Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Elkarlanean aritzeko eskua luzatu dio EAJ-PNVk Udal Gobernuari
Aste honetan jarriko dira jeltzaleak EH Bildurekin harremanetan, elkarrizketa zintzo bati ekiteko eta akordio garrantzitsuak lortu ahal izatekoKurtso berriaren hasierarekin batera, EAJ-PNVk eskua luzatu dio EH Bilduri eta elkarlanean aritzeko dei egiten dio bi alderdi politikoen arteko elkarrizketa zintzoaren bitartez. Maiatzeko hauteskundeen emaitzaren ostean, udal talde jeltzaleak uko egin zion eraketa osoko bilkuran Alkatetzarako hautagaitza aurkezteari elgetarrek hautestontzietan adierazitako borondateari bide emateko asmoz. Baita gobernu-talde berriarekin etorkizunean elkar ulertzeko aukera zabalik lagatzen zuen keinu modura ere: "Alderdi bakoitzak dituen indarguneez jabetuta, Elgetak aurrera egiteko akordio programatiko bat lortzea proposatzen dugu. Helburua da batzen gaituen horretan arreta jartzea eta ikuspegi estrategikoa duen proiektu partekatua lantzea, egunerokoan sor daitezkeen desadostasunak albo batera lagata", adierazi du Iker Laka bozeramaile jeltzaleak. Ildo horretan, Gobernu Plana elkarrekin osatzea eskaini dio EAJ-PNVk EH Bilduri; hori izango baita Udalak 2027ra bitartean jarraitu beharko duen bide-orria.
Alderdi jeltzalearen ustez, herritarrek ordezkarien artean elkar ulertzeko eta udalerria eraldatzeko ekimenak martxan jartzeko gaitasuna espero dute: "Espiritu horrekin heltzen diogu agintaldi berriari, eta ez diegu huts egingo elgetarrei. Ahalegin guztiak jarriko ditugu Elgetari egonkortasuna eta etorkizuneko proiektu bat emango dioten akordioa lortzeko". Diotenez, hauteskunde-programetan jasotako proposamenak alderatuz hasiko dituzte negoziazioak. Horretarako, jeltzaleek kanpainan aurkeztutako beren 10 konpromisoak, 5 ardatzak eta 3 lehentasunak helaraziko dizkiote koalizio abertzaleari, bi mailako akordio programatikoa egiteko planteamenduarekin batera: alde batetik, itun bat EAJ-PNVk eta EH Bilduk estrategikotzat jotzen dituzten hiruzpalau proiekturekin; konplexutasun handikoak, beste erakunde batzuen lankidetza eskatzen dutenak, eta epe ertain eta luzera begirakoak. Bestetik, aurrekontu txikiagoa eta gauzatzeko denbora gutxiago behar duten baina bizilagunen egunerokotasuna hobetzen laguntzen duten proposamen ugari adostea. "Negoziazioa ondo amaitzea gura dugunez, diskrezioz jokatuko dugu. Alderdien arteko leialtasun handienarekin eta espiritu eraikitzailearekin ekingo diogu elkarrizketari. Belaunaldi berri bat dugu agintaldi honetan udalbatzan eta aukera ederra da herritarren alde gauza onak egiteko", adierazi du Lakak.
Batzordeen berrantolaketa
Bestalde, EAJ-PNVk batzordeak birmoldatzeko eta horien kopurua murrizteko proposamena egin dio berriro alkateari. Horren arabera egungo hamaika batzordeak zortzi izatera pasako lirateke. "Historikoki eskatu dugun aldarrikapena da. Besteak beste, funtzionarioen zein zinegotzien lana eta denboraren kudeaketa erraztuko luke, diru aurrezpen txiki baina sinbolikoa ekarriko lioke Udalari, eta beste akordio batzuetarako bidea erraztuko luke zalantza barik", amaitu du Lakak. Jeltzaleen berrantolaketa-proposamena honako batzorde hauetan zehazten da:
- Ekonomia, Ogasuna eta Erakunde Gaiak*
- Obrak, Zerbitzuak eta Hirigintza
- Ingurumena eta Baserritarrak
- Memoria Historikoa eta Turismoa
- Berdintasuna
- Kultura, Euskara eta Jaiak
- Hezkuntza eta Gazteria
- Ongizatea eta kirola
*Erakunde Gaiak barne hartzen ditu langileei buruzko kontuak eta gardentasunari, parte-hartzeari eta irudi eta komunikazio korporatiboari lotutakoak.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31