Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
“Ez ezkerrean ezta eskuinean ere: EAJ beti egon den tokian dago, Euskadirekin eta demokraziarekin, euskal gizartearen ondoan”
Zarautzen, aldi politiko berriari hasiera emateko EAJ-PNVk egin duen ekitaldian, Andoni Ortuzar EBBren presidenteak berretsi du jeltzaleek ez diotela babesik emango “Vox-en beharra duen PPri”, eta esan du espero duela euskal eta kataluniar botoen beharrak Sánchez animatzea, “oraingoan bai”, urratsak ematera Estatuaren ereduari dagokionez eta Euskadi eta Kataluniaren nazio izaera aitortzera“EBBk oso argi utzi zuen bere jarrera uztailaren 24an, eta hortik ez gara aterako. Orain Madrilen jende asko dago ‘kezkatuta’, EAJ lagun ezkertiarrez inguratuta dagoelako. Baina eskuineko artegira eraman nahiko gintuztenek eta alderdiaren egungo egoerarekin eta eskuin-ezker ardatz faltsu horretan dugun jarrerarekin benetan kezkatuta daudenek, jakin behar dute EAJ beti egon den lekuan dagoela: jendearen ondoan, euskal gizartearen ondoan. Eta demokraziaren ondoan. Euskadi eta demokrazia dira EAJren bi ardatzak. Errepublikan, Gerra Zibilean, Erbestean, Trantsizioan, ETAren aurkako borrokan, Euskal Nazioarentzat autogobernu gehiago eta hobea bilatzen. Beraz, ez ezkerra, ezta eskuina ere: Euskadi eta demokrazia. Autogobernua eta aurrerabidea. Hori da EAJren tokia eta hortik ez gara mugituko. Euskadi eta demokrazia. Autogobernua eta abantzamendua jendearentzat. Hori da EAJren idearioa. Izan da, da eta izango da!”.
Horixe izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak gaur Zarauzko Antonianoen kiroldegian elkartu diren 800 pertsona baino gehiagori helarazi nahi izan dien mezu nagusia, EAJ-PNVk aldi politiko berriari hasiera emateko egin ohi duen ekitaldi politikoan. Mitinean Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarraren presidenteak eta Nerea Eguren EGIkideak ere hitz egin dute. Haiekin batera bertan izan dira besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Xabier Txurruka eta Eneko Goia Zarautz eta Donostiako alkateak, Arantxa Tapia, Gotzone Sagardui, Olatz Garamendi, Bingen Zupiria, Jokin Bildarratz eta Mikel Irujo sailburuak eta EAJ-PNVko hainbat kargudun publiko eta barne-kargudun, tartean Mireia Zarate EBBren idazkaria, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentea, Unai Hualde Napar Buru Batzarraren presidentea eta Peio Etxeleku Ipar Buru Batzarraren presidentea.
“Uztailaren 24an argi baino argiago azaldu genuen gure jarrera. Argi esan genuen zer egingo ez genuen. Argi esan genuen Gobernu atzerakoi bat ez genuela babestuko,egitez edo ez-egitez”, berretsi du Ortuzarrek. “Hortik aurrera, Vox ekuaziotik kanpo zegoela sinestarazteko mugimenduak izan ziren. Ez dezagun jendearekin jolastu: Vox ez dago ekuaziotik kanpo. Vox korridorearen erdian dagoen elefante bat da, eta, nahi izan arren, ezin dute ezkutatu. Vox benetan ekuaziotik kanpo balego, PPk, Moncloara iristeko, ziurtatuta dituenak baino 37 boto gehiago beharko lituzke. Beraz, ez gaitezen saiatu EAJ erretzen foku guztiak haren eta bere bost botoen gainean jarriz. Baina, gainera, zer esan du PPk hauteskundeen aurretik eta ondoren? Zein izan da bere argumentu- eta programa-ildoa? Oso linea gogorra eraman du,oso oso gogorra, Estatu ereduaren eta Euskadiren eta Kataluniaren nazio aitorpenaren edozein aldaketaren aurka egon da. Eta, era berean, aurreko legealdian gizarte-gaietan aurrera eraman zen ildoaren kontra. Hor ez daude ez Euskadi, ezta demokrazia ere; beraz, EAJ ere ezin da egon”, adierazi du buru abertzaleak.
EAJk “autogobernuan eta gure herriaren aurrerabidean aurrera egitea ahalbidetuko duen elkarrizketa politikoko prozesu bat benetan irekitzeko” lan egingo duela adierazi du jeltzaleen buruak. “Eta horretan saiatuko gara gure energia eta gaitasun politiko guztiekin”. Ortuzarrek, era berean, gogorarazi du duela ia urtebete iragarri zuela Hauteskunde Orokorren eta Euskal Hauteskundeen artean aukera bat ireki zitekeela politikoki aurrera egiteko. “Aukera leiho hori hemen egon liteke orain. Aurreko legealdian Pedro Sánchezen Gobernuari borondate politikoa eskatu genion Euskadiren eta Estatua osatzen duten beste Nazioen aitorpen nazionalaz hitz egiteko. Borondate politiko hori ez zen gauzatu, zoritxarrez. Orain behar politikoa dago, Sánchezen beharra, ez baitu ahaztu behar hauteskundeak irabazi ez dituela, eta Moncloan jarraitzeko Euskadiren eta Kataluniaren babesa behar duela, bai eta Euskadiren eta Kataluniaren behar politikoa gure autogobernu berezian aurrera egiteko eta Nazio gisa aitortzeko ere. Elkarrekiko behar politiko hori borondate politiko bihur dezagun, beharrezko aldaketak eta politikak adosteko. PSOEk aukera historikoa du alternatiba desberdin bat eraikitzeko. Alternatiba bat demokrazian, eskubideetan eta askatasunetan sakonduko duena, Estatuan dauden errealitate nazionalen autogobernurako nahiak errespetatzen dituen lurralde-eredu batetik hasita”, azaldu du.
Amaitzeko, Ortuzarrek aitortu du jabetzen dela EAJ-PNVk egin nahi duena “lan zaila” dela, “aurrean baitugu aurreko legealdian EAJrekin hitzartu eta sinatutakoa bete gabe utzi zuena” bai eta “Madrilen azken urteotan filibusterismo politikoa egin dutenak ere”, eta “Etxebizitzaren Lege ospetsua jartzen dut adibide gisa. Denborak arrazoia eman digu. Orain Esquerrak ere legearen aurkako helegitea aurkeztuko du Konstituzionalean, baina orduan bere bazkide Bilduk manipulatu eta gezurra esan zuen gure jarrerari buruz, eta gizartearen aurrean kalte handia egin zigun oso gai delikatu batean. Horren guztiaren jakitun gara, zailtasun horien guztien jakitun. Baina merezi du prozesu horretan murgiltzea, borroka ematea eta aukera-leiho hori parez pare irekitzeko lan egitea. Euskal Nazio aitortuari autogobernu gehiago eta hobea bermatuko dion leihoa, Euskal Herriarentzat etorkizun oparoa, ongizatea eta askatasuna eraikitzeko gaitasuna euskaldunen esku jarriko duena”.
Bestalde, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak Estatuan bizi den egoera politikoaz hitz egin du, eta euskal ikuspegitik egin du. Horren harira, "estaturik gabeko nazioak erabaki librearen errespetuzko eszenatoki politiko batera iristea ahalbidetuko duten oinarri demokratikoak" ezartzearen egokitasuna azpimarratu du.
"Gure herriaren etorkizun politiko eta ekonomikoa bermatu nahi badugu, hazkunde ekonomikoan, justizia sozialean, berdintasunean, askatasunean eta elkartasunean oinarritutako gure eredu sozioekonomiko propioan sakondu nahi badugu, lurralde ereduari buruzko eztabaidan oinarri demokratikoak sartu behar ditugu, estaturik gabeko nazioek erabaki librearen errespetuzko jokaleku politikoa lor dezaten", azaldu du.
Euskadi Estatuan nola “enkajatzen” den behin eta berriz aipatzen den testuinguru honetan, burukideak azpimarratu du "ez dugula Euskadi Espainian enkajatzeko eskubidea eskatzen, herri gisa errespetatzea eta aitortzea eskatzen dugu, eta erabaki libretik eta elkarrekiko onarpenetik harreman politiko berri bat izatea".
Ekitaldia Nerea Eguren gazte zarauztarrak ireki du, eta EAJko gazteek Euskadiren alde daukaten konpromisoa azpimarratzeko erabili ditu lehen minutuak. “Batzuk diote gazteok ez dugula testigua hartu nahi; lasai bizi nahi dugula. Baina EGIko gazteok argi ditugu herritarren kezkak eta Euskadiren helburuak”, jakinarazi du lehentasun horien artean dauden euskara, giza eskubideak, erabakitzeko eskubidea, berdintasuna, justizia soziala, lanpostu duinak eta klima aldaketa aipatzeko. “Euskal gizarte osoari zuzenduta esan nahi dugu erronka guzti hauei aurre egiteko eta independentziaren alde lan egiteko prest gaudela”, ziurtatu du.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31