Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk babesa eman die ordenantza fiskalei; kulturan, kirolean edo hondakinen bilketan egindako hainbat ekarpen jaso ondoren
Goenaga: “Gure ekarpenek 2024ko tasa proposamena are eta hobea, aberatsagoa, justuagoa eta jasangarriagoa bihurtu dute”Andoaingo EAJ-PNVk babesa eman dio udal gobernuaren 2024rako ordenantza fiskalen proposamenari, ostegun honetan egindako osoko bilkuran. Babes honekin, “demagogiatik urrunduz, andoaindarren beharrei erantzuna emango dieten politika eraginkorrak egiteko apustua”-ri heldu nahi diote jeltzaleek. Hain zuzen, ordenantzek haiek egindako hainbat proposamen jasotzen dituzte eta erabaki hori txalotu egin dute, ekarpenak baloratzeko orduan udal gobernuak izan duen jarrera ona azpimarratuz.
Oro har, Andoaingo EAJ-PNVk uste du “egokia” dela % 2,6ko igoera orokorra, horrela Andoaingo inbertsio-beharrei baldintza hobeetan aurre egin ahal izateko, eta "anbizio handiagoko aurrekontu bat lortzeko”. Jeltzaleek beharrezkotzat jotzen dute Udalaren ahalmen ekonomikoa nabarmen hobetuko delako eta, ondorioz, kontu orokorretan, egiturazko gastu arruntarekiko margen handiagoa eskuratu eta oreka gehiago emango delako. EAJ-PNVk “erabateko prestasunari” eusten dio, aukera aprobetxatu eta “Andoainek aurrera egin dezan edozein hobekuntza babesteko”. Imanol Goenaga bozeramaileak gogorarazi du elkarlanari eskua luzatuko ziotela agindu zutela, eta proposamen zehatzak jarri dituztela mahai gainean.
Halaber, EAJ-PNVk errekonozitu egiten du egindako proposamen ezberdinei alkateak eta udal gobernuak harrera ona egin izana, eta, positibotzat jo dute horiek ordenantzen proiektuan txertatu izana. Horri esker, arauaren hainbat alderdi hobetu dira, jeltzaleen aburuz, hala nola kulturan, kiroletan eta hondakinen bilketan. Goenagaren arabera, “gure ekarpenek 2024ko tasa proposamena are eta hobea, aberatsagoa, justuagoa eta jasangarriagoa bihurtu dute”.
Hobekuntzarako ekarpenak
Kultura atalari dagozkion ekarpenen artean, EAJ-PNVren ekimenez eta Andoaingo kultur eskaintza indartzeko eta azken urteetan lortutako erakargarritasunari eusteko helburuarekin, tasak doitu egin dira Bastero Kulturguneko sarrera arrunten prezioen igoera saihesteko (14 €-ko igoera saihesten da 12 €-tan mantentzeko) eta, horrela, bazkideen alde egiten da (Basteroko bazkideen tarifak izoztuz). Udalerriko kultur azpiegituren erabilera tasak parekatzeari ere argi berdea eman zaio; izan ere, azaldu dutenez, eskualdeko edo lurraldeko eragileen aldetik demanda handia jasotzen ari da, eta horrek gero eta ahalegin handiagoa eskatzen du Basteroren kudeaketan, teknikan edo garbiketan, esaterako. Horregatik, kanpoko eragileei tarifak eguneratzea eskatzen zen, tokiko elkarteak aurrerantzean ere salbuetsita jarraituko dutelarik. EAJ-PNVren ustez, une honetan Udalak bereziki arduratsua izan behar du kulturaren esparruan, “pandemiaren ondoren eta Andoaingo kultur talde eta elkarteek egiten duten ahalegin handia eta beren lanaren balioa kontuan hartuta, alor honek arreta eta babesa eskatzen jarraitzen baitu”. Beraz, “ezinbestekoa da azken urteetako apustuari jarraipena ematea, ikusleak fidelizatuz prezio egokiei eutsiz eta programazioa mimatuz”.
EAJ-PNVk hondakinen bilketaren atalean hobariak berdindu izana ere onetsi du. Talde jeltzaleak nabarmendu du beti egin izan dutela ezberdintasunak saihestu eta tasak homogeneizatzearen aldeko apustua, adibidez, konpostaje partikularraren eta auzokonpostaren kasuetan, bi modalitateen hobariak % 25ean ezarriz. Goenagak azpimarratu du “anbizio handiagokoak” izan behar dugula, eta “neurri eraginkorrak hartu birziklapenaren ehunekoa % 70etik gora hobetzeko, 2025erako hondakinak kudeatzeko zerbitzua defizitarioa ez izatea lortzeaz gain”. Gogorarazi du gaur egun zerbitzu horrek 400.000 eurotik gorako defizita sortzen duela urtero.
Kirol arloan, jeltzaleek eskatu dute Andoainek eskualdeko akordio bat sustatu eta bideratu dezala, “muturreko posizioetatik ihes eginez eta akordio iraunkor bat bilatuz”. Pozik daude urte-anitzeko igoera proposamena hitzartu delako 2024rako % 4ko igoera, eta datozen urteetan % 4,5, % 5 eta % 5,5eraino egokituko delako.
Azkenik, Andoaingo EAJ-PNVk Galardi Haurreskolaren tasa berriei buruzko akordioa nabarmendu nahi izan du, batez ere bere garrantzi politikoagatik, eta babes osoa erakutsi du, udal gobernuak Andoaingo Haurreskola Partzuergoan sartzeko prozesua has dezan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan. Jeltzaleek gogorarazi dute Udalak udaberrian erabaki zuela matrikulazio gastuak bere gain hartzea, doakotasuna bermatzeko, baina integrazioa ematen den bitartean behin behineko neurri gisa.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31