Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/07/12

Aitor Esteban: “Giza Eskubideen arloko lidergoa Madrilen EAJk eraman du eta hitz ematen dugu horrela egiten jarraituko dugula”

Euskal Taldearen bozeramaileak eta EAJ-PNVren EBBren presidente Andoni Ortuzarrek hitza hartu dute Tolosan jeltzaleek 'Uzturre' buru abertzale historikoa omentzeko egin duten ekitaldian
Aitor Esteban: “Giza Eskubideen arloko lidergoa Madrilen EAJk eraman du eta hitz ematen dugu horrela egiten jarraituko dugula”

Aitor Esteban Euskal Taldeko bozeramaile eta Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak jeltzaleen konpromisoa berretsi dute, "Madrilen Giza Eskubideen eta eskubide zibil eta demokratikoen defentsan buru izaten jarraitzeko". Tolosan egin den ekitaldian, Jesus Insausti Urkirizar omendu dute "Uzturre" ezizenez ezagutua eta, bere ibilbide politiko luzean BBB, EBB eta Sabino Arana Fundazioaren buru izan zen buruzagi nazionalista historikoa. Haren heriotzatik 30 urte bete dira gaur. Estebanek adierazi duenez, "Uzturre erreferente bat izan zen, berarengandik ikasi genuen, eta pertsonentzat eta herrientzat eskubide zibil eta demokratikoen defentsan gure bidea markatu zuen".

Bozeramaile jeltzalearekin batera, EAJren Kongresurako eta Senaturako Gipuzkoako hautagaitza izan da, Maribel Vaquero eta Luke Uribe-Etxebarria hurrenez hurren hautagaitza horien buru direla, eta Euskal Taldeak Madrilen eskubide zibil eta demokratikoen alde egindako ekimenak ekarri ditu gogora. Hala, Miguel Angel Blanco gogoratuz hasi du hitzaldia. Izan ere, 26 urte bete dira gaur ETAk hil zuela, eta "gertaera krudela" izan zela eta Blanco "Giza Eskubideen defentsaren ikurra" dela nabarmendu nahi izan du, EAJ-PNVk  betidanik eskubide horiek betidanik defendatu dituela nabarmenduz.

Ekitaldian hitza hartu duenean, Estebanek gogorarazi du EAJ-PNV izan dela mozal legea, sekretu ofizialen legea eta CNI kontrolatzen duten legeak aldatzeko ahaleginen buru. Azaldu duenez, mozal legearen erreformak "porrot egin zuen Bilduk eta ERCk `dena edo ezer ez´ planteamendua inposatu zutelako. Jarrera horrekin lortu dute PPren legeak indarrean jarraitzea". Sekretuen legeari dagokionez, bozeramaile jeltzaleak "lege frankista batekin" jarraitzen duela deitoratu du: "Inor ez da ausartzen legea aldatu behar ez dela esatera, baina beti  amaitzen du tiraderan sartuta". Gainera, Estebanek aipatu du bi lege horien aldaketa ez dela PSOEren hauteskunde programan agertzen.

Bere hitzaldia amaitzeko, Estebanek esan du EAJk "migrazio eta asilo politika europarraren alde" egiten duela. Horren harira, joan den urtean Melillan izandako gertaera tragikoak "benetako lotsagarritzat" jo ditu, eta gogora ekarri du Euskal Taldea migratzaileei asiloa eskatzeko aukera errazten saiatu zela, "teoria legean jasota dago baina eskatzeko bideak ez ditu jasotzen".

Ortuzarrek  eman dio hasiera ekitaldiari Jesus Insausti Urkirizar "Uzturre" oroituz eta egin zuen ekarpen handia hunkituta gogoratuz. "Gaur, bere heriotzaren 30. urteurrenean, omenaldia egin nahi diogu abertzale  jeltzale bati, sindikalista bati, kazetari bati, giza eskubideen sustatzaile bati... Jesusekin ikasi genuen abertzaletasunaz, duintasunaz politika egiterakoan, eraikuntza nazionala eta eraikuntza soziala uztartzean, baina, guztiaren gainetik, Uzturre beti  izan zen giza eskubideen alde egin zuen demokrata bat. Hasieratik egon zen Amnesty Internationalekin lanean, eta ziurrenik Nelson Mandelarekin harremanetan jarri zen lehen euskalduna izan zen. Berari buruz hitz egin zuen, baita "apartheid" aren aurkako borrokari buruz ere, Kanadako kongresu batean, Mandela oso ezaguna ez zenean", ziurtatu du buruzagi abertzaleak. "Pelikuletakoa bezalako bizitza izan zuen. Urteak eman zituen klandestinitatean, gero kartzelan eta lan behartuen batailoian Buitrago de Lozoyan. Ihesaldi sinesgaitza ere egin zuen. Ezin genuen erreferente hoberik aukeratu giza eskubideen arloan EAJren hauteskunde-programari buruzko komunikazio hau egiteko. Gure alderdia giza eskubideen defentsarekin lotuta egon da beti. Ez dugu inoiz zalantzarik izan, ezta unerik txarrenetan ere: ez gerran, klandestinitatean, erbestean, kartzelan edo errepresioan. Egoera horietako batean ere, oso gogorrak edo konplexuak izan arren, gure alderdia ez da milimetro bat aldendu demokraziaren defentsatik eta pertsona guztientzako giza eskubide guztien defentsatik. Euskadirentzat eta munduko gainerako herrientzat", esan du EBBren buruak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube