Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk “lehiakide politikoa suntsitzeko EH Bilduren estrategia zitala” salatu du
“Ez dabiltza egiaren bila beren kontaketa inposatzen baizik, urteetan zehar gezurrez josita eraikitzen ari diren errelatoa”, adierazi du talde jeltzaleak EH Bilduk Bidegiren kereila artxibatzeko autoari helegitea iragarri ondorenEH Bilduk apelazio-helegitea iragarri du AP-1eko Arlaban-Eskoriatza tarteko lanetan dirua ustez bidegabe erabiltzeagatik eta balizko beste zenbait deliturengatik Bilduren foru gobernuak bere aldian jarri zuen kereila Azpeitiko Epaitegiak artxibatu izanaren aurka. Hori dela eta, EAJ-PNVren batzarkide-taldeak deitoragarria dela dio EH Bilduk “lehiakide politikoa suntsitzeko bere estrategian” jarraitzea. “Ez dabiltza egiaren bila beren kontaketa inposatzen baizik, urteetan zehar gezurrez josita eraikitzen ari diren errelatoa”, azpimarratu du.
Maria Eugenia Arrizabalaga bozeramaile jeltzaleak esan duenez, “EH Bildu bere kontaketa elikatzen ari da orain ere, 212an kontatzen hasi zen kontu hura –«non da diru hori», Martin Garitano eta Larraitz Ugarteren prentsaurreko batekoa– eta osagai gehiagorekin eutsi eta gizendu zuena astea joan eta astea etorri jendaurreko adierazpenak eginez, azkenean bi kereila aurkeztu arte, bigarrena 2015eko foru hauteskundeak gainean zirela, eta zortzi urte luzeren buruan epaileak oraingoz amaitutzat eman ostean, EH Bilduk errekurritu artxibatzea”.
Ebazpena ez dela behin betikoa jakinik eta, hortaz, helegitea jar daitekeela, “eztabaida juridikoez haratago”, EAJ-PNVren batzarkide-taldeak balorazio politikoa egin nahi du “EH Bilduk darabilen estrategia zitalaz, hau da, kereilak eta auzi-salaketak behin eta berriz erabiltzen baititu EH Bilduk herritarren aurrean gaizki gerarazteko berak etsai politikotzatjotzen duena, Eusko Alderdi Jeltzalea, alegia.”
“Horren adibide argia” «Bidegi auzia» dela esanik, jeltzaleek erantsi dute “EH Bilduk berdin jokatu duela, zuzenean edo zeharka, elkarte eta plataformen bitartez, Aralarko pistekin, Zubietako balorizazio gunearekin nahiz Gipuzkoako eta Euskadi guztiko beste hainbat gai eta auzirekin”.
Horiek horrela, EAJk azpimarratu du, “errekurritutako autoa, behin betikoa ez den arren, ezin argiagoa da zera dioenean: «Kereilan jasotako egitateak egiaztatu ez direnez –ezta zantzu mailan ere–, alderantziz baizik, kereilari eusten dion txostena okerrez beteta zegoela egiaztatu denez eta neurrigabea iritzi zaionez peritu-txosten berri bat egiteari, horren diru-kostua kontuan edukita, auzibideko jarduera artxibatu beharra dago behin behingoz».”
“Orain EH Bilduk peritu-txosten “inpartzial” bat eskatzen du berriro nahiz eta epaileak bidegabea iritzi garestia delako eta ez delako beharrezkoa. EH Bilduk nahi luke peritu-txosten horrek zerutik jaitsitako egia balitz bezala aurkeztu zituenei arrazoi emango balie eta, autoaren arabera, txostenak landu zituzten egileek beraiek balio gabe utziak”, ohartarazi du Maria Eugenia Arrizabalagak.
Gertaera hauek ikusirik, EAJ-k tamalgarria jotzen du “zortzi urte eta gero, eta legealdi berriaren hasieran, Garitano eta Ugarteren ondoren hirugarrena, hain zuzen, EH Bilduk lehiakide politikoa suntsitzeko estrategia gaizto berarekin tematuta jarraitzea. Ez dabiltza egiaren bila, beren kontaketa inposatu nahirik baizik, urtetan zehar kontatu ezin ahala gezurrez osatutako errelatoa”, adierazi du bozeramaile jeltzaleak.
Amaitzeko, EAJ-PNVren batzarkide-taldeak bere egin ditu Eider Mendoza diputatu nagusiaren hitzak eta “Martin Garitano bere kargua erabiliz gai honetaz zertzuk esaten ausartu zen” gogoratu du. Hortaz, “zinez paradoxikoa” dela esan du EH Bilduk Eider Mendoza diputatu nagusiari «karguari zor dion inpartzialtasuna» ez gordetzea aurpegiratzea, EH Bilduri ohartarazi diolako politikan ez dela dena baleko.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31