Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2023/07/04

EAJk eta PSE-EEk bost konpromiso dituen gobernu akordioa sinatu dute etorkizuneko belaunaldientzat Donostia hobe bat eraikitzeko

EAJren eta PSE-EEren udal taldeek legealdi honetarako gobernu akordioa sinatu dute, Eneko Goia alkatea buru izango duen koalizio gobernua bermatzen duena, eta Udalbatzan erabateko gehiengoa izango duena.
EAJk eta PSE-EEk bost konpromiso dituen gobernu akordioa sinatu dute etorkizuneko belaunaldientzat Donostia hobe bat eraikitzeko

Ituna "Donostiarrekiko konpromisoa" izeneko dokumentuan jasota dago, eta bost konpromisotan oinarritzen da. Konpromiso horien helburua da hiriko proiektu estrategikoak amaitzea eta donostiarren bizi kalitatea hobetzea, auzoak ekintza politikoaren erdigune izango diren politika batetik abiatuta. Hori guztia, “etorkizuneko donostiar belaunaldiei utziko diegun Donostia eraikitzeko” helburuarekin.

Gobernu akordioa gaur aurkeztu da Udaletxeko Pleno Aretoan, eta bertan izan dira bi udal taldeetako kide guztiak, Eneko Goia alkatea eta Marisol Garmendia PSE-EE Udal Taldeko bozeramailea buru.

Biek zehaztu dituzte legealdi honetarako sinatu dituzten bost konpromisoak. Horrela, bi indarrek lan egingo dute “donostiarrak gure ekintza politikoaren erdigunean izan daitezen”; “kalitatezko enpleguak sortzeko politikak” bultzatuko dituzte, “gizarte kohesiorako tresna gisa”; etxebizitza politika berritzaileen bidez “gaztetu den hiri batean bizi eta gozatzea” ahalbidetuko duten erabakiak hartuko dituzte; “elkarrizketatik eta herritarren konplizitatetik hiri partekatu baten alde” lan egiteko konpromisoa hartu dute; eta, azkenik, “gure hiriaren etorkizun iraunkorra eraikitzea” adostu dute.

Etxebizitza, mugikortasun jasangarria, jarduera ekonomikoa bultzatzea, ikerketa zientifikoa, hiriko proiektu estrategikoak burutzea, turismoa arautzea, gizarte politikak indartzea, hiriko kirol azpiegiturak hobetzea edo udal zerbitzuen eta baliabideen kudeaketa aurreratua dira gobernu akordioan agertzen diren konpromisoetako batzuk, eta bi indarrek legealdirako Gobernu Programan islatuko dituzte datozen hilabeteetan.

Eneko Goia Donostiako alkatea pozik agertu da lortutako akordioarekin, “udal gobernuari egonkortasuna emango diolako eta hiri honek aurrera egitea ahalbidetuko duten erabakiak bultzatzen jarraituko duelako”.

Goiak nabarmendu du azken zortzi urteetan sinatutako koalizio gobernuek “desberdinen arteko akordiotik gobernatzeko aukera eman digutelako”, eta horrek “hiria eta donostiarren bizi baldintzak hobetzea ekarri du”.

Alkate donostiarraren ustez, Donostiak “erronka garrantzitsuak, egiteke dauden zereginak eta hartu beharreko funtsezko erabakiak ditu” eta ziurtatu du gaurtik aurrera Udala eta Udal Gobernua lanean hasiko direla, “aurretik dugun lana egun batez ere ez atzeratzeko”.

Gobernu akordioak jasotzen duen bezala, Goiak adierazi du “donostiarrok hiri handi bat” jaso dugula ondare gisa. “Orain, etorkizuneko donostiarren belaunaldiei utziko diegun Donostia eraikitzea da gure konpromisoa”, amaitu du.

Bestalde, Marisol Garmendia PSE-EE Udal Taldeko bozeramaileak adierazi du “legealdi berrirako EAJrekin lortutako Gobernu akordioa akordio anitza” dela, “ezberdinen artekoa, eta Donostian egonkortasuna lortzea helburu duena”.

Garmendiak adierazi duenez, “gure hiria, donostiar guztiena, batera eraikitzeko akordioa da, donostiar bakoitza gure proiektu estrategikoa eta auzo bakoitza gure hiriaren bihotza izan dadin. Ildo horretan, gobernu hitzarmena Donostia anitzago, mundura irekiago, kohesionatuago eta inklusiboago baten alde lan egiteko konpromisoa jasotzen du. Etorkizuneko erronkei heldu behar dien hiri baten alde, entzute aktiboa, herritarren konplizitatea eta partekatutako proiektuak oinarri hartuta”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube