Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
“Hizkuntzaren aurkako erasoen aurrean, euskararen aldeko lehen defentsa lerroa izango gara Madrilen”
Autogobernuan eta adostasun handietan oinarrituta euskal erakundeek abiatutako “hizkuntza politika berritzaileak eta erreferenteak defendatzeko konpromisoa” hartu du Maribel Vaquerok, EAJ-PNVren Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuakEuskal erakundeek abian jarritako hizkuntza politiken aurka azken hilabeteotan argitara eman diren epaien aurrean, EAJ-PNVren ordezkariek berretsi dute hizkuntza eskubideak errespetatuarazteko eta euskararen erabilera indartzeko neurri berritzaileen aldeko “konpromiso irmoa”. Bertan izan dira, besteak beste, Maribel Vaquero eta Joseba Agirretxea Madrilgo Diputatuen Kongresurako hautagaiak, Senaturako hautagaia Luke Uribe-Etxebarria Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko Foru Zuzendaria, Estibalitz Alkorta Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Aitor Aldasoro GBBko burukidea eta baita hainbat alderdikide ere.
“Gure hizkuntzaren aurkako erasoen aurrean, nahiz Estatuko hizkuntza aniztasunaren errekonozimenduan atzera egin nahi duten korronte atzerakoien aurrean, euskararen aldeko lehen defentsa lerroa izango gara Madrilen”, aldarrikatu du Maribel Vaquerok, datorren uztailaren 23ko hauteskundeetarako EAJ-PNVren Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak.
Euskal taldeak hamarkadaz hamarkada “beti egin izan duen moduan”, Kongresura Euskadiren ahotsa eramango duten EAJ-PNVren ordezkariek “beren onena” emango dute euskararen aldeko politika publikoen sustapenean, “hizkuntza berdintasuna” eta euskal hiztunoi “zor zaigun errespetua lau haizetara aldarrikatuz”, euskal erakundeek euskararen biziberritzean egindako “ibilbide adostua eta erreferentea” aldeztuz eta “autogobernuak hizkuntza politikak antolatzeko ematen dizkigun eskuduntzak bere osotasunean eta % 100ean defendatuz”. Halaxe adierazi du Vaquerok eta gogor kritikatu du joan den astean, “VOXen helegite bat medio”, Espainiako Konstituzio Auzitegiak Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legearen 6.2 artikulua baliogabetzeko hartutako erabakia: "Epai hori gure autogobernuaren aurkako eraso larria da, udal-erakundeen antolaketa-autonomia urratzen duelako. Aldi berean, euskararekiko eta euskal hiztunekiko sakoneko mespretxua adierazten du”.
Halako “jarrera erasokor, atzerakoi eta uniformizatzaileen aurrean”, euskararen biziberritzean urrats berriak emateko garaian euskal erakundeak egiten ari diren “lan serioa, adostasun handietan oinarritua eta berritzailea” kontrajarri ditu Vaquerok, Errenteriako Badalab Hizkuntza Berrikuntzarako Laborategia bertatik bertara ezagutu ostean. Kongresurako zerrendaburuaren iritziz, EAJ-PNVren ardurapean dauden erakundeak “politika ausartak eta aitzindariak” ari dira abiarazten hizkuntza politikaren eremuan, akordioak landuz, gainontzeko erakundeekin eta euskararen alorreko elkarteekin elkarlanean”. Horren adibide gisa nabarmendu du Badalab, hizkuntza biziberritzeko ahalegin horretan guztian berrikuntza txertatzeko “esperimentazio gune erreferentea”, gisa honetako “bakarra Europan”.
“Ez dugu onartuko atzera pausorik”
“Ozen diogu: toki erakundeek autonomia dute, beren errealitate soziolinguistikoan oinarrituta eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatuta, beren barne funtzionamendua arautzeko. Ez dugu onartuko gure erakundeek legez araututakoaren kontrako erasorik eta hamarkada hauetan emandako urratsetan atzera pausorik”, laburbildu du Vaquerok.
EAJ-PNVren Kongresurako hautagaitzako kide Joseba Agirretxeak, berriz, euskara “gure herriaren nortasun ezaugarririk garrantzitsuena” dela azpimarratu du. “Horrekin batera, berezko hizkuntza eta ofiziala da EAEn eta Nafarroan. Horrek behartu egiten ditu erakunde eta botere publiko guztiak ofiziala den lurralde horietan bizi diren pertsonen hizkuntza eskubideak zaintzera eta haren erabilera bermatzera eta sustatzera”, gogorarazi du, eta hala izan dadin hainbat konpromiso plazaratu ditu.
Horregatik, Kongresuan egunero-egunero egindako ahaleginaren bitartez Estatutako Administrazio Orokorrak euskara eta euskal hiztunen errealitatea “aintzakotzat” hartu dezan lan egingo du EAJ-PNVk. Lehenik, eskatuz euskara presente egon dadila Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mende dauden espazio fisiko eta birtual guztietan, “euskal herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz”. Bigarrenik, Agirretxeak azaldu duenez, irmoki exijituko dute Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrean “euskararen presentziari dagokionez ezarritako betebeharrak bete daitezela, telebista-plataforma publiko zein pribatuetan”. Hirugarrenik, eskatuko dute “mantentzea eta pixkanaka areagotzea” Zinemaren Legean gaztelania ez den beste hizkuntza ofizialetako zinema-ekoizpenetarako ezarritako inbertsioa. Eta, azkenik, defendatuko dute NEXT funtsen barruan Hizkuntzaren Ekonomia Berrira bideratutako zenbatekoek “behar bezala kontuan hartu” dezatela euskara, “lagundu ahal izateko, batez ere, euskararen digitalizazioari”.
“Digitalizazioa, adimen artifizialak eta bestelako teknologia disruptiboa pertsonen arteko komunikazioa eta hartu-emana horrenbeste baldintzatzen duten garaiotan, ezinbestekoa dugu euskarak ere eremu berri horiek irabaztea eta aukera berri horiek probestea. Horregatik da hain garrantzitsua –bidezkoa, beharrezkoa eta justiziazkoa– Europatik datozen funts horiek ere euskararen mesedetan baliatu ahal izatea”, ohartarazi du Agirretxeak.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31