Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
"Euskal arrantzaleen interesak Madrilen defendatuko duen talde bakarra EAJ-PNV da"
Sektorearen jasangarritasuna bermatzeko, belaunaldi erreleboa bideratzeko eta lehiakortasuna sendotzeko aurrerapausoak jeltzaleen eskutik etorriko direla ziurtatu du Maribel VaquerokArgazkiak...
Maribel Vaquerok, Gipuzkoako EAJ-PNVko Kongresurako hautagaiak, eta Joseba Agirretxeak, arrantza gaietarako bozeramaileak, euskal arrantzaleei eta sektoreko profesionalei babes osoa eskaini diete gaur Karmengo Amaren egunean arrantzale eta saregileei egin dieten omenaldian, Donostian. “Madrilgo Euskal Taldea izan da Euskadiko arrantza sektorearen aldarrikapen eta beharrak Madrilgo gorteetara eraman dituen indar politiko bakarra eta, legealdiz legealdi, haien ardura eta interesen defentsa egin duena”. Babes horrek aurrerantzean ere irmoa eta osoa izaten jarraituko duela agindu du Vaquerok, “momentu honetan sektoreak etorkizunari begira erronka handiei egin behar baitie aurre”. Jasangarritasuna bermatzeko neurriak eta belaunaldi aldaketa bideratu behar dira eta lehiakortasunari eusteko plan eta inbertsioak ekarri behar dira, hautagaiek aldarrikatu dutenez. Horretarako, “berme eta bidelaguna Euskal Taldea izango da Madrilen, orain arte bezala, eta beste inork egin ez bezala, daukaguna defendatzen eta dagokiguna aldarrikatzen jarraitzeko”.
Hala, Donostiako portuan egindako agerraldian hautagai jeltzaleek azpimarratu dute “zeresan handia” izan dutela beti alor honetan, sektorean arazoak egon direnean ala beraien interesak jokoan egon diren aldiro, arrantzaleek EAJrengana jo dutelako. Horregatik, “euskal arrantzaleek ahotsa izaten jarrai dezaten, EAJ-PNVk presentzia sendoa eta erabakigarria behar du Madrilen”. “Bide horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere”, gehitu du Maribel Vaquerok, eta arrantza alorreko emakume langileen erretiro hobariekin lotuta, EAJren lorpenei balioa eman die Vaquerok konpromiso honen adibide gisa. Nabarmendu nahi izan duenez, “pozgarria da gaurko egunean arrantzale eta saregileei ere egiten zaien omenaldi honetan parte hartu ahal izatea eta garrantzia eman nahi diogu emakumeen portuko lanari egin zaion errekonozimendu horri, behar eta merezi duten erretiroa izango baitute saregile eta neskatilek azkenean, eta hori Euskal Taldearen lanari esker lortu da”. Halaber, Joseba Agirretxeak onartu berri den Arrantza Jasangarrirako Legean EAJ-PNVk egindako lan garrantzitsua azpimarratu du, “berebizikoa” sektorearentzat. Hain zuzen, jeltzaleek eskatutako aldaketei esker, lege hori euskal arrantzaleentzako onuragarria izatea lortu da, nabarmendu duenez: “EAJ-PNVren emendakinak ez balira onartu izan, euskal arrantza sektorea arriskuan jarriko luke lege berriak, eta hori ekidin ahal izan da Euskal Taldeak euskal arrantzaleen defentsa egin duelako”, azaldu du Agirretxeak.
Jasangarritasuna, erreleboa eta lehiakortasuna
Aurrera begira, arrantza sektorean etorkizuna bermatzeko apustu eta aldarrikapenetan sakontzen jarraitzeko konpromisoa hartu du hautagai jeltzaleak Donostian, hiru lan-ildo nagusi azpimarratuz: sektorearen jasangarritasuna bermatuko duten neurriak, belaunaldi aldaketa gauzatzea eta lehiakortasun ekonomikoa sendotuko duten inbertsioak egitea. Maribel Vaquerok agertu duenez, belaunaldi-erreleboan eta gazteentzako eta emakumeentzako enplegu aukeretan “beste urrats handi bat emateko garaia da orain”, eta, horretarako, Lanbide-heziketa duala egiteko aukera, arrantzako lanbide-tituluen esleipenak zabaltzea, praktikak arrantza-ontzietan egin ahal izatea eta erretiroaren koefiziente murriztaileen berrikuspena bultzatuko ditu talde jeltzaleak Madrilen eta familia-enpresei aholkularitza espezializatua emateko bideak landuko dituzte, akziodunen erreleboa eta enpresen jarraipena ziurtatzeko, besteak beste.
Lehiakortasun ekonomikoari eta flotari begira, arrantza kudeatzeko neurrietan lan egiten jarraituko du EAJ-PNVk, Vaquerok azaldu duenez. Hala, Estatu espainiarrari esleitutako arrantza-aukerak flotaren artean banatzea, eta, bereziki, antxoaren eta hegaluzearen kuotaren banaketa egokitu beharra aldarrikatu du Vaquerok. Horrekin batera, merkatuari begira, arrantza-ekoizleen erakundeak eta horien ekoizpen- eta merkaturatze-planak indartzeko beharra eta arrantza-sektorea dibertsifikatzen laguntzea proposatuko da, arrantza-turismoarekin, kultura-ondarearekin eta biodibertsitatea babestearekin lotutako jardueren bidez. Deskarbonizaziorako bidean, itsasontziak berritzeko arrantza-funts espezifiko bat sortzea proposatzen du EAJ-PNVk.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31