur egun mota horretako motorren aukera zabala dago, eta egungo arauak guztiak berdin tratatzen ditu. “Neurri hauek garrantzitsuak dira justizia fiskalean eta klimatikoan aurrerapausoak ematen jarraitzeko”.

Jeltzaleen beste proposamenetako bat, baina akordiotik kanpo geratu dena, saltokiak irekitzeagatiko edo lehen erabileragatiko tasa kentzean zetzan; merkataritzarekin, ostalaritzarekin eta zerbitzu profesionalekin lotutako jardueren kasuan.  “Negozio txikiak funtsezkoak dira udalerriari bizia emateko, tokiko ekonomia dinamizatzeko eta elgetarrei zerbitzu hobeak eskaintzeko. Gure apustua ahalik eta erraztasun gehien ematea da, eta neurri hau obra-lizentzian % 90eko hobariarekin batera, keinu ona litzateke norabide horretan”.

OHZri, tasei eta prezio publikoei buruzko gogoetak

Neurri fiskal zehatzez gain, EAJ-PNVk hausnarketa batzuk helarazi nahi izan dizkio EH Bilduren gobernu-taldeari datozen ekitaldiei begira. Alde batetik, OHZren % 75eko errekarguak hutsik dauden etxebizitzetan izan duen eta izaten ari den eraginei buruzko azterketa martxan jartzea adostu dute. “Errekargua Elgetan hutsik zeuden etxebizitzak merkaturatzeko, hau da, berauek alokagai edo salgai jartzeko ezarri zen. Hainbat urtez indarrean egon ostean, uste dugu badela garaia xede hori bete duen al ez ebaluatzeko eta horren araberako erabakiak hartzeko”, azaldu du Lakak.

Bestalde, aurreikusten diren tasak eta prezio publikoak eguneratzeko eta errealitatera egokitzeko beharrarekin bat egiten dute, praktikan batzuk ez direlako kobratzen eta kontzeptu batzuk zaharkituta geratu direlako. Era berean, erabilerak eta jarduerak arautzeko ordenantza baten premiaz berba egin dute, kirol eta kultur ekipamenduen antolamenduari dagokionez oso lagungarria izango litzatekeelako, baita tasak horren arabera ezartzeko ere. Azkenik, ludoteka eta gazteleku zerbitzuen doakotasuna da bi aldeek partekatu duten beste gogoetako bat, “komunitateari eta herriaren etorkizunari egiten dioten ekarpenagatik”.

Lortutako akordioarekin pozik agertu da alderdi jeltzalea eta gaurko osoko batzarrean ordenantza fiskalen proposamenari aldeko botoa emango diola aurreratu du. Horrekin bat, alkatearen zein gobernu-taldearen jarrera eskertu ditu proposamenak entzun eta baloratzeko orduan eduki duten jarreragatik. “Gure ekarpenek hasierako proposamena aberastu eta hobetu dute, eta Elgeta fiskalitate justuago, berdeago eta progresiboago bat izateko bidean egin beharreko hausnarketak mahaigaineratu ditugu. Elkarlana eskaini dugu agintaldi hasieratik, eta horri eutsiko diogu, proposamen zehatzak eginez eta gogoeta estrategikoak bideratuz, baita horiek aurrera eramateko ardura duen Udal Gobernuari konfiantza-tartea eskainiz”  amaitu du Lakak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube